Lisiporen Apoxiomenos izango da 'Artelana bere testuinguruan' zikloko hurrengo protagonistea Bilboko Berreginen Museoan
2012-01-25 13:11 KultureaLisiporen Apoxiomenos eskulturea izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Berreginen Museoaren pieza garrantzitsuenak ezagutzera bideraturiko Artelana bere testuinguruan zikloaren hurrengo protagonistea eguen honetan, urtarrilaren 26an.
Lisiporen Apoxiomenos eskulturea izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Berreginen Museoaren pieza garrantzitsuenak ezagutzera bideraturiko Artelana bere testuinguruan zikloaren hurrengo protagonistea eguen honetan, urtarrilaren 26an.
Museoko arduradunek gogoratu dabenez, Artelana bere testuinguruan egitarauaren helburua berbaldien eta bisita gidatuen bitartez ikusleak artera hurreratzea da; berbaldiak eskulturen ganekoak izaten dira bisitak, barriz, aztertutako artelan horreek museoan dagozan ganerakoakaz lotzen dituenak. Kasu bakotxean museoan ikusgai dagoan pieza bat aukeratzen da eta artearen zein historiaren ikuspegietatik aztertzen da. Berbaldia dobakoa izango da, eta arratsaldeko 18:00etan eskainiko da. Eguen honetan, Berreginen Museoko Heziketa taldeak apirilaren 15era arte ikusi ahal izango dan Greziar simetria. Edertasuna biluzik erakusketearen parte dan pieza hori aztertuko dau.
Apoxiomenosek, ariketa fisikoaren ondoren azalean inkauta geratu jakon zikinkeria estrigilo bategaz kentzen ari dan atleta bat erakusten dau. Plinio Zaharrak bere Historia Naturalean aitatzen dauen eskultura hori, Sicioneko Lisipo K.a. IV. mendeko maisu handiaren artelan garrantzitsuenetakoa da. Polikleto lako bere aurreko artisten postulatuei jarraituz, Lisipok barrikuntza teknikoan oinarritu eban bere ibilbide artistikoa, eta klasizismoaren amaierearen eta garai helenistikoaren arteko zubi lana egin eban.
Lisipok, irudikatzen dituan gorputzen proportzino errealetan zein itxurazkoetan jarduten dauen simetria optikoa garatu eban. Horreen neurriak aldatuz, bere irudiei K.a. V. mendeko artistek lortu ez eben arintasun eta estilizazino sentsazinoa emotea lortu eban. Era berean, haren artelanetan espazioa ulertzeko modu barria sartu eban, eta horrek irudiaren inguruan biratzera behartzen dau ikuslea, ikuspuntu batetik baino gehiagotik aztertu ahal izateko.
Gaiei jagokenez, Lisipok, Greziako munduan gertatzen ari zan gizarte aldaketearen ezaugarri diran eremu barriak aztertu zituan. Alejandro Magnoren esanetara egin eban lanak, garai helenistikoan arau bilakatu zan nortasunaren erretratu mota sortu eban. Izan be, Mazedoniarren erregearen erretratugile lanpostu horrek ospe handia emon eutson mundu osoan, ez Greziarren garaian bakarrik, bai eta artearen historia osoan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!