Pausu barriak eta baliabide gehiago eskatu ditu Behatokiak, euskeraz biziteko eskubidea bermatzeko

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-12-27 13:34   Euskerea berbagai

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hamar urte bete ditu, eta ohiko urteroko txostenaren ordez, hamarkada honetako azterketa berezitua plazaratu dau. Bilbon egin dabe agerraldia Behatokiko arduradunek, Paul Bilbao presidenteak eta Garbiñe Patriati idazkari nagusiak.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hamar urte bete ditu, eta ohiko urteroko txostenaren ordez, hamarkada honetako azterketa berezitua plazaratu dau. Bilbon egin dabe agerraldia Behatokiko arduradunek, Paul Bilbao presidenteak eta Garbiñe Patriati idazkari nagusiak.

Behatokiak 2001etik 2010era bitartean bideratu dituan espediente kopuruak ondorio argi bat daukala esan dau Paul Bilbaok: Pausu barriak emotea preminazkoa da euskeraz biziteko eskubidea bermatzeko. Urterik urte espedienteek gora egin dabe, joera horrek zapore gazi-gozoa ixten deutsela esan dau Bilbok. Alde batetik, Behatokia euskeraz bizi gura daben herritarren erreferente bihurtu dala erakusten dabe datuek; baina, beste alde batetik, gaur egun orain hamar urteko antzeko urraketen barri jasoten ditue, zalantzarik ez dago lan egiten segidu beharko dogula.

Euskal Herriko administrazino bakar batek ez dau, Behatokiaren arabera, hizkuntz-eskubideen bermerako pausu eraginkorrik garatu. Euskal hiztunari ukatu egiten jako berezko hizkuntzea erabiltea bere eguneroko bizitzan, adierazo dau Bilbaok. Hizkuntza-eskubideak oinarri-oinarrizko eskubideak dira, eta egunero urratzen dira, ganeratu dau.

Garbiñe Petriatik txostenaren ganeko zehaztasunak emon ditu prentsaurrekoan. Hamar urteotan Behatokiak 9.514 espediente jaso ditu; horreetatik, 8.535 kexak izan dira; 3387, zoriontzeak; 286, konsultak; eta, 97, Behatokiaren ekimenak. Administrazino publikoek eragindako kexak % 65 izan dira. Zenbaki bakotxaren atzean personak dagoz, euskeraz biziteko eskubidea ukatu deutsen personak, eta sarri umiliazino sentidu dabenak, nabarmendu dau Petriatik.

Lurraldeei jagokienez, Ipar Euskal Herrian, Frantziako estaduak herritarren eskubideak sistematikoki urratzeaz gan, hizkuntzearen transmisinoari oztopoak ipinten deutsoz, euskerearen beraren biziraupena arriskuan ipiniz, azaldu dau Behatokiko idazkari nagusiak.

Hego Euskal Herrian, Nafarroako egoerearen ganean, Nafarroako Gobernuak dagoeneko murriztailea dan legea baino hizkuntza-politika murriztaileagoa apliketan dauela esan dau, eta murrizketa antolatu eta planifikatua dala.

Euskal Autonomi Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-eskubideen bermerako mekanismoetan aldaketarik ez dauala egin aitatu dabe. Urteotako gabeziak zeintzuk diran esan arren, bardin segidu dabe. Euskerearen ofizialtasuna gauzatzeko bitarteko gehiago behar dira, Petriatiren eritxiz, papelekoa errealidadera eroateko baliabide gehiago behar doguz.

Eremu sozioekonomikoari jagokonez, Ipar Euskal Herrian, euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez dira Frantziako estaduko kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideei buruzko araubideak jasoten. Nafarroan, kontsumitzaileak babesteari buruzko legeak ez deutse inolako autortza bereziturik egiten euskaldunei. EAEn, legeak eskubideak onartu arren, Behatokiak ez dau aldaketa eraginkorrik ikusi urteotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu