Jone Guenetxea: 'Hamar urtean bizirautea ez da marka makala guretzat'
2011-12-19 12:00 BarriketanAnboto astekariak hamar urte bete ditu Durangaldeko hamabi herritan astero-astero albisteak zabaltzen. Papelean ez eze, gaur egun Interneten eta sare sozialetan be topauko dogu Anbotoren barri; izan be, astekaria baino orainkaria da gaur egun Durangaldeko komunikabidea. Durango, Abadiño, Elorrio, Atxondo, Berriz, Zaldibar, Mallabia, Garai, Mañaria, Izurtza, Otxandio eta Iurretako etxe, denda eta kultur etxeetara, barikuro-barikuro, heltzen da astekaria. Jone Guenetxeak hainbat urte daroaz Anboto-n beharrean, eta hiru bat urte zuzendari. Agerkariaren ibilbideaz eta etorkizuneko erronkez egin dogu berba beragaz.
1.- Hamar urte bete ditu Anboto-k, urteurren garrantzitsua da. Zelan ospatu dozue?
Zemendiaren 9an jai antzeko bat egin genduan Plateruena kafe antzokian; gure kolaboratzaileak, alderdi politikoak, euskalgintzako jentea... eta hainbat lagun batu ginan. Familia-argazkia atara genduan, eta hori izan zan aste horretako Anboto-ren azala. Zenbaki horren tirada berezia egin zan, 18.000 ale inguru, eta Durangalde osoan zabaldu zan. Anboto harpidetza bitartez banatzen dogu, etxeetara, dendetara edo dana dalakora, baina zenbaki hori leku guzti-guztietara zabaldu genduan. Guretzat ahalegin handi-handia izan zan banaketa masiboa egitea. Harpidetza-kanpainea be egin genduan, zenbaki horregaz; harpidedun ez diranakana be ailagau zan aldizkaria, eta aprobetxau egin zan kanpainea egiteko. Daborduko badaukaguz harpidedun barriak. Gaur egun 9.000 harpidedun inguru daukaz Anboto-k.
Zenbaki berezi horregaz gan, iragarki bat grabau zan. Sare sozialetan zabaldu genduan, gure Twitterren eta Facebooken, eta webgunean bere bai. Hamaika Telebistan be emon eben. Zabalkunde polita izan dau.
2.- Zelan izan ziran Anboto-ren lehenengo pausuak?
Anboto-ren aurretik Eraz izeneko hilabetekaria egoan eskualdean, orain hamabi bat urte. Sasoi haretan gogoetea egin zan, eta dobako komunikabide bat sortzeko erabagia hartu zan, egunkari estiloa, asteroko maiztasunagaz. Holan abiatu zan Anboto. Eraz-ek zabaldu eban Anboto-ren bidea, haren lekukoa hartu eban gaur egungo astekariak.
3.- Zein asmogaz sortu zan Anboto?
Anboto-ren asmoa beti izan da, hasiera-hasieratik, euskerea bultzatzea; izan be, euskera alkarteek sortutako proiektua da. Horregaz batera, kazetaritzako edozein lan profesionalen antzera, gure helburua informatzea da, gaurkotasunezko albisteak eskaintzea. Euskeraz egindako produktu duina egitea da gure asmoa. Gaurkotasuneko edozein gai jorratzen dogu, izan kulturea, ekonomia, euskerea... edo beste edozein.
4.- Gaur egun 9.000 harpidedun daukazuez, badaukazue bateren bat Durangaldetik kanpo?
Durangaldeko 12 herritara zabaltzen da Anboto, eta badagoz harpidedun batzuk eskualdetik kanpo be, Bizkaian, gehien-gehienak. Durangaldeko jentea izaten da, beste herri batzuetara joan dana biziten. Edozeinek egin leike harpidetzea Durangaldetik kanpo, nahikoa da posta-gastuak ordaintzea.
Harpidedun izan ez arren, Durangaldeko ia herritar guztiek dauke, ganera, Anboto astekariaren barri. Igaz gure irakurleen ganeko ikerketa soziologikoa egin euskun Aztiker enpreseak. Anbotoren ezagutzea eskualdean, 15 urtetik gorako biztantaleen artean, % 94,7 da; hau da, ia dan-danek, euskaldun zein erdaldun, ezagutzen dabe agerkaria. Datu inportantea da guretzat, jentearengana ailegetan garela erakusten deuskulako. Datu oso onak izan ziran guretzat. Ganera, horrekaz datuekaz gure lana bideratu geinke, datu zehatzak, fidagarriak diralako, ez susmo hutsak.
5.- Interneten eta sare sozialetan be badago Anboto, hor ete dago etorkizuna?
Teknologia barriak gero eta inportanteagoak dira, duda barik. Orain dala sei urte sortu zan Anboto.org gunea. Azkenengo urteetan garrantzi handia hartu dau, gero eta bisita eta parte-hartze gehiago ditu. Badira urte bi webgunea elikatzeko ahalegin berezia egiten gabilzana, Anboto orainkaria be izan daiten, ez bakar-bakarik barikuetan jasoten dan astekaria. Sare sozialetan egotea oso inportantea da, eta hasi gara Twitterren eta Facebooken sartzen, hor gagoz. Bai informazinoa zabaltzeko bai jasoteko bide benetan be interesgarria dira sare sozialak, eta aprobetxau egin behar dogu.
6.- Anboto papelean argitaratzen dozue, badaukazue asmorik aurrera begira, papeletik sarera salto egiteko?
Etorkizuna Interneten dagoala dinoe, baina Anboto papelean dago, eta holan izango da momentuz behintzat. Etorkizunean zer pasau leiken ezin neike jakin, baina momentuz gure indargunea papelezko Anboto da. Webguneak gero eta bisita gehiago daukaz, egia da, baina ez daukagu papela albo batera ixteko asmorik. Hemendik urte batzutara ikusi beharko dogu irakurleek zer gura daben, zer eskatzen daben, baina ezin geinke esan zer pasauko dan etorkizunean.
7.- Zenbat lagun dabil Anboto-n beharrean, lantalde handia zarie?
Hamabi lagunek egiten dogu lan Anboto-n, erredakzinoan, administrazinoan eta publizidadean. Anboto-ren sorreran auzolanak garrantzi handia euki eban, eta gaur egun be alkarlana inportantea da guretzat. Anboto hamabi lagunek egiten dabe astero, baina kolaboratzailez eta laguntzailez osotutako talde handi bat be badaukagu. Danetariko jentea dabil Anboto-ren inguruan; alderdi politikoetako ordezkariak, irakasleak, euskalgintzako jentea, kazetariak eta abar. Gure inguruan sare handia dago, irakurleak eurak bere bai.
8.- Euskera ereduari jagokonez, gaur egun batuaz kaleratzen dozue astekaria, ezta?
Orain urte bira arte, bizkaierea eta batua, biak, erabilten ziran; atal batzuetan, bat, eta beste batzuetan, bestea. Bizkaiera berezia zan, bertakotua, eskualdeko bizkaierea. Euskerearen ereduaren ganeko hausnarketea egin zan orain urte bi, Igor Elortza gure euskera-zuzentzaileak bideratuta, eskualdeko adituekaz batera. Aldizkari berean bizkaierea eta batua erabiltea komenidu ete zan erabagi behar genduan; ordura arte, esaterako, kirol arloan batuaz lantzen zan, eta herriz herriko albisteak, ostera, bizkaieraz. Informazino guztia batuaz emoteko erabagia hartu zan, eta holantxe egiten dogu gaur egun. Dana dala, batuan onartuta dagozan bizkaierako formak erabilten ahalegintzen gara Igor eta biok; berbarako, batuaz 'nigaz' formea onartuta dago, ba, orduan hori darabilgu, ohiko 'nirekin' berbearen ordez.
9.- Aldizkaria batua hutsean kaleratzen dozuenetik, zelangoa izan da irakurleen harrerea?
Ba, harrera ona izan dau, ez dogu kritika txarrik izan, behintzat ez jaku ailegau holangorik.
10.- Hamar urteotan, zeintzuk izan dira Anboto-ren lorpenik handienak?
Hamar urtean gorabehera asko izaten da publizidade eta dirulaguntzetan, eta komunikabide bat beste barik mantenidutea ez da gauza makala. Hamar urtean bizirautea ez da marka makala. Eta gaur egun sektoreak bizi dauen egoerea kontuan izanda... Lantalde profesionala izatea, hori beste lorpen handi bat da. Horrezaz gan, 2008an, lokala aldatu genduan, eta Iurretara etorri ginan; aurrerapausu handia izan zan, baliabide teknikoak asko hobetu ziran. Edozelan be, nire eretxiz, lorpenik handiena Durangaldeko biztanleen artean leku bat egitea lortu izana da.
11.- Eta zeintzuk izan dira zailtasunik handienak?
Ekonomikoak, finanziazinoa, duda barik. Gastuak gora eta gora doaz, baina laguntzinoak behera. Publizidadeari eustea be ez da erraza gaur egun, eta batzutan aparteko lanak egin behar izaten doguz dirua atarateko. Horrek dira gure ardurarik nagusienak; ardurea beti dago hor.
12.- Aurrera begira, zeintzuk dira Anboto-ren erronka nagusiak?
Webgunea indartu gura dogu, egunero elikatu; eta astekaria barriztu, eguneratu, ezin gara geldi geratu, diseinuak aldatzen joan, albisteak topau eta abar. Alkarlanak garrantzi berezia eukiko dau hurrengo urteetan. Anboto komunikabideak Durangaldeko Herri Komunikabideak taldearen barruan dago; bai Anboto bai Plateruena kafe antzokia Berbaro alkartearen inguruan sortutako proiektuak dira. Oraintsu arte hartu-emonak euki euki doguz, batak bestearen barri izan dau, baina ez dogu alkarregaz egitasmorik egin. Aurten, barriz, abenduaren 3an, Euskerearen egunean, Euskarak 365 egun proiektua abiatu genduan auzolanean. Berbarok, Plateruenak eta Anboto-k hausnarketa prozesu bati ekin deutsagu, alkarlana bultzatu eta geur indarrak batzeko. Garatu dogun lehenengo ekimena Euskarak 365 egun izan da. Ilusino handiz gabilz beharrean, indar txikiak batuz gauza asko egin daitekezala konturatu gara eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!