Leire Bilbao: 'Poesia gosea da niretzat'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-10-10 11:55   Barriketan
Idazlea

Leire Bilbao idazle ondarroarrak bigarren poesia liburua kaleratu barri dau, Scanner, Susa etxeagaz. Identidadearen ganean eregitako liburua da, hasieratik amaierara. Gaietan lez, berbakeran be soiltasunaren alde egin dau Bilbaok. Orain bost urte argitaratu eban lehenengo poesia liburua, Ezkatak, eta ordutik testuak idatzi, gorde eta berridazten ibili da.


1.- Poesia gosea da. Hori dinozu liburuaren hasieran. Poesia gosea da Leire Bilbaorentzat?

Poesia zaleek, poesia irakurten eta idazten dabenek ulertuko nabela uste dot. Gose zaranean, barruak agintzen deutsun zeozer egin behar dozu, eta hori da poesia, irakurteko zein idazteko. Gose hori aldika-aldika etorten da, idazteko gosea bulkada baten antzekoa da, pulsino bat, eta irakurteko gosea be antzera. Normalean, irakurteko gosea erregularragoa da. Gose zaranean, barrua bete beharreko bultzada bat da gose hori. Poesia gosea da niretzat, bai.


2.- Bost urteren ostean, atara dozu bigarren poesia liburua. Noiz idatzitako poemak dira Scanner-ekoak, oraintsukoak?

2006an argitaratu neban Ezkatak, eta handik denpora batera asetuta geratu nintzan. Denporaldi baten irakurteko gose banintzan, baina idazteko goserik ez. Halango baten, ideiak hartzen, begiratzen eta gordetzen hasi nintzan. Azkenengo urte honetan batez be berridazten ibili naz. Nik baino hobeto azaltzen dau Kordobako Ada Salas poetak, poesia zoragarri baten: Idatzi ezabatu, idatzi ezabatu, idatzi ezabatu ezabatu, ezabatu. Horretan ibili naz, ezabatzen, ezabatzen, eta berridazketa hori soiltasunez egiten, ahalik eta gehien. Soiltasunaren indarrean sinisten dot. Bost urteko tartea izan da; hasieran ase nintzan, eta gero, barriro be gosez.


3.- Igarten dozu alderik Ezkatak-etik Scanner-era?

Urte honeetan asko jan dot, gehiago irakurri dot, eta zaharragoa be banaz. Scanner-ek planteamentu barria dauka: sei atal daukaz honek, bakotxa bere izenburuagaz; lehenengoak, barriz, zenbakituta egozan. Atal bakotxean gai bat jorratu dot, eta bakotxak arnas edo erritmo propioa dauka. Liburu hau planifikatuago dago. Poema batean badinot 1977ko urria dala, ni jaio baino bederatzi hile lehenago, data zehatz bat ipini dot, hasiera bat. 1977ko urriko gau bat poema horren ostean, familiaz hitz egiten dot, gero sorkuntzeaz, gorputzaz eta abar. Gai guztiek daukie halako lotura edo egitura bat, danak muin zentral batera doaz: nor naz ni, identidadearen gaia. Azken finean, liburuan planteetan dot gaur egungo, hemen eta orain dagoan persona bat, eta ni emakumea nazen aldetik, emakume baten identidadea eregiteko prozesua.


4.- Lehenengo atalean, Amaz erditu naiz, ama, aita, familiaz idatzi dozu. Norbere identidadea osatzeko beharrezko elementuak dira?

Ordena kronologiko bat dago liburuan, ni noiz jaio nintzan agiri da, aitak noiz hartu nenduan besoetan, ama eta familia eta ni; familia da protagonistea, bai. Hurrengo poemetan ez dot famiila aitatzen. Identidadearen ganean eregitako liburua danez, nondik gatozen, zer garan esateko lehenengo oinarria familia dala uste dot, hortik hasten gara danok. Sorkuntzeagaz be badauka loturea, ni noiz, non eta zelan sortu nintzan erakusten dot eta. Nire eritxiz, hori oso garrantzitsua da identidadeaz berba egiteko.


5.- Familia ez da beti gozoa, badinozu poema baten Kalean ahaztu oinetakoa da familia inoiz.

Gehien maite doguna normala da batzuetan gorroto izatea. Familia da alboan daukazuna, babestuten zaituena, zeu be bazara familia. Hori gorrotatzea normala da. Maitasuna izaten da nagusi, jakina, baina batzuetan gure buruagaz kritiko garan moduan, gure inguruagaz be kritikoak gara. Ia beti familiaren alderik gozoena aitatzen dogu, baina ilunen ganean be gura neban berba egin.


6.- Oso presente dago ama zure hasierako poemetan.

Amagandik gatoz, nire aurrekaria da. Aitaz hitz egiten dogu beti: gizona, maskulinoan emoten dira erreferenteak. Norberaren aurrekoa amaitzeari aita hiltea esaten jako, eta nik femeninoan esan gura neban, ama hiltea, modu metaforikoan, jakina. Aurrekaria hiltearen inguruko metaforea Autopsia poemea. Beste poema batzuetan ama errealaz be berba egiten dot.


7.- Zeure identidadea eregiteko asmo horretan, zure testuingurua, zure iraultzak edo ez-iraultzak, azaltzen dozuz.

Identidadeaz berba egitean ni atxakitzat hartzen dot, eta ahalegintzen naz ni unibersal batez hitz egiten be. Poema asko lehenengo personan idatzi dodaz, ni-aren eraikuntzea dago hor: non nago, nor naz ni, nora noa... halako galderak dagoz, eta holan identidadea osatzen eta sendotzen doa.


8.- Identidadearen azterketa horretatik dator liburuaren izenburua, Scanner?

Bai, izan leike. Scanner berbea ingelesezko scan-etik dator, hurretik begiratu edo aztertu esan gura dau. Scanner izenburu aproposa begitandu jatan, ganera sonoridadea eta grafia be, sc eta n bikotxak, asko gustau jatan. Eskanerrak irudi bat hartu eta gorde egiten dau, edo gauzen edo personen barrua ikusi eta agirian ixten dau. Idaztean ez dogu eskaner lana egiten ala? Bost urteotan holan ibili naz, irudiak eta testuak hartu, gorde, begiratu eta barruan ikusitakoa begibistan ipini. Niretzat hori da idaztea.

Horrezaz ganera, eskanerra gauza askotarako erabilten dogu, beharrean, medikutan probak egiteko, aireportuetan... Konturatu nintzan eskanerra eguneroko elementua dala, gauza normala da, edozein lekutan topau daitekeana. Eskanerra hotza da, elementu ez-poetikoa dala esan geinke, gauza arrunt horregaz poesia egin gura izan dot. Liburu honetan printzipioz elementu ez-poetikoak dagoz; labadorea, banketxea, taxia, trena, hegazkina eta abar. Eguneroko elementuakaz poesia egin nahi neban. Ez dot gura izan arnasa handiko gairik, kontu metafisikorik-edo. Hizkuntzea bera be sotila da poemotan, egunerokoa. Irakurleak irudi bat, hitz joko bat, topetea gura neuke. Poemetan trenak, hegazkinak edo taxiak dagoz, baina ez dira gaia bera, testuan txertatuta dagozan elementuak dira.


9.- Emakumetasuna oso presente dago Scanner-en, hortik idatzitako poemak dira, ez da?

Identidadearen ganean eregi behar baneban liburua, normala da ahots poetiko hori urtetea, emakumearena. Liburuan ez dago aipu asko, baina badago bat Virginia Woolfena. Emakume idazle baten lehen eginbeharra etxeko aingerua hiltea da dino, Woolfek. Ahalegindu naz hori egiten, neure ibilbidea egiten. Nire logela propio bat nahi dodala dinot poema batean; emakumeak sorkuntzarako bere txokoa euki behar dau. Gizona banintz gizonen ikuspuntutik idatziko neuke, baina emakumea naz.


10.- Ezkatak liburuko poemakaz errezitaldi musikatuak egin zenduzan, Scanner-egaz be bardin egiteko asmorik?

Bai, badaukat asmoa, Domentx Uzin Soraluzeko musikagileagaz zeozer preparetan nago. Ez dogu guztiz amaitu, baina errezital batzuk badaukaguz, abendutik aurrera.


11.- Urteotan umeentzako zazpi liburu idatzi dozuz, gustura zabiz umeentzako idazten?

Bai, oso gustura nabil. Laster aurkeztuko dot ganera zortzigarrena, Oihana hirian, Elkar argitaletxeagaz. Ondo pasetan dot. Beste tempus bat daukie umeentzako testuek, ezin da konparau Scanner-eko Leire eta Oihana hirian-ekoa; tonua desbardina da, eta bizitza ikusteko modua be bai. Umeen literatureak mundua euren begietatik ikusteko aukerea emoten deust.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu