'Euskal Gramatika. Lehen Urratsak – VII (Perpaus jokatugabeak)' lana aurkeztu dau Euskaltzaindiak
2011-11-25 15:39 Euskerea berbagaiEuskal Gramatika. Lehen Urratsak – VII (Perpaus jokatugabeak) liburukia Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak egin dauen lanaren emoitzea da eta amaierea emoten deutso Euskal Gramatika. Lehen Urratsak izeneko bildumeari.
Euskal Gramatika. Lehen Urratsak — VII (Perpaus jokatugabeak) liburukia Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak egin dauen lanaren emoitzea da eta amaierea emoten deutso Euskal Gramatika. Lehen Urratsak izeneko bildumeari. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Andoni Sagarna Iker sailburuak eta Pello Salaburu Gramatika batzordeko buruak gaur aurkeztu dabe Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Barri pozgarritzat jo dau Andres Urrutiak EGLU bildumea amaitu izana: Euskaltzaindiari jagokozan lanen artean, hasieratik, Gramatikea nabarmentzen da, Hiztegigintzea, Toponimia, Onomastikea eta Literatureagaz batera. Orain Euskaltzaindiak aldi oso bati amaierea emoten deutso, gramatika arloan, eta hori pozgarria da. Aurreko liburuki guztiak Akademiaren webgunean (www.euskaltzaindia.net/gramatika) konsultau daitekezala be gogoratu nahi izan dau. Bilduma honen aurreko liburukiak Euskaltzaindiaren webgunean dagoza, beraz, osotasun batean gabiz.
Andoni Sagarnak azpimarratu dauenez, Euskaltzaindiaren asmo handietako bat Euskal Gramatikea lantzea izan da Akademiaren sortzetik beretik. EGLU gramatikaz hauxe esan dau: Gramatika deskribatzaile aberatsa da, euskerearen gramatikeak inoiz izan dauen deskribapenik osotuena. Corpusetan bilatu behar da hizkuntza egokieraren eredua eta hori da EGLU gramatikearen oinarria: hiztegigintzarako erabilten diran corpus berberak erabilten dira gramatikarako be. Amaitzeko, Akademiak gramatika arauemoilea egin behar dauela aldarrikatu dau.
Pello Salaburuk gogoan izan dauenez, Euskal Gramatika. Lehen Urratsak izeneko bildumea 1984ko irailean aurkeztu zan, Euskaltzaindiak Iruñean egin eban X. Biltzarrean: Urte luzeetako eta jente askoren lana da hau, hortaz.
Bildumearen lehenengo bi liburukietan izen-sintagmea (EGLU I, 1985) eta aditz-sintagmea (EGLU II, 1987) aztertu zituan Gramatika batzordeak. EGLU III-an (1990) diskurtso edo testu mailako loturak izan zituan aztergai. EGLU IV-an (1994), juntagailuak. Azkeneko bi liburukietan (EGLU V, 1999 eta EGLU VI, 2005) menpeko perpaus jokatuak aztertu ditue. Oraingo liburukian, EGLU VII honetan, perpaus jokatubakoak aztertzen dira, hau da, aditza bai baina aditz jokorik ez daben perpausak.
Batzordeak menderakuntzari eskaini deutsozan hiru liburuetatik azkena da EGLU VII liburuki hau. Bertan aztertutako perpaus jokatubakoak (denborazkoak, kausazkoak eta helburuzkoak, baldintzazkoak, kontzesinozkoak, moduzkoak, erlatiboak, osagarriak) zehaztasunez deskribidu dira.
Gramatika batzordeko kide guztien izenak gogora ekarri ditu Pello Salaburuk, hasieratik gaur arte. Eta hauxe adierazo: EGLU VII honegaz amaitzen dau Gramatika batzordeak ziklo bat, aurrerantzean lanean segiduteko asmoa baldin badau be. Asko aldatu dira gauzak azkeneko hogeita hamar urte honetan: gehiago dakigu gramatikaz, datu gehiago doguz hizkuntzaz, euskerea gehiago erabilten da, eta filologo eta hizkuntzalari asko sortu dira unibersiadeek egin daben lanari esker. Bestetik, lanabesak be askoz handiagoak doguz orain, eta askoz be informazino gehiago dogu eskura. Aurrerantzean, barriro be EGLU guztietako material hori aztertu, berrantolatu, behar danean berridatzi... beharko dogu. Orain, azkeneko argazkiaren antzeko zeozer badogula, garaia heldu da guztia barriro be beste begi batzuekaz birformuletako. Hurrengo urteetan horrixe ekiteko asmoa dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!