Iñaki Beobide: 'Lehen arerio bakarra geunkan eta orain, barriz, danak arerio gara etxebizitza berean'

Koldo Isusi Zuazo 2011-12-05 11:57   Barriketan
Argizaiola 2011 sariduna

Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azokako ekitaldien artean, Argizaiola Saria jaso dau Iñaki Beobidek (Zumaia, 1934). Euskereagazko ardureak bultzatuta, euskal kulturgintzearen arlo danatan inurri lana egindakoa da, besteak beste, Herri Gogoa diskoetxearen sortzaileetako bat izan zan, Jarrai antzerki taldean atzerriko antzerkigileen obrak euskeratu eta taularatu zituan, Ikuska liburu saila be sortu eban eta ETBren sorreran be parte hartu eban. Ibilbide hori guztia aztertu dogu beobide jn.agaz egindako barriketaldian.


1.- Persona zein erakundeek euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lana goraipatzea da Argizaiola Sariaren helburua, batez be momentu gogorretan, trabak traba, lan egin dabenei emoten jake saria eta horregaitik gauean argi egin ebela gogoratzen da. Herri Gogoa abiarazotea ez zan erraza izango... Benetan gauean argi egitea tokau jatzuen, ezta?

Bai. Euskereari jagokonez, hutsune handia egoan, premina handia eta egiteko asko egoan eta diskogintzan be ez egoan biderik gauzak behar dan moduan aireratzeko, jakinarazoteko, entzunarazoteko eta, beraz, Herri Gogoaren sorrerea nahitaezkoa izan zan. Apur bat lehenago Ez dok Hamairu be sortua zan eta baegoan zeri heldu.


2. Aurtengo Argizaiola Saria zuretzako zala jakinarazo eutsuenean, zer sentidu zenduan?

Ez neban saririk inondik inora espero eta lehenengo golpean tristurea sentidu neban, ni baino lehenagokoak ez ziralako sarituak izan. Hutsunea bat dago hor, Xabier Gereño bizkaitarra joan zan Argizaiola barik eta hori ez dot ahaztu. Makinatxu bat lan egin eban gure aurretik eta horixe pena daukat. Behar handia egin daben beste batzuk be aitatu neikez, berbarako, Jacques Abberry, Xuimun Haran eta Michel Labbegerey


3.- Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azokea dogu egunotan. Zer da zuretzako hitzordu hori?

Gauza handia. Gerediagako fenomenoek orain 46 urte Andra Mariren eleizearen arkupetan antolatutako lehenengo hitzordua daukat gogoan. Herri Gogoa eta Xabier Gereñoren diskoa be hor aurkeztu genduzan, atara kontuak. Gabon buelta honetan barik, Domu Santu egunaren inguruan egiten ziran hasierako hareek. Eleizpe haretatik merkatura aldatu zan gero eta bueltan-bueltan, gaur egun azokeak hartu indarra, presentzia eta edukia sekulakoa da, nahitaezkoa hitzordua.


4.- Orain urtebete inguru Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearen I. Antzerkizale Saria saria jaso zenduan, antzerkiaren arloan egindako lanagaitik... Euskal kulturearen arlo guztietan jo eta su ibilia zarela kontuan hartuta, zelan definiduko zeunke zure jarduna?

Nire jarduna euskerea izan da. Gero, zuloak tapetan ibiltea izan da nire jarduna, izan be, euskereagaz eta euskal kultureagaz lotutako arlo danatan zuloak, preminak baino ez genduzan ikusten.

Diskogintzan sartu aurretik, antzerkiaren munduan be ibilia naz, bai. Donostian Jarrai izeneko taldea sortu eta antzerkia eta antzerkia ez zan beste gauza batzuetan ibilten ginan, beti be euskerea ardatz hartuta.


5.- Diskogintzan buru-belarri sartu aurretik, euskerea eta kulturea sustatzen lan handia egin zenduan, batez be antzerkiaren arloan. Jarrai taldean hasi zinan ia-ia hutsetik... Momentu haiek, zentsurea..

Batzuk begi onez ikusi ez arren, Euskaltzaindiaren babesean hasi ginan eta Mitxelenagaz nituan hartu-emonakaitik eta taldearen izenean be igarri daiteke Euskaltzaindia egoala atzean, izena Jarrai ipini geuntsan, Ekin eta Jarrai klasikoari keinu eginez.

Kontuak kontu, Zumaia jaioterritik Donostiara joan nintzanean, euskerarik ez zan entzuten kaleetan eta zeozer egin behar zala ikusirik, euskerea, hizkuntzea izan zan guretzako lokarria, aurrera atara gura genduana eta antzerkiari jagokonez, pasinoa geroago biztu jakun; 1958an edo antzerki irakurketak egiten genduzan. Esan dozun lez, gu ez ginan holako kontuetan adituak, herrietakoak eta batu ginan eta apurka-apurka joan ginan gauzak egiten. Obra entzutetsu edo sonatuak euskeratu eta antzeztu be egiten genduzan. Gazteak ginan eta gazte bezela jokatu genduan, sasoi haretan ez egoan gaur egungo profesionalizazinorik.

Antzerkiaren arloan, zentsurarik ez genduan sufridu. Euskaltzaindiaren babesagaz bidea errazagoa zan baina, jakina, zentzunez jokatu behar zan. Esan gura dot, berbarako Monzonen obra bat egin genduanean, izena aldatu egin behar izan geuntson eta egilearen izenik be ez genduan aitatu; joku horreekaz aurre egiten geuntsan zentsureari.


6.- Saizarbitoriagaz Gazte naiz atala sortu zenduan Zeruko Argia astekarian -Joseba Agirre ezizenez sinatzen zituan artikuluak-, eta, Ez Dok Amairuko kideakaz zeunkazan hartu-emonen ondorioz, Herri Gogoa diskoetxea sortu zenduan, 1967an. Zerk eraginda sartu zinan saltsa horretan?

Kasu honetan be, euskerearen egoera negargarriak eraginda hasi ginan. Jarrai taldearen inguruko kontua izan zan Zeruko Argiarena be; Ramon Saizarbitoria be Jarrai taldekoa zan eta esan deutsudan lez, euskerea ardatz, hutsune handia egoala ikusirik, umeentzako irakurgaiak eta sortzen be ibili ginan, Kaputxinoen Panpin osotzen eta pare bat urte edo egin genduzan.

Diskogintzeari jagokonez, Herri Gogoaren aurretik, miraria gertatu zan, izan be, euskal kantagintza barriaren euskeraz editautako lehenengo bi disko-singleak Baionan grabau zituan Michel Labbegeriek Goiztiri diskografikoaren eskutik; 1961. urtea zan. Mikel Laboren lehenengo lanak be Lau herri kanta-EP, 1964, Ursuako Kantak, 1966 eta Bertold Brecht, 1969 be Goiztirik atara zituan. Guk atea hor ikusi genduan eta orduantxe ekin geuntson Herri Gogoari, beste arrazoi batzuen artean, Ez dok hamairu izango zanagaz hartu-emon handiak geunkazalako. Xabier Lete bera, Jarrai taldean antzerkia egiten ebilen geugaz. Kontua da ze Ez dok hamairu 66an sortu zala eta Herri Gogoa 67an. Hori bai, esan behar deutsut sekula santan ez genduala izan diskoak argitaratzeko baimenik. Baina atarabide lez, Mikel Laboak kataluiniar batzukaz zituan hartu-emonak tarteko, EDIGSA etxeagaz bat egin genduan eta euren babesagaz hortik aurrera gure diskoek Edigsa HG, markea eroien, Herri Gogoa letra danak aitatu barik.

Diskogintza arloan guk ibilbidetxua eginda geunkanean, orduantxe hasi ziran bideak zabaltzen, teknikearen aldetik gauzak hobetzen, errazten eta apurka-apurka gure jarduna bertan behera ixten joan ginan eta hor jaubetu ginan beste hutsune bat egoala, gure herriak telebista bat behar ebala, hain zuzen be.


7.- Zelan ikusten dozu egungo industria musikala?

Krisiak krisi eta gorabeherak gorabehera, gaur egun dana da erraztasuna. Gure burukomina produzidutea zan, ikusten genduzan hutsuneak betetea eta hemen baimenik ez geunkanez, kanpoko argitaletxe eta enparauen bitartez konpontzen ginan, zelan edo halan. Esan gura dot gaur egun zenbat gura diskoetxe eta argitaletxe dagoala gurean, grabazino estudioak beste horrenbeste eta gainera, gaur egun edozeinek egin leike disko baten grabazino bere etxean.


8.- 70eko hamarkadEaren hastapenetan, Ikuska saila sortu zenduan Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Luis Benito del Vallegaz batera, euskerazko liburugintzan eta hezkuntzan be eragiteko...

Bai. Ikastolak sortzen hasiak ziran eta umeentzako irakurgairik ez egoala ikusirik, hor be beharrean hasi ginan. Gogoan daukat umetan euskeraz irakurteko liburu bakarra neukala nire sasoian, Kuluxka hain zuzen be. Ez egoan besterik. Euskerazko liburugintzan be bidea urratu barik egoan eta hor be buru-belarri sartu ginan. Asterix komikia euskeratu eta zabaltzea be lortu genduan, atara kontuak. Egilearen baimenagaz, urtean bost argitaratzen ixten euskuen. Diskogintzearen arloan egiten genduanez, liburugintzan be Bartzelonako argitaletxe bategaz ibili ginan guri ez euskuelako ixten, ez genduan baimenik.


9.- Gipuzkoako Diputazinoko Dantza, Antzerki eta Ahozko Literaturako arduradun izentau zintuen, eta Euskal Dantzarien Biltzarreko idazkaria izan zinan...

Bai. Kontua da ze hor Xabier Gereño ebilela, mila gauza eta mila arlo hartzen zituan eta bakar-bakarrik ebilenez, ito egiten zan. Baeukan Dantzariak izeneko aldizkaria be, berak egin eta zabaltzen ebana. Orduan, Gipuzkoako Aldundian kultur sailean nenbilen eta horko zereginen artean, jantzak be jorratzen nituan, ikastoletako jaialdiak eta antolatzen be ibilten nintzan. Euskal Dantzarien Biltzarra geroago etorri zan aldundiaren babesagaz. Horren sorrerea bizitea tokau jatan, estatutuak eta osotzea eta idazkari lanetan be ibili nintzan hasieran, bai.


10.- 80ko hamarkadan, ETB sortzeko proiektuan aholkulari izan zinan, eta geroago produktorea lanak be egin zenduzan...

Bai. Lehen esan deutsut, Herri Gogoa proiektuaren azkenerantza hasi ginan telebista baten preminea egoala ikusten eta hor tartean, bidaia batzuk egin genduzan Inglaterrara, Suitzara, Italiara, ferietara, bidea urratzen ibili ginan eta zeregin horretan diputazinoaren babesa eta Ramon Labayenen laguntzinoa erabagiorrak izan ziran. Geroago, Eusko Jaurlaritzea sortu zanerako gauzak nahikoa aurreratuta geunkazan eta ETBren sorrerea etorri zan eta bai, hor aholkulari lanak, ikastaro baztuk be emon nituan Donostian eta Gasteizen, Hamburgora be joan ginan eta handik bueltan, aurrerago produkzino lanak be egin nituan.


11.- Euskaltzain urgazlea be bazara...

Bai. Aldundian nengoala bertsolaritzea suspertzeko edo bultzatzeko eskaerea be baneukan eta badakizu euskerearen arloan bazterrak astintzeko eta hutsuneak, bakotasunak konpontzeko beti egon nazela lan egiteko prest. Holan izentau eustien urgazle, euskerea dalako niretzako ardatza eta ez jakintsua nintzalako.


12.- Euskal kulturearen arlo danak jorratu izan dozuz...

Bai, horixe zan nire motibazinoa, euskerea, hain zuzen. Gero politikeak nahastau ditu bazterrak. Lehen arerio bakarra geunkan eta Madrilen bizi zan; orain, barriz, danak arerio gara etxebizitza berean...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu