Kontseiluak 'Euskaraz bizi nahi dut' liburua aurkeztu dau Durangon
2011-12-05 17:42 Euskerea berbagaiEuskaraz bizitearen aldeko dinamikan dagozan 21 idazlek eta beste hainbat ilustratzailek sortutako testuakaz eta marrazkiakaz osotutako liburua da gaur aurkeztutakoa.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut liburua aurkeztu dau gaur, abenduaren 5ean, Ahotsenea gunean, Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azokearen barruan. Euskaraz bizitearen aldeko dinamikan dagozan 21 idazlek eta beste hainbat ilustratzailek sortutako testuakaz eta marrazkiakaz osotutako liburua da gaur aurkeztutakoa.
Euskaraz bizi nahi dut dinamikan eragile guztiak zipriztinduz euskeraz bizitearen nahia aldarrikatzea da helburua. Hamaika modu dago euskeraz biziteko nahia agertzeko, baina are garrantzitsuagoa dana, hamaika modu dago euskeraz biziteko hautua egikaritzeko, adierazo dau aurkezpenean Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Euskaraz bizi nahi dut liburua hemendik aste batzuetara argitaratuko dan arren, aurkezpen-aurrerapen bat egin da Durangoko Azokan. Liburuan parte hartu daben 21 idazleetatik lau izan dira aurkezpen honetan: Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Unai Elorriaga eta Castillo Suarez. Idazle bakotzak liburuan argitaratuko dan bere testua irakurri dau; euskeraz biziteko nahi hori islatzen dabe testuetan.
Bilbaok eskerrak emon deutseez proiektu honetan parte hartu daben guztiei, batez be Castillo Suarezi eta Elkar Fundazinoari proiektuan laguntza handia eskaini dabelako. Ondoren, idazleen berbak iruditara eroan dituen ilustratzaileen marrazkietako batzuk proiektau dira.
Euskaraz bizi nahi dut liburu hau oraintsu hasitako dinamika baten beste ekarpen bat izango da. Euskerearen aldekotasunetik harago doan dinamika bat hain zuzen be. Gure nahia errealidade bihurtzea da dinamika honen azken helburua' adierazo dau Bilbaok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!