Anselmo Guinea, Goya eta Botero, 2012an Arte Ederren Museoan
2011-12-22 14:30 Kulturea2011ko behin behineko balantzea be egin dau Javier Viar zuzendariak, balorazino positiboa duda barik: Orain arte, 244.000 bisitari euki ditue, aurrikusitakoa baino gehiago. Antonio Lopezen erakusketea arrakasta handiz etorri da Bilbora eta Arte Ederren Museoko erakusketarik jentetsuena izanteko bidean da, orain arte 128.000 bisitari erakarri ditu eta.
Javier Viar Bilboko museoko zuzendariak, 2012an egongo diran erakusketen aurrerapena egin dau gaur. Krisi ekonomikoa dala eta, aurrekontua murriztu behar izan dabe eta, horren eraginez, 2011n baino erakusketa bat gitxiago egongo da. Dana dala, Viarrek ziurtatu dauenez, alderik ez da igarriko ia, ondo bete dogu datorren urteko egitaraua. Anselmo Guinea bilbotarraren monografikoa, Gerra Zibileko argazkiak, Goyaren grabaduen lau bilduma eta Fernando Botero kolonbiarraren koadroak ikusgai egongo dira Arte Ederren Museoan.
Antonio Lopezi eskainitako erakusketea amaitu eta berehala, 2012ko zezeilaren 13an, Anselmo Guinea margolari bilbotarrari eskainitako monografikoa zabalduko dau museoak BBK Fundazinoaren gunean, maiatzera arte. Guiard eta Regoyos-egaz batera, XIX. mendean euskal pinturearen eraldaketearen arduradun nagusia izan zan Guinea, gure artea lengoaia barrietara ekarri eban, azaldu dau Viarrek. Halandabe, Erroman ikasitakoa izanik, teknika klasikoak be ederto ezagutzen zituan Guineak eta, horregaitik, haren margoetan, klasikotasunaren eta joera barrien arteko nahasketea atzemoten da. Javier Viar museoko zuzendariaren ustez, justizia egingo jako bilbotarrari, sekula ez da egin erakusketa handi bat Guineari buruz eta merezidu dauena baino ezezagunagoa da. Mikel Lertxundi izango da erakusketako komisarioa eta 80 margolan baino gehiago eroango ditu Arte Ederren Museora, erdia baino gehiago aurretik erakutsi bakoak.
Guinearen erakusketearen moduan, Gerra Zibileko argazkiena be zezeilean zabalduko dabe, 32. aretoan. Robert Capa, David Seymour Chin eta Gerda Taro argazkilari ezagunek Espainiako Gerra Zibilean ataratako irudiak dira, galduta egon diranak. Mexiko Urian, maleta baten gordeta agertu ziran eta New Yorken eta Bartzelonan erakutsi eta gero, Bilbora dakarrez 2012an. Ganera, Euskal Herrian ataratako 15 argazki be sartu ditue bilduman, gerran euskal parte-hartzea gehiago nabarmendu nahi izan dogu, argazkilari horreek berton be ibili ziran, Viarren esanetan.
Bagilean, Francisco de Goya, espainiar pinturako artistarik handienetakoari eskainitako Goya, asmautako estanpak erakusketea zabalduko dau Bilboko Arte Ederren Museoak. Aragoiko margolariaren lau-grabadu serie ikusi ahal izango dira, Kapritxoak, Hondamendiak, Tauromakia eta Burugabekeriak. Goyaren grabadu bildumen artean nabarmenenak dira horreek laurak eta danak batera ikustea ez da arrunta, azpimarratu dau Javier Viarrek. Holan, lau serietako 128 grabadu egongo dira Bilbon, Goyaren grabaduen garapena ikusi ahal izango da eta baita pintorearen eboluzinoa be, izan be, Goyarentzat, grabadua lehenengo mailako teknikea zan, sarri erabilten ebana. Arte Ederren Museoan aspalditxo honetan grabadu erakusketarik egin barik egon dira eta, beraz, 2012an hutsune hori bete nahi izan dabe.
Erakusketa handiakaz amaitzeko, Fernado Botero kolonbiarraren Ospakizuna aitatu behar da, 2012aren urrian zabalduko dana. Mexikotik dator erakusketea 70 koadro eta eskultura batzuek osotua. Era berean, Jose Ramon Anda nafarraren hogeita hamar bat eskultura be egongo dira maiatzetik irailera 33. aretoan, klasikoei begiratzeaz gan, gaur eguneko artistei kasu egitea be garrantzitsua da, Andak egurragaz egiten dauen lana goi mailakoa da, aitatu dau Viarrek.
Obra gonbidatua sailean, Jenaro Perez Villaamil (Sevillako katedralaren koadro bigaz), Caspar David Friedrich, Antonio Moro eta Alonso Sanchez Coelloren erretratu bana eta Frans Francken Gaztea flandriarraren margolan bat egongo dira. Bilboko Arte Ederren Museoko 2012ko programazinoa, berbaldiakaz osotuko dabe.
2011ko behin behineko balantzea be egin dau Javier Viar zuzendariak, balorazino positiboa duda barik: Orain arte, 244.000 bisitari euki ditue, aurrikusitakoa baino gehiago. Antonio Lopezen erakusketea arrakasta handiz etorri da Bilbora eta Arte Ederren Museoko erakusketarik jentetsuena izanteko bidean da, orain arte 128.000 bisitari erakarri ditu eta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!