Trikitixea eta biolina izango dira Nazinoarteko Trikitixa Jaialdiko protagonistak Andoainen eta Oñatin
2011-10-19 12:32 MusikeaNazinoarteko Trikitixa Jaialdiaren hamargarren edizinoa atontzen dabilz egunotan Andoainen eta Oñatin Euskal Herriko Trikitixa Alkarteko arduradunek, izan be horreetan herrietan egingo dira aurtengo ekitaldiak. Urriaren 28an, Andoaineko Bastero kulturunean, eta, hilaren 30ean, Oñatiko Institutuan, Euskal Herriko eta kanpoko musikariek emonaldi ederrak eskainiko ditue. Eta zapatuan, Oñatin bertan, berbaldiak, kontzertuak eta kalejirak antolatu ditue.
Nazinoarteko Trikitixa Jaialdiaren hamargarren edizinoa atontzen dabilz egunotan Andoainen eta Oñatin Euskal Herriko Trikitixa Alkarteko arduradunek, izan be horreetan herrietan egingo dira aurtengo ekitaldiak. Urriaren 28an, Andoaineko Bastero kulturunean, eta, hilaren 30ean, Oñatiko Institutuan, Euskal Herriko eta kanpoko musikariek emonaldi ederrak eskainiko ditue. Eta zapatuan, Oñatin bertan, berbaldiak, kontzertuak eta kalejirak antolatu ditue. Trikitixea eta biolina izango dira jaialdiko protagonistak.
Euskal Herriko zein kanpoko musikariek parte hartuko dabe Andoaineko eta Oñatiko emonaldietan. Cyrille Brotto eta Alexandra Lacouchie (Okzitania), Stephen Doherty eta Patrick Doocey (Irlanda), Jorge Arribas eta Diego Galaz (Espainia) eta Euskal Herriko Jon Ostolaza eta Juan Arriola, eta Maixa Lizarribar, Ines Osinaga, Maite Loidi eta Xabier Zeberio musikariek osotzen dabe egitaraua. Trikitixaz gan, talde guztiek dauke biolinistea: hori da aurtengo ezaugarri nagusia.
Cyrille Brotto okzitaniarrak, Alexandra Lacouchie biolin-jotzaileagaz batera, Quercy, Gaskonia, Auvernia eta Limousingo errepertorio tradizionala eskainiko dabe, eta Stephen Dohertyk eta Patrick Dooceyk Irlandako doinuak ekarriko ditue.
Fetén Fetén izena dauka Jorge Arribas eta Diego Galaz Gaztela Leongo musikarien proiektu barriak. Herri musika tradizionala, kabareta eta beste estilo batzuk buztartzen ditue. Jorge Arribas Celtas Cortos taldeko kide izan da, baina bere proiektuei eutsi deutse, musika tradizionala, ganbara musikea eta folka landuz.
Arrabots taldea jantzaldi gidatuak egiteko sortu eben Txus Aranburuk, Arkaitz Minerrek, Gari Otamendik, Jokin Otamendik eta Iñaki Otegik. Bertoko plaza jantzak eta Europako herri jantzak erakutsi eta jai dibertigarriak egitea da Abarrotsen helburuetako bat. Eta helburua da herri musikan biolinari nortasun propioa emotea.
Jon Ostolazak eta Juan Arriolak emongo dabe hurrengo kontzertua. Ostolazak 2007an Faborez 01 diskoan parte hartu eban Rakel Pujanagaz, eta 2008an zuzenean grabatutako Lasturbidean atara eban. Arriola biolinistea da, folk musikea egitean dau, Alboka taldeko kidea izan zan hainbat urtean. Maixa Lizarribar, Ines Osinaga eta Maite Loidi trikitilariek Xabier Zeberio biolin-jotzailea izango dabe lagun.
Andoaineko emonaldia, urriaren 28an, Basteron izango da, 22:00etan; Oñatikoa, barriz, Institutuan, urriaren 30ean, 17:30ean.
Kontzertuoz gan, Euskal Herriko Trikitixa Alkarteak egitarau berezi-berezia preparau dau Oñatin zaparako, urriaren 29rako. Goizean, workshopak antolatu ditue, bai bertako bai kanpoko musikariekaz; arratsaldean, kalejirak eta emonaldiak izango dira Oñatiko hainbat tabernatan. Herri afaria eta erromeria be izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!