Bilboko Errege Opil Solidarioa 6.000 lagunentzako doban

Bizkaie! 2012-01-04 14:20

Cáritas Bizkaia, Lapiko Catering eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartearen helburu nagusia haurtzaroagazko alkartasuna da. Horregaitik, Cáritas Bizkaiaren Haurtzaro Programea babestu eta bihar, hilak 5, Plaza Barrira hurreratzeko deia egin dabe. Opila eta txokolatea banatzeko karpan egongo diran itsulapikoetan itxi ahal izango da ekarpena.

Mikel Ruizek, Cáritas Bizkaiako zuzendaria, Nekane Narbaizak, Lapiko Catering-eko gerentea, eta Boni Garcíak, Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteko presidentea, Errege Opil Solidarioa aurkeztu eben astelehenean. Ekitaldi horren antolatzaileak dira eta ondokoen laguntzinoa izan dabe berau martxan jarteko: Iruña Catering, Kaiku eta Baqué. Babesleak: Bilbao Ekintza, Euskaltel eta IberCaja. Ekitaldia bihar izango da, urtarrilak 5, Errege bezperea, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Bilboko Zazpi Kaleetan dagoan Plaza Barrian.

Errege-Opil erraldoia eguerdiko 12:00etan hasiko dira banatzen. Opil solidario honek 1.000 kilo baino gehiago eukiko dau, 60 metroko perimetroa eta 40 zentimetroko zabalerea. Opila egiteko 30 personako lan-taldea dabil, Lapiko Catering-eko langileak eta Fundación Peñascal Ostalaritza Eskolako ikasle eta gozogintzako prestakuntza arduradunak. Preparazinorako errezeta tradizionala erabili da. Ondokoak dira osogaiak: 500 kg. urin, 70 litro esne, 120 kg. azukera, 100 kg. gurin, 170 dozena arrautza, 40 litro azahar-ur, 60 kg. fruta azukreztatu eta 30 kg. almendra birrindu.

Opilari lehenengo zatia ebagiteko ekitaldian, Bizkaiko politikari eta kirolari ezagunak egongo dira, eta ondoren, doban probau ahal izango da. 6.000 errazino inguru izango dirala kalkulau dabe. Zati bakotxagaz txokolate katilukadea banatuko da, Kaiku eta Baqué enpresek emondako esne eta txokolateagaz egindakoa. Café Iruña Catering enpreseak zerbiduko dau.

Cáritas Bizkaia, Lapiko Catering eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartearen helburu nagusia haurtzaroagazko alkartasuna da. Horregaitik, Cáritas Bizkaiaren Haurtzaro Programea babestu eta bihar, hilak 5, Plaza Barrira hurreratzeko deia egin dabe. Opila eta txokolatea banatzeko karpan egongo diran itsulapikoetan itxi ahal izango da ekarpena. Batutako dirua Eskola eta Gizarte mailan laguntzeko Bizkaian dagozan 22 Proiektuetara bideratuko da. Egun, Cáritas Bizkaiaren Haurtzaro Programearen barruan dagozan proiektuak dira horreek. Proiektuon bidez adin txikikoen gaitasun personal, sozial, kognitibo eta hezkuntza eta familia mailako gaitasunak sustatu eta indartzen dira. Parte hartzen daben haur eta nerabeak 5 eta 16 urte bitartekoak dira, eta euren familiak arrisku edo desabantaila egoeran dagoz gizartean. Eskola eta Gizarte laguntzinoa emoteko Proiektu bakotxean gizarte, eskola, familia eta aisialdi arloko gaitasunak lantzen dira.

Kontuak kontu, Bilboko Errege Opila preparetako ardurea Lapiko Catering enpresearena da. Enpresa arloko proiektu hau Peñascal Fundazinoa eta Cáritas Bizkaiaren arteko batasunaren emoitzea da; ostalaritzako sektorean hogei urtetik gora daroazana bata, eta abian jarri dauen gizarte ekintzaren ondorioz gizarte-jatetxeei erantzuna emon nahi deutsena bestea. Boluetabarri eraikinean dagoan sukalde nagusitik bertatik, Lapiko Catering-ek Cáritasen jatetxe sozialetara egiten dau banaketea (egunean 400 menu baino gehiago); horrezaz gan, bestelako katering zerbitzuak eskaintzen deutsez ganerako erakundeei: coffee-break, luntxak, koktelak, herri-bazkariak, eta norbanakoentzako nahiz gizarte erakundeentzako ekitaldiak, hau da, erakunde kulturalak, erakundeak eta enpresak. Lapiko Catering-ek, gainera, bazterketa arriskuan dagozanen gizarteratze eta laneratzearen alde egiten dau.

Eleizbarrutiaren karidadezko gizarte-erakundea da Cáritas, Bizkaia mailan bazterketa arriskuan edota bazterketa egoeran dagozan personei laguntzinoa eskaintzen deutse. Horretarako, gizarte mailan esku-hartzeko arlo bat baino gehiago ditu: harrerea, erropea, familia-gizarteratzea, haurtzaroa, adinekoak, laneratzea, etxerik bakoak, adikzinoak, zerbitzu juridiko eta psikologikoa; eta baita honakoak be: nazinoarteko lankidetza programea, animazino komunitarioko departamentu nahiz zerbitzuak, sentsibilizazinoa eta komunikazinoa, boluntariotzea, ikerketea eta prestakuntzea.

Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkartea da Bilboko merkatari eta ostalariak batzen dituan alkarterik zaharrena, eta Urigune Historikoan gauzatzen dau bere egitekoa. 1969an sortu zanetik eragile garrantzitsua bilakatu da Bilboko urigune historikoko bizitza soziala dinamizetako, ekitaldi ugari sustatu eta horreetan kolaboratuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu