Jon Irazabal: 'Durangon lortu doguna miraria da, funzino ekonomikoa eta kulturala buztartzea'
2011-12-12 12:26 BarriketanHogeita hamar bat urte egin ditu Jon Irazabalek Durangoko Liburu eta Disko Azokearen zuzendari, baina aurten lekukoa beste baten esku itxi dau, izan be aurrerantzean, Aiert Goenaga ondarroatarra izango da zuzendari orokorra. Dana dala, datorren urtetik aurrera Irazabal Azokearen alde teknikoaz arduratuko da, eta laguntzeko beti prest egongo dala esan deutso Bizkaie!-ri.
1.- Zeure azkenengo Azokea izanda, aurten aldaketa ugari egin dozuez, Kabi@, Szenatokia eta Irudienea gune barriak, esaterako...
Azokea zer dan ikusteko estrategia-ikerketa bat egiten gabilz, bai jenteak bai merkatuak zer gura daben, zer eskatzen daben jakiteko. Beste alde batetik, gure potenzialidadeak norantz bideratu behar doguzan jakin nahi dogu. Estrategia horren barruan, orain arte landu bako beste adierazpen modu batzuetara zabaldu beharra ikusi genduan. Ohiko Azokaz gan, eta umeen literatura txokoa eta orain lau urte sortutako euskal sormenari eskainitako Ahotseneaz gan, beste espazio batzuk edegi doguz: Irudienea, Kabi@ eta Szenatokia. Irudienean, irudia eta zinemearen inguruko euskerazko sormenak lekua euki dabe Durangon. Szenatokia, San Agustinen, antzerki munduaren erakusleiho izan da Azoka egunetan; eta, Kabi@-k teknologia barrien arloan, euskeraz sortzen dana ezagutzera emon dau. Liburuen eta diskoen aurkezpenez aparte, Durangon beste adierazpide batzuk, beste lan mota batzuk badagozala erakutsi gura izan dogu. Durangokoa azokea da, baina topalekua be bada, kultur azokea, azken baten.
2.- Durangoko Azokea liburuak eta diskoak erosteko denda erraldoia baino gehiago da, topalekua be bada, orduan...
Durangon lortu doguna miraria da, azokearen funzino ekonomikoa eta kultur-gune funzinoa buztartzea, hain zuzen be. Interes ekonomik barik, ez balitz salduko, jente asko ez zan etorriko, argitaletxe eta banatzaile asko ez ziran etorriko euren produktuak erakustera. Liburuak eta diskoak saltzeak ahalbidetzen deusku guri kultur ekitaldiak antolatzea, berbarako. Kulturea ez dala negozioa esaten da sarritan, luze egin geinke eztabaidan horren ganean, baina Bernardo Atxagak edo Joseba Sarrionandiak ez balebe lehenengo liburua saldu, ez zan hurrengorik argitaratuko. Jakina, Azokea salerosketa hutsa balitz, ez leuke hainbesteko arrakastarik izango. Neurri handi baten, arlo batek bestearen beharrizana dauka bidean aurrera egiteko.
3.- Talde eta erakundeen arteko alkarlana nabarmendu dozue edizino honetan.
Antzergintza munduagaz lanean bagabilz, EHAZEri Euskal Herriko Antzerkizale Alkarteari alkarlanean jarduteko aukerea eskaini beharko jako. EHAZEk egitura bat dauka, urteetako lana dago, eta ondo ezagutzen dau antzerkiaren arloa. Alkarlanari esker hainbat gauza egin dira herri honetan, ikastolak, sasoi bateko Egunkaria eta abar. Topagunea, EHAZE eta Berbarogaz alkarlanean ibili gara, berbarako. Potenzialidadeak aprobetxetan jakin behar dogu, ona da geuretzat, eta ona da eurentzat bere bai. Gauza barriak asmetan ibili barik hemen daukaguna aprobetxau behar dogu, egon badago eta.
4.- Aurten kultura galegoa izan da konbidadua, zer dala eta?
Galegoz egindako kulturea konbidau dogu 46. edizinoan. Igaz han egon ginan Durangoko Azokearen ganekoa azaltzen; eurentzat eredu bat izan da, urteetan egon dira zer eta zelan egiten dogun ikusten, espionaje industriala-edo egiten. Orduan esan euskuen eurentzat pozgarria izango litzatekela konbidaduak izatea. Galizia hur dago, sei ordu kotxez, eta maila sozialean be hur daukagu, izan be, nork ez dauka koadrilan edo familian galiziarren bat? Kultura benetan be interesgarria da, sortzailea, eta momentu honetan bizitasun handia daukana. Alkarlanean proiektuak egitea interesgarria izan daitekela pentsau genduan. Beti jo dogu leku exotikoetara, Kurdistanera, Georgiara... eta hori be ondo dago, jakina, duda barik, baina hur be badagoz beste kultura batzuk, alkarlan horri frutu gehiago atarateko modukoak. Aurten, gure planteamendua izan da ekitaldi guztietan euskaldun bat eta galego bat izatea tartean, ez da konbidapen hutsa izan, lanean alkarregaz ibili gara jarduerak antolatzen, atontzen eta abar. Zubi batzuk eginda egozan, baina Azokeak hartu-emonok hobetzeko aukerea emon deusku, hobetzeko eta zabaltzeko.
5.- Hauxe izan dozu azkenengo Azokea zuzendari lez, zelan hartu dozu agurra?
Ondo, ondo, arazo barik. Zuzendari orokor kargua itxi dot, baina lanean segiduko dot, lan-talde barruan egongo naz, batez be alde teknikoaren arduradun. Urteetako esperientzia aprobetxau egin behar da, ezin da alperrik galdu, ze urteetan gauza asko ikasi doguz. Orain lau urte esan neutsen alkartekoei ixteko asmoa-edo neukala; persona bakar batek Azoka osoa gobernetea ez da posible, gatxa da. Nire eretxiz, persona bakarra baino, talde bat egon behar da; zuzendari ekonomikoa, arduradun teknikoa eta koordinatzaile orokorra. Izen potoloak dira, baina beharrizanak hor dagoz. Montaje guztia oso-osorik ikusteko kapaz dan personea behar da; eta horren alboan, arlo zehatzak zuzentzeko lagun bi. Bakotxak bere arbolea zainduko dau, eta besteak danena ikusiko dau, baso osoa.
6.- Ez dozu penaz hartu azkenengo urtea izanda?
Ez, penarik ez. Datorren urteak seguruenik kostau egingo jat beste bat egotea, baina penarik ez. Antolatzen dauenak beti ipinten deutsa bere markea, eta hurrengoan beste batek egingo dau hori, horregaitik desbardina izango da. 21 urtegaz hasi nintzan zuzendari, orain 30 urte; orain lau urte eskatu neban aldaketea, jenteak ez eban ulertu, baina beharra egoan. Aldaketea behar zan, jente gaztea dago, beste ezagupide batzuk dituana. Laguntzeko prest egongo naz, baina desfilearen tanborra marketan jente gaztea egon behar da. Aldaketea egiteko sasoi onean gagozala uste dot. Egon garenak hemen egongo gara, eta datozenak ilusino handiz datoz.
7.- Zein alde ikusten dozu orain 30 urteko Azokearen eta gaur egungoaren artean?
Aldaketa handia izan da, zuritik baltzera beste. 1982ko Azokan hasi nintzan lanean; egurrezko standak geunkazan, eta urtero-urtero pintetan genduzan. Lonja baten gordeten genduzan, han egoten ziran urte osoan. Elgezabal familiak ixten euskun lonjea. Elgezabal familik laguntasun handia emoten euskun Azokea antolatzen, eta sekula be ez dira aitatzen. 80 stand inguru ziran, Andra Mariko eleizpean. Urte baten lortu genduan Udalak hormak zuritzea, baina gau horretan barriro pintau zituan... Landako gunea ikusita, alde handia dago, itzela. Gaur egun moketea daukagu... Holangoak amesa ziran hasieran, pentsau be ez genduzan egiten. Aldaketa fisikoak agirikoak dira, bai, baina arlo sozialean be gauzak asko aldatu dira. Durangora jentea eztabaidatzera eta burrukan egitera etorten zan; ez dot uste inoiz arpegikorik egon zanik, eta egon bazan, nik dakidala ez behintzat. Dana dala, hori zan giroa. ETBk gaztelaniazko katea martxan ipini behar ebala jakinarazo ebanean, polemika handia sortu zan, eta gaiaren ganeko mahai-ingurua antolatzea erabagi genduan. Amatiño, Xabier Gereño eta batzordeko hiru bat kide etorri ziran. Kristorena montau zan, ha zan ha eztabaidea! Gereñok aktak atara zituan mahai ganera, eta Amatiño harek ez zirala publikoak esanez... Gaur egun holango mahai-ingururik ez da posible; urte osoan dagoz aukerak, foroak, beste baliabide batzuk.
8.- Orain, giroa bestelakoa da, ezta?
Bai, gaur egun ludikoagoa da, beste giro bat dago, desbardina. Argitalpenei jagokienez, esaterako, lehen ez egoan euskerazko hainbeste liburu, gehienak gaztelaniaz ziran. Burgoseko epaiketea, Pertur, Txiki eta Oteagi... gai horreek ziran nagusi argitalpenetan. Garai hareetan hori zan giroa. Azokea guztiz desbardina zan, baina espiritua bardina da oraindino, euskerea eta euskal kulturea ardatz. Azokea zahartu egin da, zeozelan esateko, gazte erropea erantsi, eta orain, nagusituta, trajea dauka aldean.
9.- Trajea jantzi arren, ez dau gaztetasunik galdu, ezta?
Gaztetasuna ez da edade kontua. Azokan, urteotan, makina bat idazle eta musikari ezagutu doguz: batzuk, karnetean 20 urte daukezela ipini arren, zaharrak dira; eta beste batzuk, edadez zaharrak izan arren, gazte dira. Txillardegik berak, Argizaiola saria jaso ebanean, halan esan euskun, gaztetasuna ez dala urte kontua.
10.- Durangoko 46. Liburu eta Disko Azokearen ateak zarratu dira, zein da edizino honetako balorazinoa?
Azokeak hartutako bide barriak erantzun ona izan dau bisitarien aldetik. Krisia tarteko izan arren, euskerazko sorkuntzan aberastasun handia dagoela erakutsi dogu, eta jentea gauza barriak egiteko eta eskaintza barriak probetako gogoz dagoala. Salmenteei jagokienez, polito saldu dala esan deuskue argitaletxe eta diskoetxeek, helburuak bete dituela. Bisita kopurua zenbatzeko sistema barria euki dogu, ganera, Landakora egindako sartu-urtenak jakiteko. Danetara, 140.00 bisita izan dira, datu potoloa; jente gehien abenduaren 6an hurreratu zan, 40.000 lagun inguru.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!