Koldo Almandoz: 'Euskeraz eta ingelesez argitaratzen dogu, guretzat hori da elebitasuna'
2012-01-02 11:24 BarriketanThe Balde aldizkariak hamar urte bete barri ditu, 60. zenbakia argitaratzeaz batera. Hilabete birik behin kaleratzen dabe, debalde, doban. Arkitekturea, musikea, argazkilaritzea, diseinua, literaturea... eta beste makinatxu bat gai jorratzen ditu, euskeraz eta ingelesez, Euskal Herriko zein kanpoko kolaboratzaile talde zabal batek. Koldo Almandoz agerkariko zuzendariak autortu deuskunez, ia konturatu barik ailegau dira hamargarren urteurrenera, ze arin pasau diran urteak!.
1.- Hamar urte betetea ez da gitxi gaur egun aldizkari batentzat, ezta?
Ez, ez da gitxi, kaleratzen dogun aldizkari moetea kontuan izanda, eta gaur egun bizi dogun egoereagaz. Guk argi daukagu irauten dogula, edo bizirauten dogula, zati handi baten, aldizkaria fanzine espirituagaz kaleratzen dalako. Ez dogu etekin ekonomikorik bilatzen. Gure zaletasuna da, guk betidanik egin nahi izan doguna dalako. Enpresa normal batentzat ez leuke zentzurik izango.
2.- Orain hamar urte pentsau zenduen 60 zenbakira ailegetea?
Ba, ez dot uste. Okerrena da orain dala gitxi jabetu garala daborduko hamar urte zirala. Bat-batean 60. zenbakia heldu da, eta horrek esan nahi dau hamar urte daukaguzala aldean; zenbakiak berak eroan gaitu urteurrenera. Ia konturatu barik izna da; alde batetik, ona da, arin pasau jakuzalako urteak; eta, beste alde batetik, urteak ze arin pasetan diran konturatu gara... Adinagaz lez, ia konturatu barik izan da.
3. Zelango bilakaerea izan dau aldizkariak hamar urteotan?
Estiloan aldaketak egin doguz, baina formatua bera da, papel handia, mate-satinado itxurakoa. Bidean gauza asko ikasi doguz, horrek eragin dau bilakaerea, aldaketak egin izanak. Irakurgarritasuna be hobetu dogu. The Baldek garrantzi handia emoten deutso alde grafikoari, horregaitik, joera eta momentuko estiloekaz batera aldatzen joan gara geu be, modak aldatu dira, gauza barriak probau doguz... Horrek ez dauka etenik.
Edukietan be garapena dagaoala pentsatzen dot, apurka-apurka gure lekua bilatzen joan gara. Hasieran, akaso, egunerokotasunari lotuago egozan testuak; gaur egun besteletara funtzionatzen dogu. Orain urte biko The Balde bat hartu ezkero be, artikulu interesgarriak topauko dozuz, ez dagozalako egunerokora lotura, atenporalidadearen bila ibilten garalako. Guri gustetan jakuzan gaiak jorratzen doguz, ez modan dagozan gaiak. Momentu honetan Lady Gaga modan dagoanez, guk ez dogu aldizkarian atarako, baina akaso deskubridu dogu Kanbodian 60. hamarkadan egiten zan rock´n´rolla, edo persona albinoen argazkiak egiten dituan argazkilari baten lana.
4.- Zeintzuk dira The Balderen ezaugarri nagusiak?
Edukiak nahiko bizarroak dira, ohiko aldizkarietan topetan ez diranak. Holan egin dogu hasieratik. Horrezaz gan, bai diseinu bai eduki aldetik nahiko anarkikoa da The Balde. Aldizkaria edegi, eta orrialde batetik bestera, edukia aldatzen da, diseinua... Sekula ezin da jakin zer dan hurrengo orrialdeak topauko doguna. Ez dogu nahi aldizkaria jasoten dauenak aurreritxirik izatea; eduki desbardin piloa izatea nahi dogu. Anarkia hori gure estiloa bihurtu da. Letra tipoa da orrialde guztietan mantentzen dogun gauza bakarra, ganerakoa aske da.
5.- Zelan abiatu zan aldizkaria?
The Balde sortu genduanen artean, asko Napartheid fanzinetik gentozan; komikigintzea eta mundu grafikoa gustuko genduzan, batzuk Arte Eder ikasketak egindakoak, beste batzuk Kazetaritzea... Barriro alkartu ginanean, danon gustukoa zan zeozer egin behar genduala erabagi zan. Holan abiatu ginan.
6.- Eta hasieratik euskeraz eta ingelesez argitaratzen dozue, zer dala eta?
Napartheiden hasi Fanxinoteka izeneko proiektu bat geunkan, eta mundu osoko beste fanzineekaz hartu-emonak izaten hasi ginan. Napartheid euskeraz argitaratu arren, mundu osoan zehar zabaltzen genduan; ehundaka ale banatzen genduazan gure kontaktuei esker. The Balde martxan ipinten gengozanean, proiektuak barrura begira, euskeraz modu naturalean jarduten ebenentzako izan behar ebala erabagi genduan; Euskal Herrian egindakoa, Euskal Herriari begira. Baina, horrezaz aparte, aldizkaria kanpora begira be ipini gura genduan, ez bakarrik Espainia edo Frantzia aldera; Holanda, Indonesia edo beste edozein lekutara heltzea zan gure asmoa, hango irakurleek ulertzeko moduan. Holan, hizkuntza bitan izatea pentsau genduan, euskeraz eta ingelesez; guk holan ulertzen dogu elebitasuna.
7.- Izango zenduen kritikarik, ezta?
Bai, jakina, jentea ez da sekula gustura izaten. Euskera ez dakienak ez dau ulertzen zer dala eta ez dan gaztelaniaz kaleratzen, eta euskerearen fundamentalisteak ez dabe ahitzen zergaitik ingelesez, pentsatzen dabe modernidade kutsua emon nahi deutsagula, pose antzeko bat dala. Diseinua dala eta, be izan doguz kritikak: letra txikiegia dalako, eduki batzuen tratamendua ez dabelako atsegin... Edozelan be, hamar urtean ez balitz kritikarik egongo, ez dakit, susmagarria izango litzateke, eta ez leuke zentzurik izango.
8. Zein da The Balderen irakurleen profila?
Gatxa da gure irakurleen profila deskribatzea. Beti pentsau izan dogu gure irakurleak gazteak zirala, 20-40 urte ingurukoak, eta akaso diseinu kontuetan zaletasuna eukenak, kultura eta arte arloa gogoko ebenak. Baina, ez dogu asmatu. Durangoko Azokea urtero izaten da harritzeko lekua; normalean pentsatzen genduana baino jente nagusiagoa hurreratzen jaku, interes handia duakan eta aldizkaria oso ondo ezagutzen dauana. Horrek esan nahi dau geu be zahartzen gabilzala; lehen 60 urte asko begitantzen jakun, oso urrun egoala, baina gaur egun adin hori daukanak azkenengo urteetako iraultzarik garrantzitsuenak bizi izan ditu. Jente gaztea be etorten da, 18 urte ingurukoak eta. Jente gaztearen mundua gero eta urrunago daukagu, baina interesgarria da guretzat. Sano aberasgarria da.
9.- Bertako zein kanpoko kolaboratzaileak daukaz aldizkariak, talde handia da?
The Balde aldizkari edegia da, jenteak parte hartzeko aukerea dauka. Munduko edozein lekutako edonork aldizkaria gustau, eta interesa badauka, parte hartu ahal dau. Euki doguz holango kolaborazinoak, AEBetatik, Koreatik... Geugaz harremonetan ipini ostean, euren lana bialdu izan deuskue eta guk The Balden kaleratu. Oso aberasgarria da guretzat; uste dot hori ere badala aldizkaria egiten segiduteko arrazoia. Lortu dogu gurearen antzeko proiektuek dauken joera endogamikoa apurtzea. Oraindino, guk geuk be sorpresak hartzen doguz hile bitik behin. Kolaboratzaile finkoez gan, tarteka idazten dabenak dagoz, eta zenbaki guztietan dago barriren bat.
10.- The Balde debalde da, doban, ez dau erraza emoten filosofia horri eustea...
Proeiktuaren helburua ez da ekonomikoa, guretzat arrakastea da hile bitik behin aldizkaria kalean izatea, ahal danik eta diru gitxien galduta. Publizidadea da gehienbat gure diru-sarreren oinarria. The Balde doban da, baina beti aldarrikatzen dogu ez dala 'gratis', ez da 0 euroan kalera heltzen. Guk irudimena ez dogu bakar-bakarrik aldizkarian, sorkuntzan, erabilten; gestioan be, arlo enpresarialen-edo be, irudimena behar dogu. Modu batera edo bestera eten barik gabilz baliabide bila; gorabeherak izan doguz, batzuetan hobeto, eta beste batzuetan okerrago, baina jarraitzen dogu.
Banaketeari jagokonez, aldizkari asko harpidetza bitartez bialtzen dira, posta-gastuak ordainduta. Horrezaz gan, gure proiketuaren partetzat daukaguzan lekuetara be bialtzen dogu, eta bertan eskuratu daiteke. 10.000-8.000 ale bitarteko tiradea daukagu, Durangoko Azokea gorabehera, baina hortxe gabilz.
11.- Papelean ez ezik The Balde sarean be badago.
Aldizkaria beraren filosofia sarera eroan nahi izan dogu; horregaitik, orain urte bi webgunea barriztau egin zan. Egunero sartzen doguz gurio gustau edo interesetan jakuzan kontuak. Webgunean orain arteko zenbaki guztiak dagoz irakurgai, azkenengo bere; bai pdf-an bai flashean, eta bajatzeko moduan, ganera. Halanda be, egunero barrizten doguz edukiak.
Horrezaz gan, Arteziak atalean, gure ohiko kolaboratzaileek edo beste edozeinek bere lanak erakutsi leikez, galeria antzeko bat da. Bideoak, argazkiak, testuak nahi dabena erakusteko espazioa da. Askotan pasau da edukiok hurrengo aldizkarian argitaratzea. Parte hartzeko modu bat da Arteziak. Galeria aske bat da, sortzaileen euren lanak erakusteko.
12.- Eta ze asmo daukazue aurrera begira?
Beti gabilz zeozer makinetan, beti pentsatzen, gauza barriak ikusten. Gure hurrengo pausua kanpora urtetea izango dala uste dot, gure proiektuaren antzekoekaz hartu-emonak izatea: hemen egiten dana kanpoan modu potenteagoan erakusteko, eta kanpokoa hona ekarteko. Alkarlan sare bat sortu nahi dogu. Ikusiko dogu, zenbat denpora behar dogun, zelan konpontzen garen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!