Juan Antonio Frade 'Farolin' eta Mikel Bilbao 'Zarambolas' 2012ko Bilboko Aratusteetan

Bizkaie! 2012-01-19 12:01

1984ko Aratusteetan ezarri zan lehenengoz Farolin eta Zarambolasen epaiketea Bilbon, Aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zan urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz.

Bilboko Jai Batzordeak Bilboko Aratusteetako pertsonaiarik ospetsuenak aukeratu ditu, hain zuzen, K-Toño Frade (semea) eta Mikel Bilbao txistularia. Bata Farolin eta bestea Zarambolas.

Juan Antonio Frade Villar, K-Toño semea (Indautxu, 1945), Bilboko artista eta pertsonaia ospetsuen saga baten ondorengoa da. Antonio Frade beiragile eta pergaminogilearen ilobea da eta J. Antonio Frade K-Toño marrazlari, kartelgile eta kazetariaren semea. K-Toño semea marrazlari, kartelgile, karikaturista, liburuen ilustratzaile eta idazle kostunbristea da. Ohorezko Bilbotar izentau eban Bilboko alkateak 2007ko Aste Nagusian. Sucedidos botxeros y bilbaínos selebres y txirenes liburua haren lan ezagunenetarikoa da, 1993. urtetik Bilbao udaleko egunkarian argitaratutako 127 artikuluen laburpena.

Mikel Bilbao, aurtengo Zarambolas, udaleko txistulari emeritua da, izan be, Bilboko Solokoetxen jaio zanetik doinuzale amorratua da.

Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu dauen bilbotarra da -ez dau zertan Bilbon jaiotakoa izan behar, bilbotarrok nahi dogun lekuan jaioteko ahalmena daukagulako-. Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea azpimarratzen dauen pertsonaia da, Semper Plus Ultrak (Beti haratago) laburbildu leike bere ustea. Zarambolas, ostera, gibel-handi bat da, Bilboko uritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez deutsona. Ondo bizitea gustetan jakon jauntxoa, Carpe Diemek laburbiltzen dau bere bizi-lemea.

1984ko Aratusteetan ezarri zan lehenengoz Farolin eta Zarambolasen epaiketea Bilbon, Aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zan urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz. Gure uribilduan gaiari kutsu txirenea emotea erabagi zan, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hausi eta umore kutsua ezarriz, herritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agirian ixteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu