Aitor Gorosabel: 'Disko freskoa eta bat batekoa gura izan dogu, Su Ta Gar % 100'

Koldo Isusi Zuazo 2011-10-31 10:29   Barriketan
Su Ta Gar taldeko abeslaria

25. urteurrena hur daukan Su Ta Gar talde eibartarrak Ametsak pilatzen diskoa plazaratu dau oraintsu. Heavy Metala euskeraz egiten lehenengoak izan ziran eta gaur egun be eredu izaten jarraitzen dabe. Xabi Bastida eta Aitor Gorosabel izan dira geugaz eta honakoak kontau deuskuez:


1.- 'Ametsak pilatzen' diskoaren aurkezpen birea urriaren 15ean hasi zenduen Hazparnen eta gero Bonberenean be jo dozue. Bireari Iparralden ekin deutsazue, zergaitik? Zelan bizi izan dozuez orain arteko zuzenekoak, jenteak zelan hartu ditu kantu barriak?

Aitor Gorosabel: Ipar Euskal Herria leku kuttuna da guretzako; Iparraldetik beti dagoz hegoaldera begira eta hegoaldetik, barriz, iparraldea nahikoa ahaztuta dagoala uste dot eta gauza askotan motorra dala esango neuke, bertakoak dira euskal talde klasiko asko, Niko Etxart, Errobi, Minxoriak, Anje Duhalde eta abar, aitzindariak izan ziran gauza askotan eta esan deutsudan lez, guk asko maite dogun ingurua da.

Hazparne (Urriak 15) eta Tolosako (Urriak 22) kontzertuetan jenteak sano ondo hartu ditu kantu barriak eta kontuan hartu behar da diskoa 19-20an jarri zala salgai. Disko barriko sei kantu jo genduzan eta Bilboko (Urriak 29) kontzertuan be holan egin dogu. Tarteka kantu zaharrak be sartu doguz eta harrerea oso ona izan da eta geu be oso pozik gagoz.


2.- 'Jainko hilen ugartea', 2006ko disko horretatik bost urte joan dira Ametsak pilatzen lana plazaratu arte baina tartean 20. urteurreneko lana atara zenduen 2009an. Zaleentzako denpora tarte luzea izan da baina zuok zelan bizi izan dozuez bost urte horreek, zertan ibili zarie?

A.G.: Geuri be luze egin jaku. Baina geratu barik ibili gara beharrean. Kontuan hartu 20. urteurrenekoa bilduma lana izan arren, burukomin handia emon euskula; tartean bira bat be egin genduan eta dana pilatu jakun, birea, estudioko lana, promozinoa eta azkenean konturatu barik joan jakun denporea. 2008tik 2009ra bira egin genduan eta 2009an kaleratu genduan diskoa. 2010ean hasi ginan geldiro-geldiro kantu barriak preparetan eta, beraz, urtebete, urtebete eta erdiko tartea hartu dogu azken diskoa preparetako.


3.- Hamaika kantu barri dakarz diskoak eta, oro har, letrak ez dira oso baikorrak... Letra, gai eta soinuaren aldetik, zelako kantuak dira?

Xabi Bastida: nahikoa kritiko azaltzen gara beti baina ez dogu ezer suntsitu gura, kritika eraikitzailea bilatu dogu.
A.G.: Edozelan be, ikuspuntu positiboa be emon gura izan deutsagu lanari, sasoi itxaropentsuan sartu gara Euskal Herrian eta hori be agirian itxi nahi izan dogu 'Ametsak pilatzen' kantuagaz.
X.B.: Su Ta Gar kañerue agiri da diskoan, gure esentziari eutsi deutsagu eta tarteka balada gozo bat be badago, popetik hurrago heavytik baino. Baina musika indartsua da gurea, gitarra eta bateria doinu gogorrakaz baina melodiak be zaindu doguz. Diskoa abiatzeko aukeratu dogun kantua, berbarako, bitxia da, bateria bako instrumentala, kutsu klasikoa daukana.
A.G.: disko freskoa eta bat batekoa gura izan dogu, kopla bakoa, Su Ta Gar % 100.


4.- 'Ametsak pilatzen' diskoa hiru taldekideren artean grabau dozue, Dabid Zarzosak taldea itxi dauelako oraintsu.... Kalte taldeko gitarristea Igor Diez izan zan Dabiden ordezkoa taldean bajua joteko baina diskoaren grabazinoan ez dau parte hartu...

A.G.: Ez. Bajua neuk grabau dot ze azkenean, Dabidek taldea itxi ostean arrapaladan ibili gara, diskoa preparetan, bajujole barriaren bila, jenteagaz aprobak egiten... Igorren lana asko gustau jakun baina azken erabagia hartzeko be denporea joan jakun eta azkenean diskoaren grabazinotik kanpo geratu zan. Edozelan be, horri ez deutsagu aparteko garrantziarik emoten, izan be, diskoaren zuzenekoetan Igor geugaz dabil eta Su Ta Gar taldeko kidea da honezkero.

X.B.: Bai, dagoeneko laukote moduan funtzionetan gabiz.


5.- Talde beteranoa zarie, hur dozue 25. urteurrena be. Heavy Metala euskeraz egiten lehenengoak izan zinien eta gaur egun be eredu izaten jarraitzen dozue. Ez dozue nekerik igarten? Zein da hain luzaro irauteko sekretua? Zuon ibilbide horretan, momentu onak eta ez hain onak be biziko zenduezan...

A.G.: Nekerik ? Bai eta ez. Nekea bai, baina bizitza emoten deusku taldeak. Guretzako ogibidea da taldea eta horrek nahitaez dakar zeure buruari lana eta dedikazinoa eskaintzea. Edozein lanetan lez, momentu onak eta txarrak dagoz, nekea be sentiduten dozu batzuetan baina momentu ederrak be badagoz, jakina. Guretzako pasinoa da taldea, bizitzako parte inportantea.

X.B.: Nekea baino monotonia puntua sentidu zeinkela esango neuke baina horri aurre egiteko beti daukagu proiektu barriren bat eta horra bideratzen doguz indar guztiak. Erronka barri horreekaz ilusino berpizten jaku eta aurrera goaz. Gustoko beharrean ez dago aldatzik.

A.G.: Ezkutuko sekreturik ez dago. Su Ta Gar bako bizitzarik ez dot imajinetan, gure bizipoza da taldea eta, beraz, lana eta lana da botika magikoa.

A.G. eta X.B.: Momentu txarrena, duda barik, Borxak 1995ean izan eban istripua izan zan.

X.B.: Momentu onak, barriz, pilo bat. Baina ez neuke bat azpimarratuko. Gure ibilbidean emon doguzan ia 900 kontzertuetatik kontzertu gogoangarriak izan doguz, jenteagazko hartu-emonak...

A.G.: Norberak egiten dauena jentearen gustokoa dala ikustea gauza handia, oso ederra da eta zaleek esandakoakaz be askotan puztu egiten gara, berbarako, zulo baten sartuta negoan eta Su Ta Gar taldeari esker hortik urtetea lortu dot; zuoi esker ikasi dot euskerea maitatzen; zuon mezu eta kantuakaz bete-betean identifiketan naz...


6.- Orain urte batzuk baino musika estilo eta talde gehiago dago gurean, aukera zabalagoa. Heavy Metala bizirik al dago?

X.B.: Zorioneko krisiak arlo danak jo ditu eta, jakina, musikearen munduak be egoera gogorra bizi dau. Baina galdereari erantzunez, Heavy Metala osasuntsu dagoala uste dot. Bolada baten zeozelango jokerea egoan metalaren barruan, klasikotasunetik urten guran edo, azpigeneroetan sartzeko, trash, dead metala, speed, hardcore... Oraindino ba jokera horrek badauk indarra baina apur bat lasaitu dala esango neuke. Heavy Metala bizirik dago eta gure inguruko musika jaialdietako kartelak begiratzea baino ez dago, izan be, berez heavy jaialdiak ez diranetan, ia beti talde heavyren bat edo beste izaten da, antolatzaileek badakielako jarraitzaile asko dituela talde horreek.

A.G.: Heavy Metala jentetza handiak maite dau. Talde batzuk mundu mailako erantzuna jaso dabe eta hori ona da, nahiz eta talde asko egon, onak izan arren bape erantzunik jasoten ez dabenak.


7.- Mundu mailako krisia, pirateoa, Interneteko deskarga eta musikea konsumiduteko ohitura aldaketak tarteko, zelan bizi dozue zuok egoerea? Gaur egun posible al da musikatik bizitea?

X.B.: Gero eta gatxago dago kontua. Deskargak, diskoak ez erosteko jokerea lehenengo fasea izan zan eta gero etorri zan zuzenekoen indarra, zuzenekoetara joateko ohiturea. Edozelan be, gaur egun krisiak dana jarri dau hankaz gora eta gero eta gehiago begiratzen deutsagu diruari, zer disko, zein kontzertutarako sarrerea erosi... Giro horretan, guk orain urte batzuk, ausardia handiz, musikatik bizitearen alde egin genduan eta hor segiduten dogu.

A.G.: Taldearen barruan, Borxa, Xabi eta hirurok bizi gara musikatik baina Galderrek, berbarako, taldetik aparte lan egin behar dau.


8.- Aurten goitik behera barriztau dozue zuon webgunea eta sare sozialetan be burubelarri sartu zarie... Sasoi barrietara egokitzeko beharrizana ikusi dozue?

X.B.: Bai. Horixe da arrazoia. Egia esan, teknologia eta holako gauzetan gu ez gara izaten lehenengoetarikoak. Musika kontuetan be, merkatuan agertzen diran anplifikadore edo musika tresna barrien atzetik ez gara joaten itsu-itsuan, lasaiago ibilten gara. Dana dala, guretzako webgunea da zeozelan erdigunea edo ardatz, hor dago taldearen ganeko informazino guztia eta horren inguruan sare sozialetan be bizi-bizi ibilten gara, jenteagazko hartu-emonak, eretxi trukaketak eta asko errazten dituelako. Taldea bizirik mantentzeko tresna egokiak dira eta jenteak eskertzen dau ahalegin hori.

Gu hasi ginanean kaseta eta biniloa erabilten zan grabazinoetarako eta gero sortu zan CDa. Esan gura dot, eboluzionetea gauza normala da eta gaur egun jenteak musikea entzuteko Spotify eta You Tube plataformak erabiltea normaltzat hartu behar dogu.


9.- Abenduaren 30ean, Iruñean amaituko dozue birearen lehenengo zatia. Gero, 2012an, bigarren zatiari ekingo deutsagu eta emonaldiak berbatuten zabizie oraindino, ezta?

X.B.: Bai. Ilusino handiagaz gabiz. Urriaren 15en ekin geuntson aurkezpen bireari eta abenduaren 30ean amaituko da Iruñean, danetara, 15 kontzertu izango dira. 2012an, urtarrilean eta zezeilean gitxitxuago izango dira, dozena erditxua edo baina batzuk, bi edo hiru honezkero berbatuta daukaguz, iragarri ez badoguz be. Donostia, Barakaldo... gehiago be etorriko dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu