Kontseiluak Hezkuntzeari buruzko VI. Jardunaldia egingo dau abenduaren 16an, Donostian

Bizkaie! 2011-12-01 11:11   Euskerea berbagai

Abenduaren 16an, Kontseiluak Hezkuntzeari buruzko VI. Jardunaldia egingo dau Donostiako Miramar Jauregian, Haur hezkuntzearen garrantzia euskerearen jabekuntzan eta garapenean izenburupean. Parte-hartzea dobakoa izango dan arren, izena emotea beharrezkoa da.

Abenduaren 16an, Kontseiluak Hezkuntzeari buruzko VI. Jardunaldia egingo dau Donostiako Miramar Jauregian, Haur hezkuntzearen garrantzia euskerearen jabekuntzan eta garapenean izenburupean. Parte-hartzea dobakoa izango dan arren, izena emotea beharrezkoa da kontseilua@kontseilua.org helbidean edo 0034 943 591200 telefono-zenbakian.

Kontseiluko Paul Bilbaok jardunaldien aurkezpenean gogoratu ebanez, erakundeak urteak daroaz hezkuntza-arloko proposamenak kaleratzen. 2006an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik abiatutako elebiko irakastereduen azterketearen barruan ekarpena bideratu eben, ele biko irakastereduen inguruan azterketa juridiko-legala, soziolinguistikoa, psikolinguistikoa, glotodidaktikoa eta operatiboa eginez.

2008ko abenduan osotutako Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena egin eban Kontseiluak, hezkuntza arloko sektore nagusienen babesagaz: Hik Hasi, Euskal Herriko Ikastolak, Sortzen-Ikasbatuaz, EHIGE eta Kristau Eskolak. Horixe izan zan Hezkuntza Sailak 2007an egindako Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn legearen garapenerako Kontseiluaren proposamena, Bilbon 2008ko maiatzean aurkeztu zana. 2009an be, arlo horretan ekarpena egin eban Kontseiluak; batetik, Ikastetxetik abiatuta euskeraeren erabilerae areagotzen jardunaldia antolatuz, eta bestetik, hiru hizkuntzatan idatzitako Euskerearen erabilerea areagotzeko estrategiak eskolatik abiatuta argitalpena kaleratuz.

Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu dauenez, proposamen hau osatu behar dalakoan gagoz, kontuan hartuta umearen hasierako urteek garrantzi handia hartzen ebela hizkuntzen jabekuntzan, oso interesgarria begitandu jakun gure ekarpen orokorrari 0-6 urterako ekarpen zehatzak egitea. Bestalde, Kontseiluak ikasle guztiak euskalduntzeko egin dauen proposamena aitatu eban. Horren helburu nagusia derrigorrezko irakaskuntzeak ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea da, hau da, 16 urtegaz euskeraz gitxienez B2 mailea egiaztatzea.

Hik Hasi alkarteko Arantxa Urbek emon eban jardunaldiaren edukiaren barri. Umearen arlo emozionala landuko dogu, eta horretarako, Mondragon Unibersidadeko Karmele Perezek 'Arlo emozionalak edo enpatiak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan dauen garrantzia' berbaldia eskainiko dau. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ikasleak euskalduntzeko Kontseiluak egiten dauen lana azalduko dau, eta haur hezkuntzak euskerearen jabekuntzan eta garapenean daukan garrantziaz jardungo dau.

Ostean, Salamancako Unibersidadeko Andoni Barreñak, Euskal Herriko Unibersidadeko Marijo Ezeizabarrenak eta Mondragon Unibersidadeko Iñaki Garciak 'Haur euskaldunen komunikazino-garapena neurtzeko KGNZ tresnea' 8 eta 50 hilabete bitarteko umeekaz egindako ikerketearen emoitzen barri emongo deuskue, azaldu eban Urbek. Murgiltze-sistema eta haren egokitasunei ahalik eta etekin handienak zelan atera ikusteko, Viceko Unibersidadeko Vanesa Amat Castellsek eta Llorenç Comajoan Colomek Haur Hezkuntzako 0-6 aldiko hizkuntza-murgiltzea gaiaren inguruko begirada bat emongo dabe, izan dituan esperientzietatik eta egin dituen hausnarketetatik abiatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu