Expodistritok, 50eko hamarkadan Otxarkoagako auzoak izan eban sorkuntzeari buruzko erakusketea ikusgai

Bizkaie! 2012-01-31 17:36   Kulturea

Otxarkoagako Familien Alkartearen 50. urteurrena dala eta, Bilboko auzo horren iragana eta historia berreskuratu nahi dauen erakusketa hori aurkeztu dabe, ikuspegi kritikotik, 50eko hamarkadan auzoaren sorrerea eragin eban testuinguru ekonomikoa eta soziala ez ahaztuteko helburuz. Erakusketea zezeilaren 1etik 15era ikusi ahal izango da Begoñako udaltegian, eta 16tik 29ra Castañoseko udaltegian.

Expodistritok, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen aldi baterako erakusketa zikloak, zezeileko lehen hamabostaldirako egitaraua inaugurauko dau zezeilaren 1ean, Begoñako udaltegian ikusi ahal izango dan erakusketeagaz. Erakusketa horretan, 50eko hamarkadan Otxarkoagako auzo jentetsuak izan eban sorkuntzatik ibilbidea egin ahal izango da, argazkien, prentsa zatie eta garai haretako dokumentazino ofizialaren bitartez.

Otxarkoagako Familien Alkartearen 50. urteurrena dala eta, Bilboko auzo horren iragana eta historia berreskuratu nahi dauen erakusketa hori aurkeztu dabe, ikuspegi kritikotik, 50eko hamarkadan auzoaren sorrerea eragin eban testuinguru ekonomikoa eta soziala ez ahaztuteko helburuz. Erakusketea zezeilaren 1etik 15era ikusi ahal izango da Begoñako udaltegian, eta 16tik 29ra Castañoseko udaltegian.

Erakusketea, Bilboko Udal Artxiboaren fondoaren argazki dokumentazino baliotsua batzen daben 20 panelek, auzoko biztanleek lagatako materialak, garai haretako prentsa zatiak eta Etxebizitza Ministerioak, etxebizitza multzo horretarako atondutako arkitektura proiektuen dokumentazino ofizialak osotzen dabe. Azken horreek be Bilboko Udal Artxibategian jaso dira.


Testuinguru historikoa

Bilbok 290.000 biztanle zituan 1959an, eta horreen erdiak 50eko hamarkada horretan heldu ziran bertara. Persona horreetatik 125.000 inguru beste batzuen etxeetan bizi ziran, eta 40.000 inguru legez kanpo egozan eraikinetan, etxebizitza duina eskuratzea ezinezkoa jaken eta. Izan be, momentu horretan, industrializazinoak eskulana eskatzen eban, eta eskulan hori nekazaritza inguruetatik etorri zan. Milaka eta milaka izan ziran urte horreetan Bizkaira heldutako personak, etxebizitza eskari handia sortuz. Garai haretako agintari frankistak ez ziran eskari horri erantzun egokia emoteko gai izan.

Sortutako gizarte, ekonomia eta urigintza arazo larriaren aurrean, gobernu frankisteak berak, gizarte eztanda eta iraultzeari aurre egiteko konponbideak bideratu behar izan zituan. Holan, Etxebizitza Ministerioarentzat, Bilbon etxebizitza poligonoa eregiteko aukerak Begoñako lurretara bideratu ziran, lurzoru hori eguzkitsua zalako, babestuta egoalako eta Etxebarriko, Basauriko eta Galdakaoko industriguneetatik hurl egoalako.

José Luis Arreseren, Etxebizitza Ministroaren, proposamenari jarraituz Estaduko Aldizkari Ofizialean argitaratutako 1958ko irailaren 18ko Dekretuak, Bilbon 4.000 etxebizitza eregiteko proposamena jaso eban, holan etxebizitzaren arazoa konpontzeko. Era berean, 1959an onartutako Bizkaiko Gizarte Premiarako Planari buruzko Dekretuak, 5 urtetan 50.000 etxebizitza eregitea aurreikusi eban, Otxarkoagako etxebizitza multzoaz (3.672 etxebizitza) eta Uretamendiko auzoaz (400 etxebizitza) gan.


Zezeileko I. hamabostaldiko beste erakusketa batzuk

- Izenburua: Malaire. Viaje a Kinshasa, Txelu Angoitia (Argazkigintzea). Lekua: San Inazio Udaltegia (Errekondo, 2).
Egunak: zezeilaren 1etik 15era.

- Izenburua: La mirada de la inocencia, Mónica Aldana (Argazkigintzea). Lekua: Castaños Udaltegia (Castaños, 11).
Egunak: zezeilaren 1etik 15era.

- Izenburua: DISTRITO FOTO 2011 (Argazkigintzea). Lekua: Otxarkoaga Udaltegia (Pau Casals, 19). Egunak: zezeilaren 1etik 15era.

- Izenburua: Pintura de Zinbabue, Owen Maseko – (Margoa). Lekua: Abando-Barrainkua Udaltegia (Barrainkua, 5). Egunak: zezeilaren 1etik 15era.

- Izenburua: Euskal Akuarelarien Elkartea (Margoa). Lekua: San Frantzisko Udaltegia (Mariaren Bihotzaren Plaza). Egunak: zezeilaren 1etik 15era.


Expodistrito Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizetea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, baita ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be. Erakusketa bakotxaren egun zehatzak udaltegietan, udalaren webgunean (www.bilbao.net) eta 010 telefono zenbakian konsultau daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu