XXI. mendeko hezkuntzearen erronkak eta helburuak aztertu ditue Bilbon

Bizkaie! 2012-01-20 14:54

Parte-hartzaileek adierazo dabe euskal hezkuntza-sistemeak oinarrizko kultura zientifiko-teknikoaren euskarri eta transmititzaile izan behar dauela. Gure gazteentzat nahi dan hezkuntza horrek, jatorriaren sustraiak galdu barik euskal kultura plural eta global barria moldatuko dauen funtsezko tresna izan behar dau.

Sabino Arana Fundazinoak antolatutako mintegian instituzinoetako, unibersidade-esparruko eta ikastoletako eta irakaskuntzeagaz zerikusia daben zenbait alkartetako hogei bat ordezkarik XXI. mendeko hezkuntzeak aurrean dituan erronkak eta xedeak edota helmugak aztertu ditue. Era berean, mintegiko parte-hartzaileek gaiaren zenbait arlo aztertu ditue: giza garapena, zientzia eta teknologia, ebaluazinoa eta hobekuntza, kultur identidadea eta akordioa, besteak beste.

XXI. mendeko hezkuntza: erronkak eta helburuak izenburupean, ekimenean, besteak beste, honako honeek parte hartu dabe: Arantza Aurrekoetxea, eusko legebiltzarkidea; Amaia Espinosa, Bizkaiko Batzar Nagusiak; Jorge Giménez Bech, Euskal Editoreen Alkarteko presidentea; Iñaki Etxezarreta, Elkar-Ikastolak Zerbitzuak soziedadeko zuzendaria; Erramun Osa, mintegiaren koordinatzailea; Miren Abasolo, Eleizbarrutiko Ikastetxeak alkarteko zuzendaria; Jon Altuna, Mondragon Unibersidadeko erretoreordea; Abel Ariznabarreta, Euskal Herriko Ikastolen Hezkuntza zuzendaria; Ana Eizagirre, EHIGEren eta BIGEren aholkularia; Julen Elgeta, HETELeko presidentea; Josu Etxaburu, BIHE Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Publikoetako Zuzendarien Alkartekoa; Imanol Igeregi, Euskal Herriko Ikastolen Alkarteko zuzendaria; Lurdes Imaz, EHIGE gurasoen alkarteko koordinatzailea; Josu Legarreta, EAJ-PNVren Hezkuntza Batzordeko kidea; Pello Mariñelarena, NIEko (Nafarroako Ikastolen Elkartea) zuzendaria; Roberto San Salvador, Deustuko Unibersidadeko erretoreordea; eta Usoa Urbieta, EHIGEko presidentea.

Mintegi egin barri horretan parte hartu dabenek aldez aurretik galdetegi bati erantzun behar izan deutsie, bertan debatearen osogai nagusiak ebaluetan ziralarik, hau da, giza garapena, zientzia eta teknologia, ebaluazioa eta hobekuntza, kultur identitatea eta akordioa, besteak beste.

Esangura horretan, XXI. mendeko hezkuntzeak aurrean dituan erronkei jagokenez, mintegiko parte-hartzaileek erabateko adostasuna erakutsi dabe; euren esanetan, gure gazteen hezkuntzeak giza garapen orekatu bati berez datxezkion balioak eta ezagutzak bermatu behar ditu. Bestalde, parte-hartzaileek adierazo dabe euskal hezkuntza-sistemeak oinarrizko kultura zientifiko-teknikoaren euskarri eta transmititzaile izan behar dauela. Gure gazteentzat nahi dan hezkuntza horrek, jatorriaren sustraiak galdu barik euskal kultura plural eta global barria moldatuko dauen funtsezko tresna izan behar dau. Azkenik, mintegian adierazo da aitatu erronkak adostasun politiko eta sozial dinamiko eta ahalik eta zabalenaren bitartez irabazi beharko dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu