EAEko 12 argitaletxe izango dira Guadalajarako (Mexiko) Nazinoarteko Liburu Azokan
2011-11-25 11:58 Euskaldunak munduanEtxepare Euskal Institutuaren Helburua euskerea eta euskal kulturea nazinoartean zabaltzea da, eta helburu horregaz doa aurten FIL, Guadalajarako Azokara, Euskal Editoreen Elkarteagaz batera.
Euskal Autonomia Erkidegoko 12 argitaletxe joango dira aurten zemendiaren 26tik abenduaren 4ra egingo dan Guadalajarako Nazinoarteko Liburu Azokara. Anjel Lertxundi idazleaz gan, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko euskera zuzendaria izango dira bertan, Eusko Jaurlaritzako Mexikoko Ordezkaritzearen eskutik. Etxepareren Helburua euskerea eta euskal kulturea nazinoartean zabaltzea da, eta helburu horregaz doa aurten Guadalajarako Azokara, Euskal Editoreen Elkarteagaz batera. Gainera, euskal editoreek standa izango dabe azoka mexikarrean, eta bertan egongo dira Alberdania, Desclee de Brower, Elhuyar, Elkar, Erein, Mensajero, Nerea, Ediciones Saldaña, Ttarttalo, Txalaparta, Txertoa eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).
Zemendiaren 28an, Anjel Lertxundik Ecos de la FIL sailean parte hartuko dau, 11:00etan, Guadalajarako eskola bateko batxilergoko ikasleei berbaldi bat eskainiz, eta 29an, 18:30ean Jorge Giménez eta Mari Jose Olaziregik lagundurik, Etxeko Hautsa eleberria aurkeztuko dau Los lectores presentan sailean. Zemendiaren 30ean, hirurek euskal literatura eta itzulpengintzearen inguruko berbaldia emongo dabe.
Guadalajarako Liburu Azokea, Iberoamerikako liburu azokarik handiena izateaz gan, maila handiko kultur jaialdia be bada. Guadalajarako Unibersidadeak orain 25 urte sortua, profesionalentzat zuzendutako azokea da, baina publikoak be parte hartzeko aukerea dauka. Hori da beste azoka batzukaz konparauta dauen desbardintasun nagusia.
FIL literaturea ardatz nagusi dauen kultur jaialdia da, eta antolatutako jardueretan mundu osoko idazleek hartzen dabe parte. 1.900 bat argitaletxez gan, idazleek, literatur agenteek, liburutegietako langileek, liburu eta liburu saltzaileek parte hartzen dabe azokan. Aurten 600.000 bisitaritik gora espero ditue, Alemania ohorezko konbidatu dabelarik.
Bestalde, Guadalajaratik Mexiko Hirira joango dira abenduaren 1ean Aizpea Goenaga, Mari Jose Olaziregi eta Anjel Lertxundi. Universidad Nacional Autónoma de México (UNAM) unibersidadean euskal kulturearen inguruko jardunaldi bat egingo da, berbaldi eta ikuskizunakaz. Ugarte anaiak (txalapatariak) eta Xabi eta Fredi Paya bertsolariak izango dira bertan. Gau horretan bertan, Emprebask Mexikoko Euskal Enpresen Alkarteko Gabonetako afarira joango dira Lertxundi eta Etxepare Institutuko ordezkariak.
Abenduaren 2an, Instituto Nacional de Lenguas Indígenas (INALI) dalakoagaz batera jardunaldia antolatu dau Etxepare Euskal Institutuak. INALIren helburua Mexikoko hizkuntza indigenak babestu eta sustatzea da. Alor horretan Etxeparegaz dauen antzekotasunak dirala eta, bi erakundeek hartu-emonak estutuko ditue.
Goizeko 10:30ean, La promoción del cine y del teatro vascos, berbaldia eskainiko dau Aizpea Goenagak, eta Mari Jose Olaziregik La literatura vasca en el mundo izenburukoa emongo dau. Arratsaldean, euskal ordezkaritzea Centro de Capacitación Cinematográfica (CCC) goi-mailako zinema eskolara joango da. Anjel Lertxundik idatzitako Zorion Perfektua filma ikusi ahal izango da bertan, eta idazleagaz mahai-ingurua izango da ostean.
Azkenik, abenduaren 3an, Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatuko dabe Mexiko Hiriko Euskal Etxean, Eusko Jaurlaritzearen Mexikoko ordezkaritzeak antolatuta. Mexiko Hiriko euskera eta euskal kultura ikastaroetako ikasleak dagoz konbidatuta, eta horreez gan, diasporako euskaldunek, Aizpea Goenaga, Mari Jose Olaziregi, Anjel Lertxundi, Xabi eta Fredi Paya eta Ugarte anaiek parte hartuko dabe. Antolatutako jardueren artean, ikuskizunak, zuzeneko musikea, txalapartariak eta bertsolariak izango dira, bai eta Goenkale telesailari omenaldi bat be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!