Igone García: 'Surfa nire bizitza baldintzatu dauen hobbya izan da beti'

Bizkaie! 2012-01-16 10:16   Barriketan

Surflari bizkaitarra

Zarauzko Akademian San Miguel Cracks del Surf lehiaketako partaide moduan sartu dan 10 surflarietako bat da Igone García. Antena 3 Taldeko Nitro katean eskainiko dabe, martian, ‘reality’ formatuan grabautako programa hori, talentu handiko surflariak topetea helburu dauena. Garagardao marka horrek lehiaketeagaz kolaboretan dau, izan be, kirol honegaz dauen loturea orain hamarkada bat sortu zan, San Miguel Pro Zarautz eta San Miguel Surf Team txapelketen babesle bilakatu zanean.

Barakaldon (Bizkaia) jaio zan Igone García 1978an eta ez dau inoiz txapelketa batean parte hartu. Halan da be, 15 urtegaz surfa egiten hasi zanetik, kirol hori berarentzat pasino bihurtu dala autortu dau, baina nozonoz pentsau dau ixtea be, menpekotausn handia sortzen deutsolako. Ingurukoek zaletasun hori erabat ulertzen ez badabe be, Igonek dino kontrolpean dauen olatu baten gainean egoteak sortzen deutson sentsazinoa oso atsegina egiten jakola eta estresa kentzen laguntzen deutsola.

Barakaldotar honek Aritz Aranburu eta Ibon Amatriain surflari profesionalakaz trebatzeko aukerea dauka orain, izan be, eurak dira programa honetako kirol zuzendaria eta entrenatzailea, hurranez hurran. Gainera, bederatzi lehiakide ditu proba honetan, eta batek bakarrik lortu ahal izango dau 10.000 euroko saria. Diru hori surfagaz lotutako ames bakar bat betetera bideratu beharko ditu irabazleak.

Hona hemen, Igone Garciak Bizkaie!-ri kontau deutsozanak:


1.- Surflaritzat daukazu zeure burua. Zelan hasi zan zure pasinoa?

Nahiko gazterik hasi nintzan, 15 urtegaz. Nire lagunek bestelako zaletasunak zituen; gurago eben gauetan urten. Baina niri benetan gustetan jatan kirol honetan burubelarri sartzea erabagi neban. Ordutik, ezin izan dot itxi. Momentu batzuetan ezin izan deutsat denpora asko eskaini, ikasketak kanpoan egin dodazalako, baina hobby honek beti baldintzatu dau nire bizitza.


2.- Gaur egun profesionala al zara?

Ez, niretzat oso garrantzitsua izan arren, hobbya da. Ingurumen kutsadura gaietan espezializautako zentro batean lan egiten dot.


3.- Zenbat denpora pasetan dozu surfean?

Ahal dodan guztia. Azkenean, lanean zabizanean, ezarritako ordutegiagaz eta, gatxagoa da baina, ahal dodan moduan moldatzen saiatzen naz. Esate baterako, udan, goizeko zazpietan lanean hasi aurretik hondartzara joaten saiatzen naz, edo bestela eguneko azken orduan. Baina neguan gogorragoa egiten jat.


4.- Lehentasunen zerrendan, zenbagarren postuan dago surfa?

Segurutik nire familia lehenengo postuan dago, jarraian lana eta hirugarrenik, surfa. Ondoren lagunak, izan be, egia da askotan, lagunekaz geratu baino nahiago izaten dodala surfa egin.


5.- Surfa lagunak egiteko modua be izango da, ezta?

Bai, baina nik kirola egiteko denpora gitxi daukat, eta betiko lagunek zein senideek zaletasunik ez dabenez, normalean hondartzara heldu, uretan sartu, surfeau eta alde egiten dot. Lagun gitxi egin dodaz surfaren bitartez.


6.- Zer emoten deutsu surfak?

Oso kirol erakargarria da. Natureagaz hartu-emonetan zagoz eta deskonektetan laguntzen deust. Olatu gainean nagoanean eta zeozelan olatua kontroleteak, beragaz jolastea, emoten deustan sentsazinoa oso ederra da eta estresa kentzen, arazoak ahaztuten, laguntzen deust.


7.- Non topau dozuz olatu onenak?

Seguruenik, egin dodan bidaiarik onena azkena izan da. Balin egon naz eta bertan topau dodaz surferako baldintza egokienak. Gainera, olatuakaz suberte ona izan neban, ez ziran handiegiak eta asko disfrutau neban.


8.- Zein da zure leku gustukoena surfa egiteko?

Etxetik hur oso gustora ibilten naz. Hiruzpalau hondartzatan ibilten naz gehienbat eta horri esker, primeran ezagutzen dodaz toki horreek eta olatuei etekinik handiena ataraten ikasi dot. Itsasoa oso hasarre ez badago, Sopelana eta Larrabasterra gustetan jataz; aukera ona dira baina Kantabriako Somo eta Laredoko hondartzak be nabarmenduko neukez.


9.- Surfeetan momentu txarrik bizi izan dozu inoiz?

Momentu txarren bat pasau izan dot, bai. Izan be, kirol honegaz hasi nintzanean, orain 15 urte, bakarrik joaten nintzan hondartzara askotan eta, gainera, ez egoan jente askorik uretan, eta neskak gitxiago. Holako batean kokotsean itzelezko golpea hartu neban; beste batean, sudurrean, eta sentsazino ezatseginak be sentidu izan dodaz, urak eroaten ninduanean edo taula barik gelditu nintzanean.


10.- Zelakoa da zure taula gustukoena?

5’8” neurriko taula barri bat. Niri gustetan jatazan olatuetarako, hau da, gehienez metro bateko olatuetarako, ezin hobea da.


11.- Surfa ixtea pentsau al dozu inoiz?

Bai, denpora asko kentzen deustalako, eta nire ingurukoek be ez dabelako erabat ulertzen nire zaletasuna eta pasinoa. Horrezaz gan, itsasotik urrun egon nazenetan, surfeau barik denporaldi luzeak emon dodaz eta, kosta arren, behin ohiturea galduta, surfagaz jarraitu edo ez planteau zeinke.


12.- Mutilen baldintzatan lehiatzeko aukerarik dozue neskek?

Bi zirkuitu desbardin dagozanez, maila berean lehia geinkela pentsetan dot. Egia da neska eta mutilek surfing desbardina egiten dabela. Uretan, batzuetan, komentario ezatseginen bat entzun zeinke, baina orokorrean jenteak ondo hartzen gaitu. Normalean, mutilak euren artean baino toleranteagoak dira uretan amarru itsusiren bat egin dauen neskeagaz. Batzuetan diskriminazio positibo txiki hori daukagu gure alde.


13.- Akademia honetan diskriminazino positibo hori jazo daitekeela uste dozu?

Ez jot uste holan izango danik, danok bardinak izango garelakoan nago. Norberak aztertu beharko dau zein hobekuntza egin dituan telebista saioa hasi zanetik.


14.- Zelan okurridu jatzun programan parte hartzea?

Ez dot sekula surf profesionalagaz kontakturik izan eta ez dot inongo eskolan entrenau. Bat batean, ikasteko, bainuak konpartiduteko eta surflari onenakaz surfeetako aukerea subertau jat. Eta niretzat bikaina dan ingurune barri batean ikasteko momentu onena dala begitandu jat. Persona horreekandik ikasteko aukereak erakarri ninduan gehien, izan be, nik baino askoz be maila handiagoa daukie eta alderdi guztietan gainditzen nabe.


15.- Ze esperientzia biziten zagoz lehiaketan?

Egia esan, hasieran amorrua eta hasarrea sentidu dodaz, apur bat burumakur geratu naz. Gaur Mundakara heldu garenean (grabazinoen hasierako egunean izan zan alkarrizketea) olatuak erraldoiak ziran eta ez dot sartzeko ausardiarik izan. Ibonek eta Aritzek be kanpoan geratzeko esan deustie, itsas baldintza horreek nire gaitasunen gainetik dagozalako. Baina holan hastea ez da bape ederra… Halan da be, oso positiboa izan da niretzako besteak suerfeetan ikustea, primeran surfeau dabe eta. Gainera, uretatik urtekeran oso giro atsegina ekarren, ez dago lehiakortasun sentsazinorik.


16.- Giro on hori surflarien artean ohikoa al da?

Ez, baina hala izan beharko leukela pentsetan dot. Horregaitik, uste dot programea eredugarria izan daitekela ze konturatzen zara onenen artean onenak –hemen surflari bikainak baitagoz- askotan urtetan topetan dozuzanak baino askoz be gizatiarragoak eta lagun hobeak dirala.


17.- Zein da zure asmoa programan?

Asko ikastea eta dibertidutea, ondo pasetea.


18.- Sariagaz surfaren munduan dozun amesa bete ahal izango dozu. Zein da zure helburua?

Lehiaketan sartzea zan nire amesa, eta hortik aurrera, irabaztea ez jat burutik pasau. Irabazteko subertea eukiko baneu, ikasitakoa lasai-lasai praktikan jarteko bidaia egingo neuke, surfean zentrautako bidaia erraldoia izango litzateke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu