Gerd Albrecht alemanak lehenengo aldiz zuzenduko dau Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
2012-01-25 12:02 MusikeaEuskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertuen programa barria hasiko dau urtarrilaren 26an, izan be, Gerd Albrecht zuzendari alemanaren gidaritzapean, bost kontzertu eskainiko ditu zezeilaren 1era bitartean. Hain zuzen be, James Dillonen White Numbers obrea estreinauko dau EOSek, bere 30. urteurrena ospatzeko antolatutako Tesela proiektuaren barruan
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertuen programa barria hasiko dau urtarrilaren 26an, izan be, Gerd Albrecht zuzendari alemanaren gidaritzapean, bost kontzertu eskainiko ditu zezeilaren 1era bitartean. Hain zuzen be, James Dillonen White Numbers obrea estreinauko dau EOSek, bere 30. urteurrena ospatzeko antolatutako Tesela proiektuaren barruan. Emonaldiak ondoko egun eta aretoetan izango dira: urtarrilaren 26an eta 30ean, Donostiako Kursaal Auditoriumean; 27an, Gasteizeko Principal Antzokian; 31n, Iruñeko Baluarten; eta zezeilaren 1ean, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Gerd Albrechtek (Essen, 1935) lehen aldiz zuzenduko dau Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, eta berak estreinautako piezea dakar: Alexander Zemlinskyren Cymbeline suitea. Obrea 1914-1915ean sortu eban, baina ez zan estreinau, I. Mundu Gudea zala eta. Handik urte askotara, 1996an, Albrechtek suite moduan aurkeztu eban Hamburgeko Orkestra Filarmonikoagaz. Suiteak Zesar enperadorearen sasoian Bretainiako errege Cymbeline eta heren alaba Imogen drama giroa azaltzen dau. Lanaren barruan, Lied des Cloten sopranoak abesteko kanta laburra dago. Petra Froesek interpretauko dau abestia.
Ibilbide profesional luzea dauka Gerd Albrechtek; Kasselgo Operako, Berlingo Deutsche Operako eta Copehnagheneko Daniar Irratiko Orkestra Sinfonikoko titularra izan da. Albrechtek egile erromantikoen errepertorio aberatsa landu dau, berbarako, Zemlinsky, Fortner, Ligeti, Penderecki eta Schnittke musikagileak. Ganera, XX. mende hasierako konpositoreak (Schoenberg, Berg, Webern edo Hindemith) aztertu ditu, eta kontzentrazino eremuetako biktima izandako musikagile ahaztuen lanak be berreskuratu ditu, besteak beste, Ullman, Klein eta Haasenak.
Albrecht umeen zein helduen musika hezkuntzearen arloan ibili da. Umeentzako hainbat liburu argitaratu ditu, eta 1989an talentu gazteen garapena sustatzeko Gazteentzako Musika Fundaziona sortu eban. Hotsaren Museoaren sortzailea da; bertan, umeek 50 musika instrumentu baino gehiagogaz esperimentateko aukera dauke, horretarako antolatutako tailerretan. Urtean 30.000 umetik gora izaten dira Hamburgeko eta Berlineko egoitzetan.
Zuzendari alemanagaz eskainiko dauen egitaraua osotzeko, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Erwin Schulhoffen 2. Sinfonia eta Beethovenen 3. Sinfonia. Heroikoa gehituko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!