Euskerearen erabileraz hausnartzeko World Kafe arrakastatsua Elorrion

Bizkaie! 2011-11-02 13:09   Euskerea berbagai

Elorrioko merkataritza eta ostalaritzan gaztelania da nagusi, eta alor sozioekonomikoan hizkuntzeak dauen egoera eta estatusa ganerako erabilera-eremuetan dauenaren antzekoa da. Edozelan be, herritarren gogoa aurrera begira euskerearen presentzia eta erabilera areagotzea da.

Orain 10 urte Elorrioko Udalak Geurien izeneko hitzarmena sortu eban herriko merkataritza, ostalaritza, zerbitzu-enpresa eta alkarteetan euskerearen presentzia eta erabilerea sustatzeko asmoz. Hitzarmen horren barruan hainbat ekimen antolatu dira azken urteetan: merkatari eta ostalarien hizkuntza-gaitasuna hobetzeko ikastaroak edo euskarri lagungarriak, hizkuntza-paisaian eragiteko kanpainak, hizkuntza-jarrerak lantzeko tailerrak, itzulpengintza-zerbitzua, eta abar. 2008tik aurrera udalak Elhuyar Aholkularitzagaz lankidetzan bideratu ditu lan horreek.

Urte honeetan guztietan batez be komertzio eta tabernetako langileakaz ibili gara lanean, baina jakin badakigu salerosketa prozesuan eragile batek baino gehiagok hartzen dauela parte. Hori dala eta, preminea ikusi dogu begiradea apur bat zabaldu eta prozesuan parte hartzen daben eragile desbardinakaz lan egiteko. Bakotxak gure alea jarriz, danon artean eregi geinkena aberatsagoa izango delako. Aurten gaia kalera atara nahi izan dogu, eta herriaren erdigunean kokatu gure hizkuntzea: Elorrioko plazan. Horretarako, urriaren 21ean World Kafea antolatu genduan, eta herritarrak plazaren bihotzean edegitako terraza barrira konbidau genduzan. Herriko plaza dendari, zerbitzu-enpresetako langile, alkarteetako ordezkari nahiz bezeroen topagune bilakatu zan. Eta topagune horren ardatza euskerea izan zan. Euskera, Elorrioko bihotzean beraz.

Hainbat lantalde sortu ziran herritarren artean, eta hiru galdera izan zituen eztabaidagai. Parte-hartzaileek guztiak lantzeko aukerea izan eben mahai batetik bestera salto eginaz. Hona hemen bertan ataratako hainbat ideia:

- Elorrioko merkataritza eta ostalaritzan gaztelania da nagusi, eta alor sozioekonomikoan hizkuntzeak dauen egoera eta estatusa ganerako erabilera-eremuetan dauenaren antzekoa da.

- Herritarren gogoa aurrera begira euskerearen presentzia eta erabilera areagotzea da. Horretarako, danok doguz etxeko lanak eta hona hemen herritarrek luzatutako hainbat eskaera eta proposamen:

1. Euskerea erabili egin behar dogu, dakiguna gitxi bada be. Euskerea zirrikitu guztietatik sartu behar dogu, arnasa hartu daian.

2. Dendari eta tabernariek euskaldunari erraztasunak emon behar deutsiez. Lehen berbea euskeraz egitera animau zituen, eta euren guneetan dituen informazino-euskarrietan (kartelak, menuak…) euskereari lehentasuna emoteko eskatu jaken. Azken batean, bezeroari euskeraz egin leikela sentiarazo behar deutsagu denda edo tabernara sartzen danean, euskeraz egitea aukera natural eta erraza izatea lortu, bildurrak, lotsak eta deserosotasunak baztertuz.

3. Euskaldunok gure konplexuak gainditu behar doguz eta hizkuntzeagazko gure leialtasuna indartu.

4. Danok egindako ahalegina eskertzeko eta ospatzeko guneak sortu behar doguz. Egindako bideari balioa emotea eta bide hori ikustarazotea garrantzitsua da.

Umeek be ez eben ekimen honetatik kanpo geratu nahi izan, eta euren lantaldeak sortu zituen. Helduak euren gogoetetan egozan bitartean, umeek marrazkiak egin zituen euskerea ardatz moduan hartuta. Euskerea herrikideen arteko topagune eta heldu nahiz umeen gozamen-iturri bilakatu zan arratsalde batez. Eskertzekoa eta ospatzekoa, bideari barriro ekin aurretik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu