Ainhoa Arregi bilbotarrak irabazi dau Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketea

Bizkaie! 2011-11-29 13:21   Euskerea berbagai

Ainhoa Arregi bilbotarra, nagusitu zan finalean, akatsik bako lana egin ostean. Haren ondotik sailkatu ziran Ibon Zaldua donostiarra, Xabier Azkue zumaiarra eta Txipi Ormaetxea arrasaterra, lehiaketa ederra egin ostean.

Giro ezin ederragoan eta LUMA denborapasa eta hitz joko aldizkariak antolaturik, Irunen jokatu zan pasa dan zapatuan, Euskal Herriko Hitz Gezidunen V. Txapelketea. Orain arteko edizino jentetsuena izan da aurtengoa, Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako hogeita hamazazpi lehiakide batu baitziran Irungo Ola Sagardotegira, txapela eroan guran, eta irabazteko hautagaien zerrendea zabalagoa zan arren, txapelketan lehenengo postuetan ikustea ohituak garen lehiakide bat, Ainhoa Arregi bilbotarra, nagusitu zan finalean, akatsik bako lana egin ostean. Haren ondotik sailkatu ziran Ibon Zaldua donostiarra, Xabier Azkue zumaiarra eta Txipi Ormaetxea arrasaterra, lehiaketa ederra egin ostean.

Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko irakasle arduraduna da Ainhoa Arregi. Sortzez bilbotarra dan arren, Trapagaranen bizi izan da luzaroan eta oso gustukoak ditu berba gurutzatuak eta, oro har, hizkuntzeagaz loturiko jokoak.

2007an antolatu eban LUMA denborapasa eta hitz joko aldizkariak Euskal Herriko Hitz Gezidunen lehenengo txapelketea, orain arte beti Irunen jokatu dana, uri horretan argitaratzen baita aitaturiko agerkaria. Goiz partean garatzen da txapelketea eta, finalerako txartela lortu ahal izateko, antolakuntzeak proposaturiko hiru berba gurutzatu taula bete behar ditue, xuxen eta bizkor, lehiakideek.

Berrogei eta bost minutu ditue lehiakideek hiru proba horreetako bakotxa amaitzeko eta lehenengo biak amaitu ondoan egiten da lehenengo selekzinoa, hamasei lehiakidek baino ez dabelako finalaurreko probea jokatzeko aukerarik. Lau lehiakideren artean jokatzen da finala, jentaurrean eta zutunik, eta ez jesarrita eta mahai gainean idatzita ordura arte lez, panelean egokitu jaken lana ahalik eta egokien eta azkarren amaitzeko asmoz.

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketea ez da sinonimo txapelketa hutsa, euskerearen alderdi jostalarienen eta, oro har, euskal kulturearen ezagutza zabala eskatzen dauen ibilaldi bizi, burutsu eta irudimentsua baino, lehiakideak unean uneko oztopotxuak gainditzeko behar dan ernetasun horren jaube izatera behartzen dituana.

LUMA denborapasa eta hitz joko aldizkariak Irungo Udalaren, Eusko Label Kalitatea Fundazinoaren eta Irungo Ola Sagardotegiaren laguntzinoa jaso dau Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa honen bosgarren edizinoaren antolakuntzan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu