Rakel Elu: 'Emakumeen Kontseiluan, emakume gazteen presentzia ez da hainbestekoa'

Koldo Isusi Zuazo 2011-11-21 11:38   Barriketan
Ondarroako Bardintasun batzordeburua

Hilaren 25eko Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunaren harian, makinatxu bat ekimen antolatuko dira aurten be herririk herri. Bizkaie! kosta partera, Ondarroara hurreratu da eta herriaren eta inguru haretako egoerearen barri jakin guran, Rakel Elu, Ondarroako Udaleko Berdintasun batzordeburua konbidau dogu.


1.- Ondarroa herri arrantzalea izan da beti baina gaur arrantza sektoreak indarra galdu dau. Azken urteotan biztanleak galtzen be joan da herria, 1981ean 12.00tik gora ziran eta gaur egun 9.000ra be ez dira heltzen. Datuon aurren zein da zure eretxia?

Neu naz arrantzale baten eta sare konpontzaile baten alabea eta duda barik azken 30 urteotan gainbehera argia ezagutu dot hurretik. Mobimentu eta indar handiko portua izan da urteetan Ondarroa, bai bajuran, baita alturan be baina oro har lehenengo sektorearen krisiagaz batera, arrantzak be makalaldia bizi dau gaur egun. Egoera horren zergaitietan faktore asko dagoz baina lehenengo sektoreak ez dau bultzada politiko sendorik izan, beste arlo eta proiektu batzuen alde egin da. Guk lehenengo sektorea indartu gura dogu, arlo horrek badaukala etorkizuna pentsetan dogu eta gazteek herritik alde egitea gura ez badogu, badagoz hor bide batzuk jorratu beharrekoak, Azti, Itsas eta Elkagaien Zentru Teknologikoa, Baleak proiektua, EHUren ikerlana eta bestelakoak. Nekazaritzea sektorea be ez dago ondo eta horra be indarrak bideratu gura doguz, bertoko produktuen konsumoa sustatuz, proiektuak abiarazoteko laguntzinoak bideratuz...


2.- Saregileak, gehienak emakumeak, 65 edo dira egun Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Getaria, Orio eta Hondarribiako portuetan. Galtzear dagoan ogibidea da...

Bai. Edozelan be, saregileak gizonezkoak dira eta sare konpontzaileak, barriz, emakumeak. Kontua da ze Berdintasun batzordean, Kontseilua dogula emakume taldeak batzeko gunea eta bertoratzen hasi dira sare konpontzaile emakume taldeak. Zeuk aitatu dozuzan herrietako ordezkariak batzen dira eta ahal daben neurrian euren egoera eskasaren barri helarazoten deutsee erakundeei. Saregile zein sare konpontzaileen preminak hor dagoz baina emakumeen egoerea baltzagoa da, euren lan baldintza eta eskubideen alde gogor dabilz beharrean baina, berbarako, sareak konpontzeko aterpeak eta eskatzen dituenean, ateak zarratzen jakez. Emakumeak dira, gitxi dira baina Ondarroan Kontseiluaren babes osoa daukie.


3.- Ondarroan sano indartsua da parte-hartze soziala. Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunaren inguruan zenbat talde, alkarte eta lagun inplikau dan oso deigarria da, Andrabanda Feminista, Uxu Ondarroako Emakume taldea, Txo! antzerki kolektiboa, Allarte Kultur Alkartea...

Bai. Eta oso pozik gagoz, izan be, pasa dan maiatzean udal gobernura heldu ginanetik eta lehendik be bai Bildukoon helburua arlo desbardinetan ahalik eta herritar gehienen parte hartzea sustatzea da. Gure arloan, 1999. urtean Udal Emakume batzordea sortu zan emakumeen partaidetzea sustatzeko helburuagaz. Batzordea gauzatzeko deialdia herriko emakume taldeei luzatzeaz gan, maila indibidualen feminismoagaz loturea eben edota herriko gizarte mobimentuan zeresana eben zenbait emakumeei be egin jaken. Hasiera batean egindako lana Gizarte Zerbitzuetatik koordinetan bazan be, batzordea Idazkaritzearen menpe gelditu zan laster. Urte berean eta batzordearen eskakizunei erantzuteko Udal Emakume Zerbitzua sortu zan, gaur egun Bardintasun Saila deitzen dana.

Bidea luzea izan bada be, gaur egun Bardintasun Sailak izaera egonkorra dauka Udalaren barruan, baita hasierako Emakume Batzordeak be; lehen esan deutsudan lez, gaur egun Udal Berdintasun Kontseilua daukagu martxan eta esan deutsudan lez, arlo honetan be ahalik eta parte hartze handiena gura dogu. Ondarroan emakumeen talde asko dagoz, indartsuak dira eta ibilbide luze eta emonkorrekoak eta Udalak horreek babesteko jarrera argia dauka.


4.- Aitatutako taldeotan zenbatekoa da gazteen presentzia?

Emakumeen Kontseiluan, emakume gazteen presentzia ez da hainbestekoa gaur egun. Eskarmentu handiko emakumeak dagoz taldeotan, urte askotan feminismoaren alde beharrean dabilen jentea. Edozelan be, azken aldion jente gazteagoa be hasi da hurreratzen eta hori poztekoa da. Ganera, zubi lana egiten hasita gagoz Gaztetxeetan dabilzan asanbladatako neska gazteakaz, Kontseilura hurreratu daitezan.


5.- Beldur barik, gazteen artean bardintasuna, errespetua, autonomia eta askatasuna sustatzeko asmoagaz Berdinsarea (Eudel) udalerrien sareak abiarazotako programearen barruan, II. Beldurrik Barik Lehiaketea egin dozue Ondarroan...

Hainbat taldek parte hartu dabe eta oso pozik gagoz. Igaz lehenengo edizinoan kategoria bakarra egon zan eta aurten hiru kategoria zehaztu genduzan: 27 urtetik gorakoak; 18-26 bitartekoak; eta 12-17 urte bitartekoak. Danetara, maila handiko 10 lan aurkeztu dira eta Beldur Barik lehiaketa nagusian zeresana emon leikiela, lehiakorrak izango dirala pentsetan dot. Epaimahaiaren erabakia honako hau izan da: 12-17 urte bitartekoen kategorian, lan irabazlea: Beldurrik ez izan da; egileak: Leire Larrañaga, Naiara Perez, Maitane Lejardi, Haizea Ituarte, Izaro Ituarte, Maitane Mariño eta Leire Cabero; 18-26 urtekoetan, lan irabazlea: Erantzi loturak izan da; egileak: Eneritz Zeberio Artetxe eta Andoni Garcia Alkorta; 27 urtetik gorakoetan, June Alegria, Ainara Aramaio eta Amaia Egañaren Urten bilurrik baik izan da irabazlea

Zemendiaren 25ean, 17:30ean, egingo da sari banaketea Kofradia zaharrean.


6.- Ondarroan makinatxu bat ekitaldi antolatu dozuez zemendiaren 25eko Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunaren inguruan, erakusketak, antzezlanak, berbaldiak, alkarretaratzeak.... Zeozer nabarmentzekotan?

Zeozer nabarmentzekotan, akaso, zemendiaren 25ekoak, egun horixe dalako emakume danak bat egiteko eguna. Eguerdiko 13:00ean, alkarretaratzea egingo dogu Alamedan; 17:30ean, Beldurrik barik ekitaldia hasiko da, finalisten erakusketea eta sari banaketea; arratsaldeko 18:00retan, Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez lemapean, manifestazinoa egingo dogu Kofradia Zaharretik Alamedara Andrabanda Feministeagaz batera; jai giroan joango gara ze emakumeen kontrako indarkeria salatzeko eguna izan arren egoera gogor horri bueltea emon eta oro har gizarteari erakutsi gura deutsagulako emakumeok indar handia daukagula eta heziketearen bidez bueltea emongo deutsagula egoera horri. Gaueko 22:30ean, barriz, Kafe Antzokian, Azaroak 25... Egun normala? antzezlana eskainiko dabe Traman & Brix antzerki taldeak eta Txo antzerki kolektiboak.

Edozelan be, aste osoan zehar, badira beste aukera batzuk, berbarako, hilaren 23an, Kofradia Zaharrean, Feministak martxan dokumentala eta berbaldia izango dogu Miren Aranguren eta Joan Etxanogaz; horrezaz gan, hilaren 26an, 28an eta 29an be ekitaldiak izango dira (Informazino gehiago erantsitako artxiboan).


7.- Datuetan sartuta, emakumeakazko indarkeria kasuei jagokenez, Ondarroan zelan dagoz gauzak? Gorabeherarik zian da azken urteotan?

Orain momentuan, daturik ezin deutsut emon. Gizarte zerbitzuetatik eta jaso doguzan egoera eta datuak aztertzen gabiz. Zoritxarrez herri guztietan dagoz kasuak eta Ondarroan be bai, jakina. Hori bai, badakizu kasu asko salatu barik, isilpean geratzen dirala, bildurragaitik edo lotseagaitik eta gu enterau be ez garela egiten. Kontua ez da izenak eta argitaratzea, konfidentzialtasuna garrantzitsua da kasuotan baina zeozelako mapa edo argazki bat egiteko, arazoaren neurria zenbatekoa dan jakiteko nahitaezkoa da jakitea zenbat kasu eta zelakoak diran jakitea, ze prebentzino neurri hartu behar dan zehazteko eta abar. Horretan gabiz.


8.- Emakumeakanako tratu txarrei aurre egiteko politikak, bardintasuna, zaintza partekatua... Erronka eta emon beharreko pausuetan zeintzuk dira lehentasunak?

Egiteko asko dagoz, bai. Lehenengo eta behin, martxan egoanagaz jarraituko dogu, berbarako, Emakumeen Etxea proiektuagaz. Emakume taldeetan galdeketa bat aurkeztu dogu zelako Etxea gura dogun jakiteko.

Jabekuntza Eskolea be indartu gura dogu, orain arteko eskaintzea zabaldu. Hau be urteetan martxan dator, sendo dago eta eredu be bada Gipuzkoako hainbat herritan.

Bestetik, Urtxintxa enpreseak kudeatzen dauen Hezkidetza proiektua be hor dogu, eskoletan martxan, ikasle eta gurasoen ekarpenak buztartuz.

Azken buruan, Emakumeen Kontseiluaren bitartez, herritar danari dei egiten deutsegu batzordeetan parte hartu deien. Ekarpenak zenbat eta gehiago izan aberatsagoak izango diralako emoitzak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu