'Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa' liburua aurkeztu dau Pello Esnalek
2012-01-24 14:26 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiak Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburua aurkeztu dau Donostian, Luis Villasante Euskerearen Ikergunean. Jagon bildumearen 14. zenbakia da, eta Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu dau, Pello Esnal batzordekidearen koordinazinopean.
Euskaltzaindiak Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburua aurkeztu dau Donostian, Luis Villasante Euskerearen Ikergunean. Jagon bildumearen 14. zenbakia da, eta Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu dau, Pello Esnal batzordekidearen koordinazinopean.
Aurkezpenean, Andres Urrutia euskaltzainburu eta Corpus batzordeko burua eta Pello Esnal egilea izan dira. Urrutiak oso interesgarritzat jo dau liburuaren edukia: Corpusa handitu ahala, euskeraz idazteko estrategiak gero eta beharrezkoagoak izango dira. Eta estrategiak erabili geinkez gure tradizinoa albo batera itxi barik.
2008an, Euskaltzaindiak Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa liburua plazaratu eban. Euskerearen egokitasuna lorru nahian, lan horretan testu-antolatzaileak zehaztu eta sailkatu ziran, helburu zehatz bategaz: testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa. Hain zuzen be, liburu haren harian eta haren osogarri da Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa, Esnalek berak azaldu dauenez.
Liburuak estrategiak ditu ardatz; izan be, hizkuntzearen erabileran dana ez da arau gramatikala betetea. Behin arau gramatikalak bete ezkero, hizkuntza-erabiltzaileak eremu zabala dauka aukeratzeko. Erabiltzaileak egokien eritxitako erabagiak hartuko ditu, askatasunez eta erantzukizunez jokatuz.
Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa lanean euskerearen hitz-ordena hiru elementu jorratuz lantzen da: testu-antolatzaileak, mintzagaia eta galdegaia, eta erlatibozko esaldiak. Euskerearen hitz-ordena euskerearen aztertzaile eta arautzaileen gai eta kezka nagusietako bat izan da azkenengo hamarkadetan.
Liburuaren abiapuntuan Koldo Mitxelenaren 1968ko txostena dago, Euskaltzaindiaren Arantzazuko batzarrerako egindakoa. Pello Esnalen hitzetan, liburua egiteko, gidari eta maisutzat hartu dira orain arteko hizkuntza-erabiltzaile onak eta aditu handiak, gaurkoak eta klasikoak. Beraz, idazle klasikoak berreskuratzeko aukerea be bada liburua.
Liburuak, azken batean, erabagiak hartzera bultzatu nahi du euskera-erabiltzailea. Esnalek dinoen lez, zabalik ixten dogu irakurleak berak bere bidea egin daian. Norberak topau behar dau-eta zelan egin bere bidea: zelan eskuratu apurka-apurka gaitasun komunikatiboa eta zelan erantzun ahoz nahiz idatziz euskaldunon arteko komunikazino-beharrei. Izan be, egilearen esanetan, euskal gramatikeaz, bi uste oker eta gaizto dagoz euskaldunon artean zabalduta: batetik, arautzen dauena baino gehiago arautzen dauela eta, bestetik, nahikoa dala arau gramatikalak betetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!