Segundo Oar-Arteta: 'Geurea batu behar dogu inonari ezer kendu barik'

Koldo Isusi Zuazo 2012-01-09 10:50   Barriketan
Labayruko kidea

Casa y familia en Vasconia, Etniker Euskalerria Taldeek eta Labayru Ikastegiak egindako Atlas Etnografikoa lanari batu jakon zazpigarren eta oraingoz azken ekarpena da. Honezkero, honako liburukiak argitaratu dira: Etxeko elikadura (1990, berrarg. 1999), Haur jolasak (1993), Heriotza ohikuneak (1995), Jaiotzatik ezkontzara arteko ohikuneak (1998), Abeltzaintza eta artzaintza (2000) eta Herri medikuntza (2004). Ikerketa etnografiko honen aztergaia Euskal Herriko giza taldearen bizimodua da, kultura tradizionala, XX. mendean izandako aldaketak batu eta jasoten dituana. Zazpigarren alearen gorabeherak Segundo Oar-Artetak emon deuskuz.


1.- Jose Miguel Barandiaranek orain 80 bat urte sortu eta abian jarritako egitasmoaren emoitzea da zazpigarren lan hau eta Barandiaranen heriotzearen 20. urteurrena bete barri dan honetan, zazpigarren ekarpen hau oso-osoan Barandiarani dedikau deutsazue...

Bai. Badakizu berak antolatu ebana Atlas Etnografikoaren proiektua, berea izan zan asmoa eta bera bizi zala argitaratu zan lehenengo liburukia Etxeko elikadurea (1990). Bigarrena be, Haur jolasak (1993) izenekoa be berari dedikau jakon. Jose Migel Barandiaren Gasteizeko seminarioan irakasle egoala sortu eban hau plana eta azpimarratu gura neuke, berak egin zituala Ataun jaioterrian lehenengo inkestak pasa dan gizaldiko 20. hamarkadan.

Barandiaranek esaten eban lan etnografikoa egitea nahiatezkoa dala, antxinako gauzak batzea sano inportantea zala ze bestela galdu egiten dala hori guztia; ondare inmateriala da eta geure-geurea dan aurreko guztia jaso eta ezagutarazoteak dakarren plazerraz gan, Barandiaranek esaten eban jasotako ondare hori beste leku batzuetako ondareagaz konparetako be oso garrantzitsua dala.


2.- Zazpi urte joan dira aurreko lana Herri medikuntza (2004) plazaratu zenduenetik, inoizkorik urte gehien lan batetik bestera. Zergaitik?

Azalpen erraza dauka horrek. Liburuki bakotxa egiteko hiru bat urte behar izaten doguz baina kasu honetan, Casa y familia en Vasconia honetan, gai potolo eta sakon bi izan dira: etxea eta familia. Ia-ia hiru arlo izan dirala esango neuke, ze etxe tradizionala eta ha atontzen daben altzari eta tresnak be aztertu doguz. Berez liburuki bi egiteko beste informazino egoan baina Ander Manterolak, Barandiaranen lanari jarraipena emon deutson oraingo zuzendariak, pentsau eban liburuki biak bakarrean moldatzea, etxea ez bakarrik arkitektura aldetik agertzea, etxean bizi dan familiaren analisiagaz osotuz baino, izan be, ikerketa-lana ez da elementu hutsetara mugatu, bizitzaz beterikoetara baino; etxeek funtzino bat dabe eta, batez be, nekazaritza-abeltzaintza arloko bizimoduari erantzuteko egozan antolatuta lehen; gaur egun, jarduera, premina eta beharrizan barrien eraginez, etxeak be goitik behera aldatu dira.


3.- Atlas Etnografikoak Euskal Herriko giza taldeak ditu aztergai era askotako agerpenetan. Casa y familia en Vasconia liburuan be etnografia da nagusi ala azterketa arkitektonikoa be badago?

Bai, esan deutsudan lez, azterketa arkitektonikoa be badago, kapitulu bat dago osorik etxeetako ornamentazinoaren ganean baina gehiena azterketa etnografikoa da. Atlas Etnografikoak Euskal Herriko giza taldeak ditu aztergai era askotako agerpenetan; era berean, kultura tradizionala aintzat hartzen dau, XX. mendetik XXI. mendera arte erregistrau izan dan legez.


4.- Zelakoa izan da landa-lanaren eta barri-emoileen banaketea?

Landa-azterketea Euskal Herriko lurraldean egin da, Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroako Foru Erkidegoak eta Pirinio Atlantikoetako departamendu frantsesak osotutako lurraldean. Danetara, 3.099.723 biztanle batzen ditu. Landa-lana zazpi probintzietako 87 udalerritan egin da honetara banatuta: Araban 14, Bizkaian 16, Gipuzkoan 17, Nafarroan 27, Behe Nafarroan 9, Lapurdin 2 eta Zuberoan 2. Inkestatutako udalerriak hautatzeko, aztergai dan lurraldearen eskualde-aniztasuna hartu da aintzat, bai eta aztertutako guneena be (landa, uri edo kostaldeko guneak). Barri-emoileen banaketea lurraldeka ondokoa da: Arabakoak 136 , Bizkaikoak 162, Gipuzkoakoak 156, Iparraldekoak 26 eta Nafarroakoak 270.

Ikerketa lana Etniker taldeak egiten dau. Etniker Euskalerria da federazinoa eta hor tartean dagoz Nafarroa, Iparralde, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko taldeak. Gero, Labayruk inkesta danak batu eta dagoan bibliografiagaz osotu eta argazkien aukeraketea ez eze, lanaren idazketea egin dau.

Erabilitako galdera-sorta etnografikoa Barandiaranek 1974. urtean argitaratutako Guía para una encuesta etnográfica lanean dago jasota (I. eta II. kapituluak. Etxeko taldea eta Etxeko taldearen erabilerak), eta honakoei erreferentzia egiten deutsen galderei jagoke: Etxea (11tik 36ra bitarteko galderak), Altzariak (1etik 14 bitarteko galderak), Familia (105etik 121era bitarteko galderak) eta Senar-emazteen arteko hartu-emonak (122tik 133ra bitarteko galderak).


5.- Zazpigarren aleak 1.052 orrialde eta 518 irudi ditu. Zazpi probintzietako 87 herritan egin dira inkestak eta barri-emoileak, barriz, 750 izan dira. Zenbat jente ibili zarie inkestak egiten, idazketa taldean, koordinazinoan, zuzendaritzan?

Jente piloa. Zuzendaria Ander Manterola da; koordinatzaile nagusia, barriz, Gurutzi Arregi. Gero, batzorde bat dago eta normalean lurralde bakotxetik bi izaten dira. Inkesta eta inkestatzaileei jagokenez, Barandiaranek eta bere taldekideek egindakoez gan, geure inkestak be badagoz, 87 horreetatik 50 bat edo. Normalean, herri bakotxean, inkestea persona batek egiten dau, herri batzuetan bik eta hiruk be bai. Lekukoak edadekoak izaten dira, herri batzuetan 20, beste batzuetan 30. Ahal izan ezkero, inkestak euskeraz egiten doguz.


6.- Danetara, badakigu 21 kapitulu dirala baina zeintzuk dira liburura batu dozuezan edukiak?

Liburuki honek zein aurrekoek sarrera moduko kapitulua daukie. Bertan, proiektua eta lanaren metodologia azaltzen dira, eta ingurumenaren eta gizakiaren gaineko datuak, inkestak egin diran udalerrietako datu geografikoak, erabilitako zein konsultautako bibliografia eta aurkibide tematikoak eta analitikoak emoten dira.

Edukia landa-etxe tradizionalari eta ha atontzen daben altzari eta tresnei buruzko landa-azterketan eskuratutako datuetan oinarritzen da. Esanda dagoanez, azterketa etnografikoa da, eta ez arkitektonikoa, nahiz eta alderdi hori kontuan hartzen dan. Etxean bizi dan familiaren analisiagaz osotzen da.

Atariko lana egiten dauen berbaurrearen ondoren, argitalpenak 3 kapitulugaz jarraitzen dau: lurraldea jenteztatzeko modu desbardinei buruzkoa; etxeak lurragaz, klimeagaz eta jarduereagaz dauen lotureari buruzkoa; eta etxeen izenari, orientazinoari eta egoereari buruzkoa, hurranez hurran.

Hurrengo 6 kapituluak etxearen egitureari buruzkoak dira: horretako lehenengoak eskualde ugaritako etxe motak deskribiduten ditu; hurrengo hirurek, barriz, zehetasunez azaltzen ditue teilatu, oinarri, horma, ate eta leiho motak; hurrengo biak etxe barruko banaketearen ganekoak dira, jagokozan planoez lagundurik; azkenik, apaindura-elementuak aitatzen dira.

Sutondoa etxearen eta etxebizitzaren erdigune moduan, sukaldea eta argiztapen sistemak modu berezian landu dira. Tresnak, altzariak eta egongelea, gelea eta komunetako hornidurak, eta etxearen garbiketea, erropa eta baxera edo ontziteria berariaz jorratutako gaiak dira.

Kapitulu batek etxearen eraikin osogarriak (korta, oilotegi, txarritoki, laba...) eta nekazaritza-abeltzaintza jardueretarako espazioak ditu berbagai. Sutondoan egindako errituak eta etxearen sinbolo babesleak sinismenei buruzko kapitulu biren aztergai dira.

Familiaren gaia jorratzeko 5 ataletan familia deskribiduten da, XX. mendetik XXI. mendera arteko gorabeherak, ahaidetasuna, ondarea, transmisino moduak, senar-emazteen bizitza eta funtzinoak, familiaren ohorea eta ohorea defendiduteko moduak aztertu dira.


7. Erretratuei jagokenez, 518 jaso dozuez, benetako harribitxia...

Bai, duda barik, gehienak, danak ez esategaitik sekula argitara bakoak, atara kontuak... Erretratuen harian, gure sistemea da inkestak egiten dituenek jasotea barri-emoileari berari edo ingurukoei eskatuta. Horrrezaz aparte, lanaren idazketea Labayruk egiten dauen legez, inkestak egin diran herrietan jasotakoen osogarri Labayruren argazki artxiboan daukaguzanak be erabilten doguz; Felipe Manterola Fondoa da, Ander Manterolaren osabearena.

Eta beste gauzatxu bat be azpimarratu gura neuke, izan be, lekuan lekuko euskalki edo azpieuskalkietan etxearen eta familiaren inguruko makinatxu bat berba jaso doguz eta material horrek be azterlana jantzi, aberastu egin dau.


8.- Zein izango da Atlas Etnografikoaren zortzigarren aztergaia?

Badago beharra, beste zazpi bat liburu atarateko beste. Zazpigarrena amaitu eta berehala hasi gara nekazaritzearen gaia jorratzen, nekazaritzea bizimodu legez; lurren izenak, lurra lantzeko moduak, zer eraiten dan, ze ongarri erabilten dan, lur komunalak edo partikularrak diran eta, horrezaz gan, tartean izan dan tresneria guztia.


9.- Amaitzeko, besterik aitatuko zeunke?

Bai. Liburuaren atarikoan, Orhan Pamuk idazle turkiarraren esalditxu bat ipini dogu etxeari zelako garrantzia emoten deutson erakusteko eta geuk esaten doguna esaten dau Turkiari buruz. Dana dala, Gabon egun honeetan Primo Levi idazle ospetsuaren liburu bat irakurten egon naz eta zatitxu baten etxearen ganean ondokoa esaten dau: neure etxean bizi naz betidanik, neure narruaren barruan nire gorputza bizi dan legez; badakit narru batzuk dagozala nireak baino ederragoak, zabalagoak, gogorragoak eta bizitasun gehiagokoak. Baina nik ez neuke topauko natural alderatzea neureagaz ze neurea dot maite. Kontuak kontu, Barandiaranek esaten eban moduan, geurea batu behar dogu inonari ezer kendu barik eta pentsau barik geurea dala beste batzuk baino hobea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu