Xulio Amigo: Durango eredu argia da guretzako

Bizkaie! 2011-12-07 14:52

Culturgall-eko buruaren esanetan, guretzako ohore handia da hain indartsua eta herrian hain sustraitua dagoan topagune baten ohorezko konbidatu izatea.

Aurten Durangon kultura galegoa da ohorezko konbidatua. Culturgal, Galiziako Industria Kulturalen Feriako presidente Xulio Amigogaz egon gara eta ondokoak kontau deuskuz:


1.- Kultura galegoa da Durangon aurtengo ohorezko konbidatua. Zelan hartu dozue?

Guretzako ohore handia da hain indartsua eta herrian hain sustraitua dagoan topagune baten ohorezko konbidatu izatea. Galiziako kultureak Durangon holako lekua izatea sano garrantzitsua da guretzako, Culturgall feriaren laugarren urtea ospatu dogu aurreko egunetan eta 46 urte egin dituan azokan zeozelan protagonista izatea gauza handia da guretzako.


2.- Zeintzuk dira Culturgall-en berezitasunak?

Kulturearen jaia dira bi hitzorduak, Durangokoa eta Culturgall eta, beraz, antzekotasun handiak dagoz Culturgall eta Durangoko Azokearen artean; desbardintasun nabariena, akaso, gurea industria kulturalaren feria dala izango litzateke. Culturgall-en arte eszenikoak, teknologia barriak, musika zein argitaletxeen sektorea dagoz ordezkatuta.


3.- Zein da gaur egun Galiziako kulturearen egoerea?

Dramatikoa. Pare bat urteko tartean, desagertu egin dira galegoz egozan egunkariak. Edozelan be, eskaria badago egon eta badakit ekinbide bat baino gehiago badagoala hor zehar hutsune handi hori betetako; indartsu datorrena zuona lako hedabide digitala izango da eta nahikoa aurreratuta dago proiektua. Zailtasunak gorabehera eta krisi gogorra bizi dogun arren, zorionez herritar aktiboak asko dira, beharrerako prest dagozanak badira eta dinotsudan lez, hile gitxi batzuk barru proiektu batzuk gauzatuko dira.

Kontua da ze, kultura galegoa bera indartsu dagoala, sormenaren aldetik indar handia dago eta, beraz, aurrera egingo dogu ezelako duda barik.


4.- Egun batzuk daroazuez Durangon. Seguru ideia bat baino gehiago hartu dozuela...

Bai. Duda barik. Oraindino ez dogu egin gogoetarik ze hemen badago oraindino zer ikusi eta zer ikasi... Umiltasunez etorri gara hona baina ikusten dogun guztia barruratzen gagoz. Durango eredu argia da guretzako. Meritu handia dauka Gerediagak egun eta meritu handiagoa, lehenengo edizinoa antolatzeko orduko egoerea bestelakoa zalako. Alde horretatik, ikasten etorri gara eta gauza asko ikasten gagoz, jakina. Geroago gogoetea egitea tokauko jaku.

Aldeei jagokenez, Durangon diseinu funtzionala dago, diseinu estandarra esango neuke eta guk sormen indibiduala jagoten dogu gehiago. Beharbada, hemen ikusitako gauza batzuk gurean aplikau beharko doguz baina goizegi da oraindino holako zehaztasunetarako.


5.- Bestelako mezurik?

Antolatzaileak zoriondu gura dodaz 46. edizino honetan be euskal kulturearen topaleku bihurtu dalako Durango. Beharrean jarraituko dabela espero dot, ze merezidu dau. Era berean, herritarrei be akokara etorteko deia egiten deutset, euskerea eta euskal kulturea maite dabenentzako nahitaezko hitzordua dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu