Hiru euskal surflari, kirol honetan oinarritutako lehenengo telebista saioko partaide, Zarautzen

Bizkaie! 2012-01-09 17:39

Aritz Aranburu eta Ibon Amatriain dira kirol zuzendaria eta entrenatzailea, hurranez hurran. Danetara, Espainia osoko 10 surflari sartu dira Zarauzko Akademian.

Hiru euskal surflari parte hartzen dagoz I. San Miguel Cracks del Surf lehiaketan, kirol hau oinarritzat dauen lehenengo telebista saio globalean. Hile honetan dabiz grabetan Zarautzen ‘Reality’ formatuko programa hau, kirolari horreen talentua ezagutarazo eta euren trebezia hobetzeko helburuagaz. Aritz Aranburu eta Ibon Amatriain dira kirol zuzendaria eta entrenatzailea, hurranez hurran. Danetara, Espainia osoko 10 surflari sartu dira Zarauzko Akademian.

San Miguel Cracks del Surf programea surfari buruzko lehenengo ‘talentshow’ motako lehiaketea da, eta datorren martian ikusi ahal izango da Antena 3 Taldearen Nitro katean. Surflarien abenturea San Miguelen Facebookeko fanpage-aren bitartez be jarraitu ahal izan da. Garagardao marka horrek surfaren askatasun zein nazinoartekotasun baloreak bereganatu ditu. Kirol honegaz dauen loturea orain hamarkada bat sortu zan, San Miguel Pro Zarautz eta San Miguel Surf Team txapelketen babesle bilakatu zalako enpresa hori.

Barakaldoko Igone García, Zarauzko Mario Azurza eta Zarautzen zazpi urte daroazan Gabriel Nemes brasildarra beste zazpi surflarigaz lehiatuko dira. Irabazleak 10.000 euroko saria eskuratuko dau, eta diru horregaz surfagaz lotutako ames bat bete ahal izango dau.

1978an jaiotako bizkaitarrak adierazo dau ahal dauen denpora gehien eskaintzen deutsola kirol honi, zale amorratua baita. Halan da be, onartzen dau bere ingurukoek ez dabela erabat ulertzen pasino hori. Batez be, olatua kontrolaukeran sortarazoten deutson sentsazinoa azpimarratzen dau Igonek, oso atsegina dalako eta estresa kentzen laguntzen deustalako.

Bestetik, neskek eta mutilek surfeetako modu desbardina dabela dino. Lehiaketeari jagokonez, ‘talentshow’ honetan parte hartzen daben goi mailako surflariak zenbait kasutan uretan topau zeinkezan zaletu asko baino gizatiarragoak eta lagun hobeak dirala adierazo dau.

Mario Azurza 21 urteko zarauztarrak Marketin ikasketak surfagaz buztartzen ditu. Europako txapeldunordea izan zan 2009an Espainiako selekzinoagaz, taldeko zein bakarkako modalidadeetan. Horrezaz gan, Euskadiko zein Gipuzkoako txapelduna be izan da, besteak beste. Programa honetan parte hartzea familia txiki honen parte izateko, Aritz eta Ibonegaz egoteko eta ikasteko aukera parebakoa dala esan dau.

Gabriel Nemesek, barriz, 25 urte ditu eta taulari itsatsita bizi da hiru urte eta erdi zituanetik, aitita surfeetan erakusten hasi jakonetik, Brasilen. Surfa lehentasuna da bere bizitzan eta hobetzen eta aurrera egiten lagunduko deutson babesle bat topetea da bere amesa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu