Bermeon 2010ean jaiotakoen liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2011-11-28 13:27   Euskerea berbagai

Gure txikirrikirrintxuek trankil egon daitekez, seguru nago zuek gurasoek, umearen belarri zein bihotzak euskerearen bitartez laztantzen jarraituko dozuezala. Halantxe egin dozue bermeotarrok historian zehar. Ez dozue orain atzera egingo ezta? Modu sinple eta gozo honetan bizirik iraun dau euskereak orain artean milaka urteetan eta halantxe jarraituko dau zeuei esker.

Atzo aurkeztu eban Udalak Bermeon 2010ean jaiotako umeen liburua Bermeoko Kafe Antzokian. Jaira hurreratu ziran 100 familia inguruk Antzokia txiki itxi eben, bete-beteta egon zan-eta. Urterik urtera familien parte hartzea handitzen doa. Jai polita antolatu eban Euskera Sailak. Aurkezle lanetan Eneritz Artetxe ibili zan eta Patxin eta Potxin pailazoakaz goiz pasa polita pasetako aukerea izan eben Kafe Antzokira hurreratu ziran familiak.

Lau gurasok igon eben taula gainera euren umearen bertsoa irakurtera eta momentu hunkigarri horretan txalo zaparradea jaso eben. Horren ostean, alkateak eta Euskera zinegotziak liburuak banatu zituen eta ekitaldiagaz amaitzeko, urteko argazkia atara eben. Atzoko jaiaren bitartez gurasoei emon jaken mezua ondo jaso eban aurkezleak berba honeetan: Amaren bihotzeko taupadetatik, aitaren eta amaren berbetara, bertsoak, pailazoak, ipuin eta liburuetara… Gure txikirrikirrintxuek trankil egon daitekez, seguru nago zuek gurasoek, umearen belarri zein bihotzak euskerearen bitartez laztantzen jarraituko dozuezala. Halantxe egin dozue bermeotarrok historian zehar. Ez dozue orain atzera egingo ezta? Modu sinple eta gozo honetan bizirik iraun dau euskereak orain artean milaka urteetan eta halantxe jarraituko dau zeuei esker.

Beste urte bateko bermeotarren liburua, beraz, familien eskuetan dago. Izan daitela euskeraz berba egiteko eta maitatzeko beste pausu bat.

Bermeon jaio diran ume guztiei bertso-papera egiten jake 2002. urtetik, tradizinoa luzatuz doa beste urte batez eta oraingoan, 2010ean jaio diran 144 umeek eta euren familiek, bertsolariek beren-beregi egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua be izango dabe. Liburuan jasoten dira ume bakotxaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. Bertsoaren azpian, bertsolarien izena aitatzen da eta bertsoa kantetako doinua be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu