Bilboko Kontsuladuaren 500 urteko historia batu dabe Itsas Museoan
2011-11-11 14:47 KultureaDokumentu zahar, margolan, maketa eta errepliken bidez, 1511tik gaur arte Bilboko Konsuladuak eta haren ondorengoa dan Merkataritza Ganbareak egindako ibilbidea aztertzen da. Itsasadarraren garapenean eta Bilboren arima komertzialaren sorreran erakunde horrek euki eban garrantzia azpimarratzen da, batik bat. Urtarrilaren 8ra arte egongo da erakusketea Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan.
Dokumentu zahar, margolan, maketa eta errepliken bidez, 1511tik gaur arte Bilboko Konsuladuak eta haren ondorengoa dan Merkataritza Ganbareak egindako ibilbidea aztertzen da. Itsasadarraren garapenean eta Bilboren arima komertzialaren sorreran erakunde horrek euki eban garrantzia azpimarratzen da, batik bat. Urtarrilaren 8ra arte egongo da erakusketea Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan.
Erakusketa hirukotx baten zati da Itsas Museoan zabaldu dabena. Euskal Museoan, Bilboko gizartean Kontsuladuak izandako eragina aztertzen dan erakusketea antolatu dabe eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan, erakundeen alorrera zabaldu dabe ikuspegia. Itsas Museokoak, barriz, erakundea itsasadarrean kokatzen dau, Bilboko errekea eta Kontsuladua alkarren osogarri dirala nabarmentzen da.
Itsasadarra eta Bilboko merkatal-jarduerea arautzen eban Kontsuladuaren arau-moltsoak, eta hori legedi komertzialaren gailurra izan zan berton, azpimarratu dau Jose Angel Corresek, Bilboko Merkataritza Ganbarako presidenteak; Itsas Museoko presidente be badanak konsuladua eta museoa, biak arduratzen dira itsasadarreko jardueraz, lotura hori azpimarratu behar da gehitu dau.
Bilboko Konsuladua 1511n sortu zan eta erakunde hori desagertu eta gero, Bilboko Merkataritza Ganbareak hartu eban lekukoa, 1886an. Beraz, erakunde biak ospakizunetan dagoz aurten, 500. eta 125. urteurrenak dirala eta, hurranez hurran.
Jose Maria Arriola notarioa eta Bilboko Konsula izan da erakusketea atontzeko ardurea hartu dauanetako bat. Bost mende bete ditu Kontsuladuak eta efemerideak merezidu dau erakusketa hirukotx hau, esan dau. Aurkezpenean, erakundearen historia ekarri dau gogora Arriolak: 1484an, errege-erregina katolikoek Bilboko Unibersidadea onartu eben, hau da, uriko merkatari guztien alkartea, baina 1511n emon eutsien jurisdikzinoa eta orduantxe sortu zan Bilboko Kontsuladua, merkataritza arloan legeak egin eta betearazoteko ardurea eukan erakundea.
1737ko Bilboko ordenantzak, Konsuladuak eginak, garrantzia handikoak izan zirala azpimarratu dau Arriolak, mundu osoko merkataritza-zuzenbideko liburu guztietan aitatzen dira arauok, sasoi haretan erreferentzia izan ziran eta. Konsuladuaren sorrerearen eta ordenantzen inguruko dokumentu zahar askoren kopiak ikusgai dagoz erakusketan.
Ganera, margolan ugari be badagoz Itsas Museoan, Bilboko jarduera komertziala agirian ixten dabenak. Nabarmendu beharrekoa da Manuel Losadak XIX. mendean egindako koadroa, Konsuladuaren Falua ontzia Bilboko plazearen aurretik igaroten ikusten da bertan, azaldu dau Jose Maria Arriolak. Falua ontzia Kontsuladuaren poterearen sinbolo nagusia zan eta haren erreplikea ikusi daiteke museoan bertan. Dokumentuen kopiak eta koadroak eskuratzeko, hainbat erakunderen kolaborazinoa euki dau Itsas Museoak.
Era berean, eta gaur egungo itsasadarraren erakusgarri, maketa bi be ikusgai dagoz: bata, Bilbao Ria 2000k lagatakoa, Abandoibarraren maketea da. Bestea, Bilbo osoaren maketa argitsu eta handia da (areto oso bat hartzen dau), Shanghaiko Erakusketa Unibersalean egon zana, hain zuzen. Ikusentzunezkoez, panelez, mapa nautikoez eta bestelako dokumentuez osotu dabe erakusketea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!