'Animalien afera' dibulgazinoko liburua kaleratu barri dau EHUk

Bizkaie! 2011-11-17 11:53

Animalien aferak liburua argitaratu barri dabe EHUko Juan Ignacio Perez Iglesias eta Miren Bego Urrutia irakasle eta animalia biologian adituek. Animalia-espezieek zelan eboluzionetan daben aztertu dabe lanean. Zemendiaren 17an egingo dabe aurkezpena, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibersidade Eskolan, Elkano kalean, 19:00etan.

Animalien aferak liburua argitaratu barri dabe EHUko Juan Ignacio Perez Iglesias eta Miren Bego Urrutia irakasle eta animalia biologian adituek. Animalia-espezieek zelan eboluzionetan daben aztertu dabe, eta besteak beste, ugaltzeko, bero egoteko, arerioengandik iges egiteko edo ingurune gogorretan bizirauteko erabilten dituen estrategiak azaldu ditue. Liburua EHUko Zio dibulgazino zientifikoko bilduman kaleratu dabe.

Zemendiaren 17an egingo dabe jentaurreko aurkezpena, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibersidade Eskolako ekitaldi-aretoan, Elkano kalean, 19:00etan. Ekitaldian liburuaren egileak eta Iñaki Goirizelaia EHUko erretoreak izango dira.

Animalien aferak beharrean, egileek azkenengo urte biotan euren bitakoretan (Animaladas eta Uhandreak) egindako sarrera interesgarrienak jaso ditue. Beharra euskeraz argitaratu dabe, eta Jesus Ruiz Jesse izan dabe ilustratzaile. Kirmen Uribe idazle ondarraotarrak idatzi dau berbaurrea, eta Iñaki Goirizelaia EHUko erretoreak, epilogoa.

Juan Ignacio Perez Iglesiasen esanetan, unibersidadeko irakurleei, eta askoz be irakurlego zabalagoari zuzendutako liburua egiten ahalegindu gara, eta arlo honeetan interesa dauken guztiei zuzenduta dago: animalien bizitza, espezieen eboluzinoa, eta, zehatzago, biziak berak, forma desbardinetan, zelango estrategiak erabilten dituan biziraupen-arazoak konpontzeko.

Egileek estilo entretenigarria erabili gura izan dabe, jakin-mina biztea, eta asetzea da euren helburua. Bizitzari buruz gogoeta egiteko be aukerea eskaini nahi dogu, azaldu dabe.

Bibliako Genesia liburuaren lehenengo kapituluaren ganeko hausnarketeagaz hasi dabe liburua. Hamaika gai jorratu ditue Perezek eta Urrutiak, tartean, animaliek zelan egiten deutsen aurre hozatri eta beriari,zelan gordeten daben ura, zer estrategia dauken oxigenoa lortzeko, zelan elikatzen diran, eraso- eta defensa-taktikak eta abar.

Aitatutako egoera bakotxak konponbide fisiologikoak eskatzen ditue. Animalia espezieek bide desbardinak asmatu ditue horretarako. Biziaren abentura handi hori ulertzea sano interesgarria da, eta gizakiari buruz be asko esaten deusku. Horrezaz gan, Lurraren, Lurreko biziaren eta gizateriaren beraren etorkizunari buruz hausnartzeko aukera emoten dau, argitu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu