Iñigito: 'Itsasoa inspirazino iturri da niretzako'

Koldo Isusi Zuazo 2012-01-30 11:34   Barriketan
Txapelpunk taldeko abeslaria

Disko barriagaz azaldu jaku Txapelpunk, Etsaiak talde mitiko haretako hiru kide ohi alkartu dira Iñigito ahotsa eta taldeko arimea, Atrofi baxua, Nani gitarrajolea eta Toki bateria.

Gogotsu datoz bueltan, argitalpen mugatua dan Krem de la Krem diskoagaz. Lan honetan, Cicatriz, Eskorbuto, Zer Bizio, Kortatu, MCD... lako talde ezagunen abestien 14 bersino topauko ditu entzuleak.


1.- Etsaiak taldearen berragerpena emoten dau baina taldeak Txapelpunk izena dakar...

Beti gabiz alkarregaz, Lekeitio herri txikia da, danak ezagutzen gara eta, azkenean, Etsaiak taldeagaz ez eze, lokalean be sarri ibilten gara joten, bersinoak egiten eta holan. Orain, serioago, barriro batu gara bersinoen diskoa grabau eta zuzenekoak preparetako baina badinotsut betiko lagunak gabiz saltsan, Atrofi anaia, Toki bateria, Nani eta beste batzuk be bai, berbarako, diskoan kolaborau dabenak, Etsaiak taldeko Auo abeslaria be tartean.


2.- Txapelpunken lehenengo kontzertuan 1999an izan zan, Kababua diskotekan eta urtebete geroago lehenengo diskoa atara zenduen. Azkena 2009koa izan zan Baga Biga diskoetxeagaz ataratako ¡Vaya full!. Ordutik zertan ibili da Iñigito?

Bueno, badinotsut musikea sekula ez dodala baztertu eta kontzertuak emoten eta ibili nazela baina egia da beste saltsa batzuetan be banabilela orain. Arrantza itsasontzi bat hartu dogu hiruren artean, Atrofi anaia, neu eta beste lagun bategaz eta arrantzan be ibilten gara; musika mundua eta arrantza biak gustetan jakuz eta hor gabiz bizimodua zelan edo halan ataraten. Gogorra da baina badakizu gustoko beharrean ez dago aldatsik... Ganera, itsasoa eta musikea ondo buztartzen dirala esango neuke, itsasoa inspirazino iturri da niretzako eta sarritan itsasotik etxera bueltan zatozenean, gogoa eta aldartea zabal-zabalik daukazuzala igarten dozu eta momentu horreek oso onak izaten dira kantuak sortzeko.


3.- Zelan otu jatzue taldea barriro martxan jartea?

Urte batzuk badira musika munduan hasi ginanetik eta orain diskoan batu doguzan bersinoak eta sarri joten doguz lokalean. Momentu aproposa begitandu jaku, txikitan, gaztetan entzuten genduzan taldeei zozelan omenalditxua egiteko. Kantu horreek oso inportanteak dira guretzako, markau egin gintuen, Eskorbuto, MCD, Cicatriz eta holako talde klasikoen doinuak zein hain ezagunak ez diran taldeen doinuak be sartu doguz, danetara, 14 kantu.


4.- Krem de la Krem lan barrian kantu danak bersinoak dira. Zergaitik? Kantuak zelan aukeratu dozuez?

Atxaki askorik ez genduan behar. Esan deutsudan lez, bolada bateko kantu mitikoak dira eta guretzat sano inportanteak, gure ibilbidea zeozelan markau dabenak. Aukeraketan be ez dogu burukomin larregirik izan, taldean, bakotxak hiru bat kantu aukeratu doguz eta holan danok geratu gara gustora. Nik neuk abesti bitxi batzuk gehitu dodaz, Askatu taldearen Sucias patadas dago. Askatu neure lehenengo taldea izan zan, hamabost urtegaz edo eta kantu hau hartu dogu, ez daiten ahaztu. Ganera, Orquesta Mondragónen Caperucita feroz be hor dago. Umetan hilebete-edo etxean gaixorik egon nintzan. Amak disko hori ekarri eustan. Hainbat bidar entzun neban, eta markau egin eustan. Horrezaz gan, besteak beste, Ume gaiztuak, BAP, Etsaiak, Delirium Tremens eta Gernika aldeko Zurrupaken doinuak be sartu doguz, oso ezagunak batzuk eta ez hain ezagunak beste batzuk.


5.- Diskoa zuzenean aurkeztuko dozue, zezeilaren 3an, Arrasateko gaztetxean; martiaren 2an, Gernikako aztetxean; martiaren 27an, Madrileko Jimmy Jazzen; eta maiatzaren 25ean, Donostiako Dokan. Zelako kontzertuak izango dira? Disko barriko bersinoak ala Txapelpunken kantua zaharrak be joko dozuez?

Bai. Zuzenekoakaz hasteko gogo handiagaz gabiz. Diskoa atara aurretik emon doguzan kontzertuetara gero eta jente gehiago dator eta sano pozik gagoz. Orain, barriz, Krem de la krem disko kaleratu eta lehenengo kontzertua zezeilaren 3an, San Blas egunean emongo dogu Arrasaten eta gero etorriko dira besteak. Zuk esan dozuzan horreez gan, beste bat be badogu zerrendan, izan be, zezeilaren 10ean Lemoan joko dogu. Kontratazinoa zabalik dago eta azkenean kontzretu gehiago izango dirala pentsetan dot.

Kontzertuotan disko barriko kantuak, zaharrak, holako nahastea eskainiko dogu. Jentearen aurreran asko disfrutetan dogu eta beraz, kontzertuak indartsuak izango dira, badakizu guk dana emoten dogu taula gainean, zuzenean topera bizi dogu musikea eta esan deutsudan legez, intensidade handiko kontzertuak emongo doguz.


6.- Aurrera begira, zein da Txapelpunk taldearen asmoa?

Beti aurrera, horixe da taldearen asmoa. Musikea egiten, kontzertuak emoten asko disfrutetan dogu eta orain momentuan gauza asko pilatu jakuz. Bersinoen diskoa hor dago eta aurkezpen birea egun batzuk barru hasiko dogu baina beste proiektu bategaz be oso gustora gabiz; izan be, gure ibilbidea laburbatzeko, disko bakotxeko laupabost kantu aukeratu eta inglesez ataratea da asmoa. Nik inglesez ez dakit eta oraindino lan asko dago egiteko baina lau kantu dagoeneko grabauta dagoz eta entzun dituenak dinoe polito dagozala, ahoskeran eta lan handia egin dodala. Egia esan, hor nabil lagun bategaz itzulpenak egiten, ahoskerea lantzen eta aprobak egiten baina 20 bat kantu falta jakuz oraindino. Proiektua datorren urterako edo amaitzea espero dogu, izan be, Kaliforniako diskoetxe bat interesauta dago diskoa bertan atarateko eta gu pozik, jakina.

Horrezaz gan, geureagaz be jarraituko dogu, diskoaren aurkezpena luze joatea espero dogu, ahalik eta gehien jotea da gure asmoa. Hortik aurrera, bi edo hiru kantu barri be badaukaguz eta ahal bada, datorren urtean argitaratuko dogu kantu barriakaz osotutako diskoa.


7.- Punk musikea osasuntsu ikusten dozu?

Bai, ez dakit inoiz desagertu edo intensidadea apaldu bada baina esan leike musika estilo hori, hardcore eta holako doinu gogorrak barriro bueltan datozela, zeozelako susperraldia dagoala. Gu pozik gabiz geure estiloan eta azken boladan ikusten dan musika joera eta estiloak ugaltzea sano positiboa da oro har musikearentzat.


8.- Nondik nora dabiz Auo, Keu Agirretxea eta?

Keu aspaldi ez dot ikusi baina badakit oso gustora dabilela bere bakarkako proiektuagaz, badakizu Etsaiak taldearen kaña total horregaz zerikusirik ez dauen estiloan, esperimentazinoaren bidean. Zuzenean be joten dabil eta ganera, kitarra eskolak be emoten ditu.

Etsaiak taldeko Auok, barriz, geugaz kolaborau dau disko barrian koruak egiten Paranoia kantuan eta kontzertuotara be etorten da geugaz hiru bat kantu kantetan, horrek aparteko bizitasuna emoten deutso zuzenekoari, geure antzean Auo be total engantxauta dago musikeagaz. Horrezaz gan, eraikuntza arloan dabil beharrean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu