Wikipedia entziklopedia digitalaren euskerazko edizinoak 11.000 sarrera barri ditu

Bizkaie! 2011-12-29 17:53   Euskerea berbagai

Wikipedia entziklopedia digitalaren euskerazko edizinoak 11.000 sarrera barri izango ditu gaurtik, abenduaren 29tik. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen ekimena izan da, Lur Entziklopedian oinarritu da eta Elhuyar Fundazinoak egin dau lan teknikoa.

Wikipedia entziklopedia digitalaren euskerazko edizinoak 11.000 sarrera barri izango ditu gaurtik, abenduaren 29tik. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen ekimena izan da, Lur Entziklopedian oinarritu da eta Elhuyar Fundazinoak egin dau lan teknikoa. Sareratu diran 11.000 sarrera barri horreek orain arte editau diran 100.000ei gehituko jakez. Urtebeteko ahaleginaren emoitzea izan da eta, horri esker, euskal entziklopedia digitalaren edukiak % 10 gehitu dira. Holan, dagoeneko nahi dauenak erabili ahal izango ditu, doban.

Euskerearen erabilerea esparru guztietan sustatzeko, herritarrei baliabide eta tresna barriak emotea ezinbestekoa da, teknologia barrien arloan batez be, eta testuinguru horretan kokatzen da 2011. urtean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak euskerazko eduki entziklopedikoak sarean jarteko helburuagaz garatu dauen egitasmoa.

Holan, egitasmoa abian jarri aurretik egoerearen azterketa egin da. Helburua aukera guztiak aztertzea izan da, hau da, ohiko entziklopedia digitalez gan, sarean diran egitasmo zabalduenakaz eta barritzaileenakaz alkarlanerako bideak be aztertzea.

Azterketea egin ondoren, Eusko Jaurlaritzeak erabagi dau egokiena dala jaubetzan dituan jatorrizko edota egokitutako euskerazko edukiak Wikipediaren bidez sareratzea, zenbait arrazoirengaitik: urtenbide teknologiko egokia, azkarra, erabilgarria eta merkea dalako; lana egiterakoan parte-hartzea, osogarritasuna, alkarlana eta lankidetzea sustatzen diralako eta Wikipediaren aukerea eduki libreen aldeko filosofiarekin bat datorrelako, Kultura Sailak bultzatu nahi dituan lerroakaz, hain zuzen be.

Lur entziklopediak erabili dira abiapuntu moduan. Lan horreetatik 11.000 sarrera hautatu dira; kopuru horretatik 8.500 gaur egun euskerazko Wikipedian ez dagozan sarrerak dira, eta 2.500 inguru lehendik egozan baina barritu edo eguneratu egin dira. Hautatutako sarreretatik % 20 Euskal Herriko edukiei buruzkoak dira, eta % 80, barriz, eduki unibersalei lotutakoak.

Lan teknikoa Elhuyarrek egin badau be, hainbat euskal wikilari izan da lanean. Kontuan izanda oinarritzat hartu beharreko materialek 20 urte baino gehiago dituela, lantaldeak, beharrezkoa danean, hautatutako sarrerak egokitu, zuzendu eta eguneratu be egin ditu.

Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurkezpenean adierazo dauenez, teknologia barrietan euskerearen erabilerea kalean atzemoten dana baino altuagoa da, % 22 eta % 15, hurranez hurran, eta horrek adierazoten dau globalizazinoak mesede egiten deutsola euskereari, bidea emoten deuskulako euskaldunoi eremu barrietan erabilteko. Esangura horretan, Auzmendik azaldu dau hamar urte honetan bikoiztu egin dala Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskeraz nabegetan dabenen kopurua, 100.000tik 200.000ra, hain zuzen be, eta bertan ingelesez sareratzen diranakaz parekatua dago gaur egun.

Bere ustez, teknologia barriek eragin onuragarria dabe euskerearen barrindartzean; Eusko Jaurlaritza horren jakitun da eta horregaitik Informazino eta Komunikazino Teknologiei garrantzi handia emoten jake Euskerearen Aholku Batzordeagaz batera preparetan gabilzan Euskerea Sustatzeko Ekintza Plan barrian eta, esan barik doa, Hizkuntza Politikarako urteroko aurrekontuetan be bai, adierazo dau.

Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzearen nahia eduki digital horreek euskaldun guztiek erabili ahal izatea da. Ez dogu ezkutetan, ostera, gure lehentasuna ikasleak dirala. Euskal Herrian, hezkuntza-maila guztietako ikasleek beste hizkuntza batzuetan, batez be gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez idatzitako testuak itzultzen luze eta esfortzu handiz jardun behar izaten dabe. Euskeraz sortutako material gehiago behar doguz, gaineratu dau.

Auzmendi ziurtatu dauenez, gai gara kalidadeko euskerazko entziklopedia digital bat sortzeko. Amesten dodan entziklopedia horrek orotarikoa izan behar dau, baina euskerearen eta Euskal Herriaren gaineko sarrerek toki berezi bat izan behar dabe bertan. Umeak eta nerabeak erakarteko, irudiek eta lan grafikoek garrantzi handia izango dabe. Horixe da Eusko Jaurlaritzearen eta Wikipediaren nahia eta horretan gabilz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu