Cecilio Gerrikabeitia: 'Beti egongo da kantetako zaletasuna'
2011-11-07 10:45 BarriketanBilboko Koral Alkarteak 125 urte bete zituan abuztuaren 3an. Ez da marka makala. Denporaldi osoan hainbat kontzertu eta ekimen atondu ditue urteurrena ospatzeko. Zemendiaren 24tik 27ra, berbarako, Italiara doaz, Modenan, Bergamon, Sondalon eta Brescian kontzertuak eskaintzera. Cecilio Gerrikabeitiak 30 urte daroaz Koral Alkartearen zuzendaritzan, eta badauka zer kontau erakundearen historiaz eta etorkizunaz.
1.- Aurten, 125. urteurrena dau Bilboko Koral Alkarteak. Zein da adin horretara ailegetako sekretua?
Sekretua ekinean dago, duda barik; ekinean eta, belaunaldiz belaunaldi jente askok izan dauen indarrean. Helburua interesgarria zan, eta holan 125 urte bete doguz.
2.- Eta zein izan da, ba, motorra urteotan?
Sasoi bakotxak bere motorra euki dau; hasieran jakin-mina, interes handia egoan Bilbon, itzela. Giro horretan sortu zan Bilboko Koral Alkartea, estadu espaniarreko lehenengoa, hain zuzen be. Bilbotik sartu zan Espainiara Europa erdialdeko koralen mobimentua, horregaitik da gurea zaharrena. Gorabeherak izan arren, beti egon da jentea aurrera egiteko prest. Gaur egun neu naz presidentea, eta neugaz batera bultzada handia daukan taldea dago.
3.- Mende eta lauren honetan, sasoi onak eta txartxuagoak egongo ziran, ezta?
Hasieran sasoi sano onak izan ziran, apartak. Orduan, abesbatza gizonezkoa zan; modan egoan lehiaketetan parte hartzea, eta Koral Alkartea aurkezten zan bakotxean sariren bat irabazten eban, ez bazan lehenengoa, ohorezkoren bat. 1905ean emakumeak sartu ziran. Urte horreen inguruan genero lirikoa indartsu hasi zan. Koralak opera batzuk estreinau zituan, Usandizaga, Guridi eta orduko egile beste egile garrantzitsue batzuei enkargetakoak. 1910ean, hiru opera aurkeztu ziran. Halango indarra eukan Koralak; kapaz izan zan hiru opera eskaintzeko. Ez da marka txikia, izan be operak enkargau egin behar dira, jantziak egin, eszenatokia atondu... behar ikaragarria da. Ostean, bide sinfoniko-korala hartu eban alkartean. Sasoi hareetan zuzendaritzan korronte bi egozan; batzuk sinfoniko koralaren aldekoak zira, besteak, barriz, lirikoarenak. Sinfoniko-koralak irabazi eban, eta besteek, lirikoaren aldekoek, beste alkarte bat sortu eben, gaur egun OLBE-ABAO dana, Operaren Bilboko Lagunen Elkartea. Danentzako lekua egon da, baina urteekaz ikusi dogu sinfoniko-koralak behar asko baina luzimendu txikia dauka; eta, opereak, gero eta lujo handiagoa dauka, garrantzi handiagoa hartu dau. Koral Alkarteak bide sinfoniko-koralean segiduten dau, eta gaur egun hiru abesbatz, orkestra bi eta konserbatorio bat daukaz.
4.- Urteotan gorabeherak izan dira bazkideen kopuruan? Eta abeslarien kopuruan?
Danetarik izan da. Orain hogei bat urte, 1500 bazkide ziran, eta gaur egun, 1300 inguru dira. Aldatu egiten da, batzuetan gehiago, beste batzuetan gitxiago: modak badauka zerikusia, eta egoera ekonomikoak bere bai. Ordaintzen dan kuotea txikia da, baina krisialdiak igarri egiten dira. Dana dala, daneri eskertu behar jakie urteotan egin daben ekarpena.
Abeslariei jagokenez, gaur egun 120 bat dira. Danak ez dagoz aktibo, jakina, baina kontzertu berezi bat dagoanean, deitu eta etorten dira. Joan dan hilean, urriaren 21ean, Euskaldunan euki genduan kontzerturako deia zabaldu zan, eta erdi erretirauta dagozanak etorri ziran. Koralista aktiboak 100 edo dira. Euskeria koralean 35-40 bat abeslari daukaguz, gazteak danak. Hirugarren taldea konserbatorioko umeek osotzen dabe, 50-80 inguru dira. Oskestetan, batez beste 30 bat lagun dabilz beharrean.
5.- Zelangoa da Koral Alkartearen egunerokoa, entseguak, batzarrak...?
Mobimentu handia dago egunero-egunero. Abesbatz mistoak astelehen, martitzen eta eguenetan daukaz entseguak, eta kontzertu garrantzitsuen aurreko eguneten bere bai, jakina. Euskeria gazteen abesbatzak eguezten eta zapatuak ditu entseguetarako, eta umeek, bariku eta zapatuak. Ondo kalkulau behar dira saioak, ordutegiak eta aretoak ondo aprobetxetako.
Konserbatorioaren jarduna normalean arratsaldez izaten da, lauretatik bederatzietara. Ia 500 ume dabilz konserbatorioan kantuan ikasten hiru urtetik hamabostera. Gurasoak, aitita-amamak, umeak eurak... mobimentu ederra izaten da hemen arratsaldero. Hori da politena, ilusino handia dago.
6.- Euskaldunoi asko gustetan ei jaku kantetea, hori esan izan dabe sikeran. Gaur egun be halan dala uste dozu?
Nik baietz uste dot, zaletasuna hor dago, baina eszenatokiak aldatu egin dira; lehen ohikoa zan tabernetan abesten entzutea, dana dala batzuei ez jaken lar be gustetan, eta hainbat lekutan galarazo egin eben abestea. Oraindino, badagoz Bilbon txikitero taldeak abesten dabenak, eta benetan be ondo egiten dabe, ganera. Gaur egun, aisialdirako aukera asko dagoz, telebisinoa, kirola... Abesteak, akaso, garrantzia galdu dau, baina beti egon da zaletasuna. Eta beti egongo da kantetako zelatasuna.
7.- Gaur egun zeintzuk dira Koral Alkartearen erronkak?
Bidean segidutea, ekitea, da gure helburua, baina imajinazinoari eragin behar deutsagu, gero eta laguntzino gitxiagon dagoalako, erakunde eta enpresen aldetik. Krisia dala eta, gure babesle izan diran enpresa batzuek txikitu egin dabe ekarpena. Ekinbide barriak asmau behar doguz, Koral Alkartearen indarrari errentagarritasun handiagoa atarateko.
8.- Hogeita hamaika urte daroazuz presidente, eta lehenago abeslari izandakoa zara bederatzi urtez. Zelan ikusten dozuz hasierako sasoiak?
Ba, abeslari 70etik 79ra ibili nintzan, eta presidente 1981etik. Urrun eta hur, bietara ikusten dodaz harek sasoiak. Nire bizitzako urte politak izan dira, bainan daborduko badaukat txanda eskatzeko gogoa. Erakunderako sano ona da jente barria sartzea, asmo barriak, talde barriak.
9.- Asko aldatu da Koral Alkartea 30 urtean?
Orain 30 urte gure egoitzea Urkixo Zumardian egoan; hasieran pisu bitan, ostean, lau pisutan, eta igogailu barik. Ez zan kontu erraza, gora eta behera ibilten ginan, parau barik. Gaur egun, zorionez, askozaz hobeto gagoz, alokairuan gagoz, baina egoerea bestelakoa da. Entseguetarako areto ederrak daukaguz, konserbatorioa be ederto dago. Pozik gagoz. Egoerea aldatu egin da, bai, eta onerako, zorionez.
10.- Abuztuaren 3an bete zenduen urteurrena, baina 2011-12 denporaldi osoa hartu dozue ospatzeko, ezta? Zeintzuk dira ekitaldirik garrantzitsuenak?
Abuztuaren 3a baino lehen hasi ginan ospakizunekaz, kontzertu berezi batzuk emon genduzan. Kontzerturik garrantzitsuena urriaren 21ekoa izan zan. Geugaz batera, Deustuko Unibersidadeak eta Bilboko Merkataritza Ganberak be 125 urte bete ditue, eta alkarregaz antolatu genduan kontzertua, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzino handiagaz. Londreseko BBC-ren orkestrea etorri zan. Kontzertu ederra izan zan, sano ona, bizitza osoan gogoratzekoa.
Laster argitaratuko dogu disko bat, Bilboko Udal Bandeagaz grabau dogu, abesti bi, ganera, Xabier Amuriza eta Andoni Egaña bertsolariek beren-beregi idatzi ditue. Egunotan jaso dogu grabazino originala, eta oso gustura gagoz.
Horrezaz gan, zemendiaren 9tik 13ra, Eric Whitacrek AEBetako musikagile ezagunak tailerra emongo dau. Lan jardunaldi horreen helburua Euskeria abesbatzak, Konserbatoriokoak eta Bilboko Koral Alkartekoak Whitacreren obrea bere eskutik interpretetea eta ezagutzea da. Jardunaldiak musikagileak berak zuzenduko dauen kontzertuagaz amaituko dira hilaren 11n, Bilboko Alhondigan. Ostean, asteburu horretan, tailer edegia egingo da estaduko beste abesbatza guztientzat. Hainbatek emon dabe izena, izan be aukera parebakoa da.
2012ra begira, kontzertuak atondu doguz: maiatzean, esaterako, Arriagan izango dogu emonaldi bat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!