Euskadi izango da Espainiako ekitaldi gastronomiko handienaren protagonista Madrilen

Bizkaie! 2011-10-18 18:24   Jan edanak

Euskadi izango da protagonista eguaztenean, hilaren 19an, Madrilen, urtero Espainian ospatzen dan ekitaldi gastronomiko handienean, Millesime ekitaldian.

Euskadi izango da protagonista eguaztenean, hilaren 19an, Madrilen, urtero Espainian ospatzen dan ekitaldi gastronomiko handienean, Millesime ekitaldian. Euskal Autonomia Erkidegoa da Millesime ekitaldiko konbidatua, eta hiru egunen barruan goi-gastronomiako erakusketa handi bat izango da ekitaldi hori, 20 Michelin izar inguru batzen dituen 30 sukaldari baino gehiago bertan izango dirala. Horreen artean, honako euskal sukaldari honeek parte hartuko dabe: Fernando Canales, Bilboko Etxanobe jatetxekoa; Senen González, Gasteizko Sagartoki jatetxekoa, eta Álvaro Mina, Donostiako Mina jatetxekoa.

Ekitaldia eguaztenean hasiko da Madrilgo Casa de Campo parkean. Martin Berasategik eta Eusko Jaurlaritzako Turismoko zuzendari Isabel Muelak emongo deutsie hasierea. Millesime ekitaldian, egun bakotxean hiru jatetxek parte hartzen dabe, hiru sukalde-taldek diseinautako sei platerez osotutako menu bategaz. Muntaiak era askotako jarduera gastronomikoak garatzen dituan uri bat islatzen dau: bazkariaz gan, Open Bar bat edo bost tailer ikusiko doguz eta tartean, chef, sumiller eta barman onenek maisu-eskola esklusiboak emongo ditue. Hiru euskal sukaldarietako bakotxak hiru pintxo aurkeztuko ditu, show cooking deitutakoan; hor sukaldariek euren sormenak zuzenean egiten ditue eta konbidatuek bertan probau leikiez jatekoak egin ahala.

Ekitaldiak 800 laguneko edukiera mugatua dauka egunean, eta haren ikusgarritasunaren erakusgarri dogu pernilaren kalea deitutakoa, marka handiko postuakaz, baita garagardaoaren kalea deitutakoan be. Euskadiren aldetik, era berean, Donostiako Ardotekako Nerea Goñi sumillerra bertaratuko da. Millesimen, Euskadik Arabako Errioxako 17 bodegatako 40 ardao baino gehiago aurkeztuko ditu.

Millesime-n protagonista nagusi moduan konbidau izanak Euskadik mundu gastronomikoan dauen garrantzia berresten dau. Izan be, Euskadi da bere jatetxeetan Michelín izar gehien dituan autonomia erkidegoa. Gastronomia Euskal Herriaren nortasun-ezaugarri handienetako bat da eta turimoa erakarteko arrazoibide bilakatu da. Alde horretatik ezin da ahaztu Euskadira datozen bisitarien kopurua inoiz baino handiagoa dala gaur egun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu