Kepa Acero: 'Zeure burua bakarrik ikusten dozunean ate guztiak zabaldu beharrean zagoz'
2011-12-26 11:34 BarriketanThe Last Frontier abenturan hiruzpalau hilebete etxetik kanpora ibili ostean, Alaska eta patagoniatik bueltan atrapau dogu acerotarren artean gazteena dan surflaria, Kepa, hain zuzen be. Arpegia baltzituta, ule luzea eta oraintsura arteko bizarrari eutsi ez baina biboteagaz azaldu da jarrita geunkan hitzordura.
1.- Gure mundu zoroaren erritmora ohitu zara dagoeneko?
Egun batzuk baino ez daroadaz etxean eta egia esan oraintxe hitzordu honetara metroan nentorrela, jenteari adi egon naz eta zelako erritmo zoroan bizi garen jaubetu naz; pentsaizu leku isolatuetan ibili naz azken aldion eta horrenbeste jente batera ikusteak zeozelako ondoeza eragin deust.
2.- Ia urte osoa egin dozu etxetik kanpora; 5 olatu, 5 kontinente proiektuan munduko bost olatuen bila ibili zinan, gero Iparreko bideari ekin zeuntsan bizikletea eta surfa buztartuz eta azken hileotan, barriz, Alaska eta Patagonian ibli zara. Etxean bueltan zer sentiduten dozu? Esperientzai horreek aldatu egin zaitue persona lez?
Abentura horreetara abiatu aurreko personea aldatu egin dala sentiduten dot. Esperientzia aberasgarriak bizi izan dodaz, leku ederrak ezagutu, lagun handiak egin eta gauza asko ikasi dodaz eta persona lez orain beste bat nazela uste dot. Ganera, kontrako norabidean be, neure-neurea dana, neure etxea, neure kulturea, neure tradizinoak akaso gehiago kontuan hartzeko eta maitatzeko be balio izan deustie esperientzia horreek guztiek.
3.- Iparreko bidean, Galiziako azken muturreraino bizikletaz egindako bidaian, Iker Basterretxea eta biok egin zenduen bidea. Beste bi abentuartan, barriz, bakarrik ibili zara. Zein izan da zuretzako aberasgarriena?
Lehia kirolean, munduan zehar makinatxu bat urte egin ostean, beste esperientzia batzuk bizi gura nituan eta, esangura horretan, 5 Waves, 5 continents proiektuan bakar-bakarrik ibili nintzan munduan zehar, lurralde basati horreek esplorau eta olatu ez ezagunak deskubriduteko, jente eta kultura desbardinak eta olatu desbardinak ezagutzeko gogoa neukan eta zeozer azpimarratzekotan, akaso, Namibiako basamortuan, Afrikan topau nebanagaz geratuko nintzateke. Batez be esperientzia personala oso ederra izan zan. Leku bakartian eta olatuak hartzen sentidutako emozinoak ez dodaz sekula ahaztuko. Lehenengo esperientzia zan bakarka, konpetizinoetan beti zabilzalako jenteagaz hara eta hona eta alde horretatik, asko disfrutau neban.
Kirol mailan, Indonesian, Wan pang pointen hartutako olatua ez daukat ahaztuteko.
Gero, Last Frontier horretan be bakarrik ibili naz baina ordurako aurreko esperientzietan bizitakoakaz eta nobedadeak gitxiago izaten dira. Baian ez dot esan gura, hor disfrutau ez dodanik, kontua da ze esperientziak abentura kutsu hori zeozelan murriztu egiten dauela.
4.- Zelako esperientzia izan da Alaska eta Patagonian zeharreko Last Frontier?
Abentura zoragarria izan da. Azken aldion esplorazinoak beteten nau eta aurretiaz gauzatxu batzuk zehaztuta euki arren, gauza asko dagoz ezagutzeko eta egoera horrek erakarten nau, hor dago abenturea. Momentu gogorrak be pasau dodaz baina momentu onak izan dira gehiago.
Momentu eder horreen artean, tsunami antzeko fenomeno bat ikusi neban kotxean ninoiala; egun bi edo egin nituan olatuari adi eta azkenerako sartzea erabagi neban. Olatu baten gainean 10 bat minutu egin nituan eta kalidade handiko olatua izan ez arren, esperientzia polita izan zan.
Horrezaz gan, ugarte batera barkuan egindako bidaia be ez dot ahaztuko. Han sekula gizakirik ez dala ibili lako sentsazinoak pilatzen jatzuz.
Bestetik, natureagaz hartu-emonetan, gizakirik ez baina piztiak inguruan ikusteak sentsazino berezia eragiten deutsu, ze edozein momentutan piztien otordua izan zaitekez eta hor konturatzen zara katean zagozala eta beste animalia bat, besterik ez zarela.
Arrainak eskuakaz atrapetea eta hartzak hur-hurrean ikustea lako esperientziak be bereziak dira.
Gero, jakina, hor zehar ezagutu dodazan lagunak be ez dodaz ahaztuten, akaso, gehiago ez dodaz ikusiko baina batzuk betirako lagunak dira dagoeneko.
Olatuei jagokenez, gogoan daukadaz paraje galduetan hartutako olatuak baina onena Perun, Lobitos inguruan hartutakoa izan zan. Leku ezaguna da hori surflarien artean.
5.- Zeintzuk dira holako abenturatan bakarrik ibiltearen abantailak eta desabantailak?
Bakarrik ibilita libre zara nahi dozuna egiteko, ez deutsu inork mugarik jarten; ganera, bakar-bakarrik leku ezezagunetan zabilzanean, errazago joten dozu jentearengana, errazago sartzen zara gizartean eta lekuan lekuko tradizino, ohitura eta enparauetan. Zeure burua bakarrik ikusten dozunean ate guztiak zabaldu beharrean zagoz eta norberaren nortasuna hor agertzen da inoiz baino gehiago.
Desabantailak argi dagoz. Dana egin behar dau norberak, erabagiak be zirt edo zart hartu behar dira inogaz eztabaidatu barik eta erantzukizuna zeurea da. Arrisku eta egoera deserosoetan be bakarrik egotea ez da ederra izaten.
6.- Arrisku egoerak edo ahaztuteko moduko esperientziak be biziko zenduzan...
Bai. Arrisku egoeraren bat edo beste izan nituan, bai. Larriena, akaso, Alaskan pasau jakun, laku baten, barkuan ginoiazala, ezustean, hondoa jota geratu ginan; azpialdean egoana, barriz, ez zan harea; Nico txiletar lagunak eta biok hasieran ez genduan arriskurik ikusi, barkutik hareatzara salto egin eta oinez hasi ginan. Kontua da ze harea mobikorrak zirala eta hor pare bat ordu edo egin genduzan; esperientzia gogorra izan zan eta geure burua arriskuan ikusi genduan; Nico neu baino handiagoa eta pisutsuagoa da eta atzean geratzen joan zan geldiro-geldiro eta ni ezin nintzan geratu, hareak irunsteko arriskua handia zalako. Nico han geratzen zala betiko be pentsau neban, atara kontuak... Azkenean urten genduan handik eta sikeran esperientzia horri esker Nico eta biok lagun handiak egin ginan.
7.- Teknologiari esker, abenturak goitik behera aldatu dira...
Bai, Duda barik. Orain urte batzuk Australian, Sidney-n gengozanean, oso gatxa zan komuniketea, telefonoaren aukerea baino ez egoan eta oso karua zan. Gaur egun, barriz, Alaskan zagoz parajerik isolatuenean eta momentuan zagoz amagaz berbetan. Gauzak asko aldatu dira; komunikazinoa ez dozu galtzen baina egia da abenturak ez dirala orain urte batzuetakoak modukoak eta, jakina, abentura klasikoen esentzia eta enkantua galdu egin da. Lekutako kultura, gizarte eta jentea ezagutu arren, esperientziak gaur egun ez dira biziten lehengo intesidadeagaz, euren mundua, guretzako barria dan hori hor daukazu baina zure mundua, zure hurrekoak be hur daukazuz.
Bestetik, teknologiari esker, itsasoaren egoera zehatza ezagutzeko aukerea be daukagu eta, esangura horretan, izan leiteke surfak enkantua galdu izana, zer pasauko dan aurretiaz dakizulako. Baina, beste alde batetik, teknologiari esker izango ez balitz, ezinezkoa litzateke aitatutako olatuetako askotan surfa egin ahal izatea.
8.- Patagoniatik etorri barri, ba al daukazu beste planik pentsauta?
Bat ez, beste zortzi bat daukadaz... Oraindino goizegi da zehaztasunetarako, orain deskantsetako eta familiagaz egoteko tartea hartuko dot baina Afrikak maiteminduta nauka, lehen esan deutsut Namibiako esperientzia sekulakoa izan zala eta, beraz, gustauko litxakit Afrikara bueltetea, asko dago han esploretako.
Bakarkako abentura horreek gustetan jataz, amesa beteten nago, badakit pribilegiatua nazela eta ahal dodan bitartean holan jarraituko dot, bai. Lehia kirola bertan behera ixtea erabagi nebanean, arrisku handia hartu neban ze halakoetan leitekeana zan babesle nituan etxeek laguntzinoa kentzea baina zorionez babesleak gustora dagoz nire proiektu honeekaz eta eskertzekoa da euren konfidantza hori.
9.- Eneko eta Iker zure anaiak be surfagaz lotuta dagoz, txikitatik bizi izan dozue surfa. Anaiek zer esaten deutsue azken aldion hartu dozun esplorazino-abentura bertezi horreei buruz? Zelan hartzen dabe hurrekoek zu etxetik kanpora lau bat hilebete egotea?
Bai, Eneko lehian dabil, Iker arlo komertzialean eta ni olatu barri eta ezezagunen bila, danak surfaren munduan bueltaka. Gauza bat autortuko deutsut, paraje galdu eta isolatu horreetan nagoanean, oraintsu Patagonian egon nazenean, nire anaiak dira burura jatortazan lehenengoak, ze badakit eurak be sano disfrutauko leukiela holako lekuetan. Inbidia puntu bategaz hartzen ditue nire esperientzia horreek baina orain seme-alabakaz dabiz buru-belarri eta nahikoa abentura da hori. Abentura bat baino gehiago bizitea aldi berean gatxa da eta, ganera, seme-alaben kontu horrek joaneko txartela dauka eta ez joan-etorrikoa. Edozelan be, bihar-etzi gustauko litxakit holako saltsatan be sartzea.
Bigarren itaunari erantzunez, oraindino aguantetan nabe eta eskertzekoa da. Ondo edo hartzen dabe, holan ezagutu nabe, bizitza osoa daroat surfaren munduan, 16 urtegaz edo hasi nintzan munduan zehar bidaiak egiten horrek markau egin nau, holakoa naz eta aldatzea ez da erraza.
10.- Lau bat egun daroazuz etxean. Sartu zara uretan?
Patagoniatik bueltan, etxera heldu eta upealako ekatxa izan zan gurean, haize eta olatu erraldoiakaz eta ez naz sartu, ez eta arraroa da. Egia esan, itsasoan egunero sartzea gustetan jat, munduagaz deskonektetako modu egokia da baina egunotan familiagaz eta lagunakaz egoteko egunak be badira eta lasai nabil.
11.- Makinatxu bat material daukazu, argazkiak eta bideoak batez be. Proeikzinorik, erakusketarik edo bestelakorik egiteko asmorik badaukazu?
Bai, zeozer egun gura neuke. Hegazkinean etxerantza nentorrela, astia euki dot grabautako bideoak eta argazkiak ikusteko eta konturatu naz gauza politak dagozala dokumental bat edo egiteko. Erakusketa baterako be aukeraketa interesgarria egin daiteke... Oraingoz ez dago ezer zehatzik baina zeozer izango da segurutik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!