Diglosiaren ganeko hausnarketea, 'Bat' soziolinguistika aldizkarian

Bizkaie! 2011-12-23 15:10   Euskerea berbagai

Bat soziolinguistika aldizkariaren zenbaki barria aurkeztu dabe Soziolinguistika Klusterrak eta Euskaltzaindiak. Hainbat egilek digloasiaren ganeko hausnarketea plazaratu dabe aldizkarian

Bat soziolinguistika aldizkariaren zenbaki barria aurkeztu dabe Soziolinguistika Klusterrak eta Euskaltzaindiak. Hainbat egilek digloasiaren ganeko hausnarketea plazaratu dabe aldizkarian: alde batetik, Mikel Zalbide euskaltzainak idatzitako Diglosiaren purgatorioaz. Teoriatik tiraka txostena; eta bestetik, Paula Kasares, Iñaki Martinez de Luna, Julen Arexolaleiba, Maria-Jose Azurmendi, Xabier Isasi, Lionel Joly eta Joxe Manuel Odriozola soziolinguisten artikuluak, Zalbidek aurkeztutako gaiei erantzunez.

Zalbidek danei emon deutsez eskerrak: Niretzat pozgarria izan da zazpi kritika jaso izana. Bakotxak zinez pentsatzen dauena esan dau, eta nabarmen dago gauza batzuetan ados gagozala, eta beste gauza batzuetan ez gagozala ados, eta hori sanoa da. Gauzak argituko badoguz lehenengo zertan gagozan ados eta zertan ez jakin behar dogu, hori funtsezkoa da hurrengo pausoak emon ahal izateko.

Mikel Zalbide euskaltzainak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Belen Uranga Bat aldizkariko koordinatzaileak aurkeztu dabe aldizkaria. Urrutiak egindako lana goraipatu dau, eta bai Euskaltzaindia bera, bai eta Bat aldizkaria be, zoriondu egin ditu, abian ipinitako lankidetzeagatik. Belen Urangak Mikel Zalbidegaz egindako alkarlana erronka izan dala autortu dau. Emoitzak ikusita, poza agertu dau: Etorkizunean, behintzat Euskal Herrian, diglosiaz idatzi edota hitz egiten daenean, ezinbestekoa izango da Mikel Zalbideren lana kontuan hartzea. Mugarri bat da.

Belen Urangak aldizkariaren hitzaurrean dinoen lez, diglosia terminoaren jatorria eta ibilbidea argitu dau Zalbidek txostenean, bere jatorritik 1959ra arteko ibilbidea; Greziatik Fergusonera, ondoren, Fishman-en ekarpena parez pare ezarriz. Herrialde Katalanetatik datorren Menderatuen diglosiaren bidea ere aztertu dau bere indarguneak eta ahuleziak erakutsiz. Azkenik, Euskal Herrian izan dauen garapenari begirada oso sakona eskaini deutso, tartean, entzute handiko beste soziolinguista askoren ekarpenak be batuz.

Diglosiaren purgatorioaz. Teoriatik tiraka txostena luze eta sakona da, eta bertan galderak eta erantzunak emoten ditu Zalbidek. Aurkezpenean, labur hitz egin dau diglosiaz. Belaunaldi oso bat hazi da diglosiaren miseriaz hitz egiten, esan dau. Haren ustez, diglosiari buruz jenteak dauen ustea ez da zuzena, ez beti, eta pentsatzen dot badala sasoia honetaz hitz egiteko, batez be ondorioak oso inportanteak diralako.

Diglosia munduko ia edozein lekutan gertatzen den gauza dela esan dau, eta jarraian ezaugarriok erantsi deutsoz diglosiari: fenomeno soziala da, iraunkorra, sozio-funtzionala, eta ez da gatazka iturria, gatazka beti sortzen da diglosia ahultzen danean; diglosia galtzeak, galtzeko prozesuan gagozanean, orduan sortzen da gatazka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu