'Bertso jarriak entzun gura dauzanarentzat jarriak'
2012-01-02 10:45 BertsolaritzeaZeanuriko Gabonetako Aste Kulturalean, Gabon zahar bezperan, bertsoek be euren lekua euki eben eta bertako ahapaldiak Bizkaie!-ko orrietaraino ekarrita ekin gurako neuskio urte barriari.
Lehenengo beharra: urte barri on danoi! Oraindino Erregenak geratzen jakuz, baina Gabonak be apurka-apurka aurrerantza doaz. Bada, Zeanuriko Gabonetako Aste Kulturalean, Gabon zahar bezperan, bertsoek be euren lekua euki eben eta bertako ahapaldiak Bizkaie!-ko orrietaraino ekarrita ekin gurako neuskio urte barriari. Bertso jarriak entzun gura dauzanarentzat jarriak tituluagaz herriko makinatxo bat bertsolariren bertsoak kantau ziran Zeanuriko Kultur Etxean: Eñaut Intxaurragarenak, Iñaki Iturriotzenak, Iñaki Lasarenak, Jabier Olibaresenak eta Irati Astondoarenak.
Bertso-sorta danak ez, baina batzuk egun horretarako beren-beregi egindakoak izan ziran. Bertsook egileen eta Esti eta Olatz kantarien ahotik be entzun ebezan Kultur Etxera -jentez josita egoan- bertaratu ziranek. Nik danak lortu dodaz -eskerrik asko Iñaki Iturriotzi-, baina bertso asko dira eta goitik behera dingilizka, txorizo-txortea legetxe, polito ez diranez paretan, gaur hiru sorta ipiniko dodaz. Enparadukoak 2012a akabau baino lehenago leidu ahal izango dozuez.
Bertsoak leiduten hasi baino lehenago, kontutxo bat: Erregen eguna aitatu dot artikulu hasieran eta neuk be badaukat erregalu bat zuentzat. Bizkaie!-n egin eustien alkarrizketan ze kotxe gustetan jatan kontau neutsuen eta, loteria tokau ezkero, horixe erosiko nebala. Txakur txikirik ez jat tokau, baina, herejiak egin eta gero, hortxe nago nire kotxe galantaren ondoan. Giltzak baino ez jataz falta eta hile honen 6ra orduko topauko baneukez, emongo geunke bueltatxo bat.
Hasierako agurra 
Doinua: Treneko koplak, Karidadeko benta.
Arrasti on danori 
ondo etorriak! 
idatzita dakaguz 
bertso jarriak: (bis) 
entzun gura dauazan 
horri jarriak. 
Batetik gatoz sasi- 
bertsolariak, 
eta bestetik kriston 
musikariak. (bis) 
Zorroztu zuen begi 
ta belarriak. 
Gu gaur inprobisetan 
ez gara hasiko, 
behingoagatik trankil 
gatoz ze kristo! (bis) 
papelean dagona 
kantau ta listo! 
Eskaera bat egin 
behar jatzue: 
babes apur bat emon 
behar deuskuzue, (bis) 
errepikapenetan 
lagundu eixue. 
Proba bat egin behar dot 
bai, bai parkatu: 
hurrengo bost silabak 
errepikatu, (bis) 
baina ez barrurako, 
baizik ta altu. 
Benga beste behin abots 
danak batuta 
kantatu daigun danok 
badakigu-ta, (bis) 
hobetzen joango gara 
apurka-apurka. 
Biztu nahi doguz zuen 
emozioak. 
Honetxek dira gure 
intentzioak, (bis) 
on egin daixuela 
gaurko saioak. 
Eñaut Intxaurraga
Gure burka 
Doinua: Ia guriak egin du
Sortatxo bat bertso berri 
orain nahi nituzke jarri, 
Euskal Herrian sarri 
baikabiltza elkarri 
mokoka edo muturka. 
Horixe da gure burka. 
Bakoitzak bere taldea 
handia al da aldea? 
Hartu berriz goldea, 
luberritu moldea: 
azaletik dugun forma 
ez dezagun bihur horma. 
Ez gara hain desberdinak: 
gorri, beltz edo urdinak. 
Bultzatzen gaitu minak, 
beti bestek eginak. 
Historiaren astuna, 
guztion itsutasuna. 
Indarrak dakar indarra 
eta galerak indarra. 
Mendeku deiadarra 
bideratu beharra. 
Kaltearen ordez ona, 
orduan gara persona. 
Nola enborra lorrean 
idi parea aurrean, 
garamatza lurrean 
indar batek, hurrean, 
geure ekinaren jabe 
garela ohartu gabe. 
Gizalegean harreman 
hitzak jar ditzagun deman, 
nahiz ta berotu teman, 
eskua gero eman. 
Kirolarien gisara 
dugun onena atara. 
Dolorearen dolore 
arantza puntara lore. 
Ez ote da ohore, 
briluzko ta dotore: 
barkatzea barrenean 
mina jaso dugunean? 
Nekeak dakar jarrera 
sarri onetik txarrera. 
Egizagun aurrera, 
jausi gabe lurrera. 
Hauxe da gure denbora: 
altza animoa gora! 
Iñaki Lasa
Arratiko gizona 
Doinua: Bizkaiko aberatsak
Lehenago ebilena 
Zeaniko tranbian, 
Levi's-ak jantzi eta 
noventan Audian 
Waka Waka entzunda 
Radio Marian. 
Arrotza izan zana 
Azkunan hurian 
Iphonagaz eskuan 
dabil gaur Gran Vian. 
Miss Sixty, Women' secret, 
Stradivarius: 
ehun euro gitxiago 
nobiaren erruz. 
Ariel Excel Gel-a 
Nesquik, Aquarius, 
dakianak jokatu 
dagiala zentzuz 
eta eztakiana 
dabilela kontuz. 
Lehen Benidormeko 
beroagaz ito, 
orain gurago ditu 
Praga ta Egipto. 
Goizez Kaiku esnea 
ácido oleico, 
gauberako koltxoia 
viscoelástico, 
nahiz ta ehun urtera arte 
ez garen biziko. 
Venus Williams eta 
Valentino Rossi, 
Visca Barcelona ta 
gora Leo Messi. 
WI-FIak NET error-a 
emon arren kasi, 
Softwareak ezin dau 
driver-a ikusi: 
guztiok ezin dogu 
beti irabazi. 
GPSak esanda 
Urrekoatxera, 
injineru kimiko 
gustuko karrera, 
Berlingo argazkiak 
igon Facebook-era. 
Kontua holantxik da 
gitxi gorabehera: 
pausu bat aurrera ta 
hamabost atzera. 
Lau txakur txiki boltsan 
eta bi MasterCard 
Dow Jones indizeak 
eginagaitik krak. 
Mila amets buruan 
errealidade bat. 
Aldaketaren batzuk 
emon behar ontzat, 
baina hori bai botoa 
betikoarentzat. 
Iñaki Iturriotz
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

 
 
