‘Beldur Barik 2011’ kanpaineak bardintasunaren alde alkartu ditu euskal erakundeak, unibersidade publikoa eta ikastetxeak
2011-11-22 14:52EAEn 2010. urtean genero indarkeriaren biktima izan ziran emakumeen % 36, gitxi gorabehera, 30 urtetik beherako emakumeak izan ziran. Beraz, gazteriarengana jotea lehentasunezko kontua dala ikusirik, indarkeria egoerei aurrea hartzea eta 12 eta 25 urte bitarteko emakume gazteakaz lan egitea ditu helburu Beldur Barik! 2011 kanpaineak.

Beldur Barik! lelopean, eta puntu lila ikurragaz, 25N (Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Eguna) ospatzeko euskal erakundeek antolatutako kanpainea lankidetzearen eredu da, bai eta sareko lanaren eredu be. Gainera, urtetik urtera gero eta atxikimendu gehiago izaten ditu.
Eudel, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza eta hiru herrialdeetako Foru Aldundiak dira sustapen lan koordinatuaren arduradunak. Aurreko edizinoetan lez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibersidadeak (UPV/EHU) eta EITBk kolaboratzaile moduan bat egingo dabe kanpaineagaz.
Beldur Barik! programeak urte osoan izan nahi dau jarraipena, baita gizarteko alor guztien parte-hartzea be. Esangura horretan, Euskal Herriko Unibersidadeak (UPV/EHU) topaketa eta sentsibilizazinoa bultzatzeko hiru jardunaldi antolatu ditu aurten, hiru campusetan. Arrakasta handia izan dabe, parte-hartzeari jagokonez, ikasle gazteen artean.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren koordinazinoaren bitartez, bigarren hezkuntzako euskal ikastetxe askok ikasgeletan landu ditue kanpaineak helarazoten dituan mezuak.
Kanpainearen helburuak
EAEn 2010. urtean genero indarkeriaren biktima izan ziran emakumeen % 36, gitxi gorabehera, 30 urtetik beherako emakumeak izan ziran. Beraz, gazteriarengana jotea lehentasunezko kontua dala ikusirik, indarkeria egoerei aurrea hartzea eta 12 eta 25 urte bitarteko emakume gazteakaz lan egitea ditu helburu Beldur Barik! 2011 kanpaineak. Programearen helburua da emakumeen kontrako, eta, batez be, gazteen kontrako gaur egungo desbardintasun egoereari aurre egitea, eta errespetuan, bardintasunean, askatasunean eta autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeriaren salaketa sendoan oinarritutako jarrera eta jokabideakaz erantzutea.
Beldur Barik! lehiaketearen bigarren edizinoak arrakasta itzela izan dau, parte-hartzeari jagokonez: 260 lan aurkeztu ditue euskal neska-mutil gazteek. Hori ikusirik, zemendiaren 26an Beldur Barik 2011 jaialdia ospatuko da Donostian,. Topaketa horretan, neska gazteek hainbat talde feministen esperientziak ezagutu ahal izango ditue, eta bardintasunaren alde egiten dagozan ekimenak zabaltzeko plataforma moduan be balioko deutse .
Puntu lila eta indarkeriaren kontrako baterako Adierazpena
Herritarren artean izan dauen harrera bikainari esker, puntu lila emakumeen kontrako indarkeriak gizartean dauen erantzunaren ikur bihurtu da. Irudi honen bitartez, indarkeria sexistan oinarritutako jarrera eta jokabide guztien kontrako gizarte osoaren jarrera adostua erakutsi nahi da.
Beste urte batez, Euskadiko udalek puntu lila jarriko dabe ikusgai fatxada eta leihoetan, eta bardintasunaren aldeko eta indarkeriaren kontrako Erakunde Adierazpen bat irakurriko dabe. Oinarrizko testua Eudelen Batzorde Eragileak onartu dau, eta Berdinsarea Sarean sartuta dagozan udalen taldeko lanaren bitartez osotu da.
Sareko lanaren eredu
Beldur Barik! Bardintasunaren aldeko eta Emakumeakanako Indarkeriaren kontrako Euskadiko Udalen Sareak (Berdinsarea) bultzatutako ekimena da. 52 udalek osotzen dabe aitatutako sarea, eta guztira EAEko herritarren % 75 ordezten dabe.
Berdinsarea 2005. urtean sortu zan, Eudelen eta Emakunderen arteko hitzarmen baten bitartez, Euskadiko udalek emakumeakanako indarkeriaren kontra emondako erantzunak sendotzeko asmoz.
Berdinsarea tokiko ekimenen erreferentea da, eta oinarrizko erispideak proposatzen ditu ikuspegi partekatua lortzeko eta tokiko gobernuek bardintasun politiketan dituen baliabideak optimizetako. Erakundeen arteko hitzarmenak sustatzea, udaletako ekimenak dinamizetea eta koordinetea, eta gai horretan egiturarik eta baliabiderik ez daben udalei euskarri teknikoa eskaintzea dira sarearen helburu nagusiak.
Besteak beste, udalerri guztientzako Bardintasun Ordenantza komun baterako eredu bat sustatzeko balio izan dau Berdinsareak. Ordenantzaren testua Eudelek egin dau, eta sarea osotzen daben udalek onartu egin dabe. Ordenantza hori udalek eurek egindako eskaera bat izan da, funtsezko tresnatzat hartzen dabelako bardintasun politikak sustatzeko. Izan be, udalerrietan gizarte arazo bihurtzen da desbardintasuna, eta udalak jaubetzen dira, herritarrakandik hur dagozan erakunde publikoak izanik, erantzukizun handia dabela emakumezko eta gizonezkoek beren herritar eskubideak bardintasunez erabilteko konponbideen bilaketan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!