Salgai honezkero Seaskaren egutegia

Bizkaie! 2011-11-17 14:22

Urtero legez, aurten be Seaskak bere egutegiak argitaratu ditu. Ganera, 2012 urte berezia izango da, izan be, egutegiaren formula horren 30. urtemugea izango da

Urtero legez, aurten be Seaskak bere egutegiak argitaratu ditu. Ganera, 2012 urte berezia izango da, izan be, egutegiaren formula horren 30. urtemugea izango da eta esangura horretan, zeozer berezia egin guran, bart arratsaldeko aurkezpena Baionako Euskal Museo ederrean egin eben.


Ixtorio luze bat

Gaur egun, jakin behar da ataraten dogun egutegiak garrantzia ekonomiko handia dauela, eta salmenten emoitzei esker ikastolak kudeatzen dituen gurasoen alkarteak bizi dirala. Aspalditik egiten dira egutegiak Seaskan. 1970 hamarkadan be egiten ziran, bainan forma sinpleagokoak ziran: zarratuagoak ziran eta data besterik ez euken. Garai haretan, Hendaiako Mugalde inprimategian egiten ziran eta gurasoek hara joan behar izaten eben lan egitera, egutegiaren 6 orrialdeak alkarregaz estekatzeko spirale bategaz.

Garai haretako bi personen lana azpimarratzekoa da: Joxe Muruaga, inprimategian lan egiten ebana eta Xan Koskarat, Seaskako permanentea zana…


Euskal izenak

Aurrerago, 1982. urtean, erabagi zan egutegi horrek euskal izenak batuko zituala. Joxe Muruagak eta Manex Goienetxe historialariak lan handia egin eben beraz, euskal izenak zerrendatzen eta bestelakoak egiten. Horretarako, mota desbardinetako iturriak erabili zituen; berbarako Joxemiel Barandiaran antropologoak ikertu eban euskal mitologian hartu zituen izen batzuk, edo ohiturak euskaldun egin eban saindu batzuen izenak, edo toponimia erabili eben ala literaturan asmautakoak izan diran izenak (adibidez, Agustin Xahok asmau eban Aitor ala Aitzol olerkari bizkaitarren izena...).

Apurka-apurka, egutegi xuri, berde eta gorriak arrakasta handia batu eban eta jakin behar da erreferentzia bilakatu dala guraso askorentzako: beren seme-alaben izenak hor topau zituelako.


Apainketea

Luzaroan, egutegiaren orrialdeak apaintzeko, euskal artisten margolanen irudiak erabiliak izan dira. Joan dan urtean lehenengo aldiz, argazkiak ezartzeko erabagia hartu eben, Gaizka Iroz argazkilariaren irudiak izan ziran, euskal izadiaren edertasuna azpimarratzen zituenak.

Aurten, egutegiaren ibilbide luzea ospatzeko, Daniel Velez argazkilari famatuari bere argazki batzuk aukeratzea eskatu jako. Eta egutegirako aukeratutako argazkiak oso ederrak eta hunkigarriak dira, aldatzen dagoan gizarte baten lekukotasunak agiri diralako, berbarako, 1965. urteko argazki batean aabade bat agiri da pelota jokoan, edo Mauleko pastoralean barreka karkailaka dagozan ikusle kapeludunak, edo Garaziko merkatuan kalakan dagoan andere talde bat, edo pesta barriko prosezionean lotsaturik dabilzan bi neska ttipiak…

Kontuak kontu, beste persona garrantzitsu bati be esker ona adierazo gura deutsagu, Xabier Gutierrez jn.ari, hain zuzen, izan be, bere kamioiagaz egutegi kartoinak Euskal Herriko bazter guztietara eroaten ditu.

2012. urteko egutegiaren 50.000 ale inprimidu ditue. Ikastoletako gurasoek salduko ditue gehienbat, bainan Elkar denden sarean eta Durangoko azokan be egongo dira. Salneurria: 4 €. Duda barik, urte amaierako erregalu sinple eta ederra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu