Ikastolen Lanbide Heziketarako Harrobia zentroa inaugurau dabe Bilbon

Bizkaie! 2012-01-19 16:32

Harrobia proiektua 2006an jaio zan, zazpi ikastola alkartu ziranean; honako zazpi honeek hain zuzen: Bilboko Abusu eta Urretxindorra, Santurtziko Bihotz Gaztea, Galdakaoko Eguzki Begi, Balmasedako Zubi Zaharra, Trapagarango Itxaropena eta Leioako Betiko Ikastola. Zazpien artean Harrobia Fundazinoa sortu eben, proiektuaren titularra dana.

Ikastolek Lanbide Heziketara bideratutako eraikina inaugurau dau gaur Bizkaiko uriburuan; bertan izan dira, besteak beste, Bilboko alkatea dan Iñaki Azkuna, Koldo Tellitu, Ikastolen Alkarteko Lehendakaria, Juan Carlos Gomez, Harrobia Fundazinoaren Lehendakaria eta Jonan Altube, Harrobiaren kudeatzailea.

Inaugurazino ekitaldia goizeko 11:30ean izan da Bilbo Zaharreko San Frantzisko auzoan. Eraikina modu ofizialean gaur inaugurau daben arren, ikasturte hasieratik dabiz bertan eskolak emoten. Ehun bat gaztek esku hartzen dabe Informatika eta Komunikazinoetako erdi mailako zikloa egiten eta Jarduera Fisikoko eta Kirol Jardueretako goi mailako zikloa egiten. Formazino ez-arautuari jagokonez, ikasturtean zehar aurreikusitako ikastaroetan 500 bat lagunek parte hartzea espero da. Ibar Ezkerra Lanbide Ikastolako ikasleak dira, orain arte eskolak Portugaleten emon dituenak.

Orain arte, aitatu instalazinoetan martxan dagoan jarduera bakarra da, proiektuaren titularrak aurreikusitako garapen gradualaren arabera. Laster beste 100 bat ikasle gehiago sartzea espero da, Lanbide Heziketako beste espezialidade batzuetan, heziketa-eskaintza zehatz batean kokatuta ez badagoz be, Merkataritza eta Marketing-a eta Zerbitzu Sozio-Kulturalen arloetan txertaturik egongo litzatekezanak.

Eregitako azalerea 6.400 metro koadrokoa da, baina gehienak oraindino erabili barik dagoz.

Harrobia proiektua 2006an jaio zan, zazpi ikastola alkartu ziranean; honako zazpi honeek hain zuzen: Bilboko Abusu eta Urretxindorra, Santurtziko Bihotz Gaztea, Galdakaoko Eguzki Begi, Balmasedako Zubi Zaharra, Trapagarango Itxaropena eta Leioako Betiko Ikastola. Zazpien artean Harrobia Fundazinoa sortu eben, proiektuaren titularra dana.

Bi urte arinago, 2004ko irailean hain zuzen, ikastolen kolektiboak jentaurrean adierazo eban Lanbide Heziketa arloan sartzeko asmoa, helburu bikotxagaz; alde batetik, euskerearen normalizazinoa sustatzea esparru horretan, derrigorrezko hezkuntzan eta batxilergoan ordura arte egin zan legez. Beste alde batetik, sektore horretan ikastolen eredua zabaltzea ekimen sozialaren eredu legez.

Aitaturiko zazpi ikastolek osotzen daben Harrobia Fundazinoak bere egin zituan helburu horreek eta Bizkaiko uriburuan gauzatzea erabagi eban; beraz, arlo horretan dabizan beste zazpi ikastolakaz bat egin eban.

Eraikina egiteko erabilitako inbersinoa sei miloe eurokoa izan da. Horren % 25 Bizkaiko Diputazinoak ipini dau eta ganerakoa Ikastolek hartu dabe euren gan. Bilboko Udalak, bestalde, zentroa dagoan zonaldea berreskuratzeko sustapen-politikearen barruan, eraikina egin dan orubea ipini eban. Udalak eraikinaren 500 metro koadro erabilteko eskubidea dauka, Novia Salcedo Fundazinoak okupauko dituana.

Eraikinak sei pisu daukaz, bertan dagoz ikasgelak, batzar-gelak, eremu balioanitzak eta kirol jardueretarako erabilten diran bi areto.

Zentroko titularrek eraikinari Ikastolen Lanbide Etxea izena emon deutsie, Lanbide Heziketarako Ikastolen etxea, hain zuzen be; hori dala eta arlo horretan dagozan proiektuen eskura jarten dau eraikina, euskerazko Lanbide Heziketan hain zuzen. Holan, egun Ibar Ezkerra Lanbide Ikastolak emoten ditu eskolak, nahiz eta fundazino titularraren parte ez izan. Era berean, Fundazinoa prest dago auzoaren hezkuntza-eskaintza hobetzera eta euskerea sustatzera zuzendutako ekimen sozialak bere barruan hartzeko.

Gaur egin dan ekitaldia eraikinaren atarian agintariei eta konbidatuei egindako harrereagaz hasi da.

Harrerearen ostean, bertaratuak barruko aretora sartu eta arestian aitaturiko ordezkariek berba batzuk esan ditue. Ondoren, instalazinoak bisitau ditue. Ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburua, euskaltzaletasunaren munduko erakundeetako ordezkariak eta Bilboko Udalean eta Bizkaiko Foru Aldundian ordezkariak dituen alderdi politikoetako lagunak egon dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu