Udal Musika Bandea eta Txistulari Bandea Bilboko publikoaren aurrean azalduko dira denporaldiari hasierea emonaz
2011-10-05 11:31 MusikeaEuskaldunako A1 Aretoan eta A3 Aretoan eskainiko diran emonaldien denporaldi barri hau (astelehen eta eguaztenetan, 20:00etatik aurrera) barrikuntza erakargarriz betetako 11 kontzertuk osotuko dabe. Zikloaren hasieran omenaldia egingo jake euskal musikako hiru klasikori: lehenengo kontzertuak Eduardo Gorosarri organu-jotzaile eta musikagilea omenduko dau gaur, hilak 5, A1 Aretoan.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko bi musika taldeek (BilbaoMusika erakunde autonomora batutako Bilboko Udal Musika Bandeak eta Udal Txistulari Bandeak) 2011-2012rako programautako kontzertuak ezagutarazo ditue. Aurkezpena Ibone Bengoetxea Kultura zinegotziak egin dau, Txomin Mujika BilbaoMusikako zuzendaria eta Garikoitz Mendizabal Txistulari Bandako zuzendaria alboan zituala. Kasu batean zein bestean, aurtengoa, bi kontzertu-ziklo honeen sorreratik antolatu dan zortzigarren denporaldia izango da. Esperientzia barritzaile honek arrakasta handia lortu dau publikoari jagokonez, bi taldeek jentaurrean joteko erabilten dituen areto eta auditorioak erabat beteta egon baitira asterik aste.
Kontuak kontu, Udal Txistulari Bandeak Euskalduna Jauregian eskainiko dituan dobako kontzertuen programazino osoa aurkeztu dau. Bilboko kulturgintzan garrantzi handiko eragilea da Udal Txistulari Bandea, ekitaldi ofizialetan nahiz ekitaldi herrikoietan dauen parte-hartzearen gainetik.
Euskaldunaren kategoriako areto batean programazino egonkorra izateak dakarren abantailaz gan, ziklo honeen arrakasteak zerikusi handia izan dau Bandako kideek (Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Asier García eta Sabin Bikandi) erritmo eta doinu tradizionalak beste musika-genero eta estilo batzuekaz buztartzeko egin daben ahaleginagaz. Era berean, talde eta artista konbidatuen presentziak, euskal musika tradizionaleko izen handiei zuzendutako omenaldiek eta Bandearen grabazino barrien aurkezpenek kontzertu honeek ezagunagoak egiten lagundu dabe.
A1 Aretoan eta A3 Aretoan eskainiko diran emonaldien denporaldi barri hau (astelehen eta eguaztenetan, 20:00etatik aurrera) barrikuntza erakargarriz betetako 11 kontzertuk osotuko dabe. Zikloaren hasieran omenaldia egingo jake euskal musikako hiru klasikori: lehenengo kontzertuak Eduardo Gorosarri organu-jotzaile eta musikagilea omenduko dau gaur, hilak 5, A1 Aretoan; urriaren 18an, Primitivo Onraita, Gasteizko Txistulari Bandearen sortzailea gogoratuko da, eta zemendiaren 9an, Jose Maria Iparragirre, Gernikako Arbolaren egilea.
Bi kontzertu tematikoz gozetako aukerea be izango da. Lehenengoak, zezeilaren 27an, galoubeterako errepertorioa izango dau ardatz (galoubeta xirularen moduko instrumentua da, Frantziako XVII. eta XVIII. mendeetako musikan erabilten zana), eta bigarrenak, Bandearen ondorengo emonaldian, Béla Bartók musikagilea izango dau protagonista.
Konbidatu bereziei jagokenez, zikloko bigarren kontzertuan, zemendiaren 30ean, Aiko taldeko musika eta jantza irakasleak (euskal musika eta jantza tradizionalak zabaltzen dabiz) eszenatokiaz jaubetuko dira, eurek sortu eta txistu-banda tradizionalera egokitutako doinuak eskaintzeko asmoz. Urtarrilean, Eibarko Usartza Txistu Bandako hamar kideen txandea (jatorrizko taldearen sorrerearen 75. urteurrena ospatzen dagoz aurten) izango da. Gainera, Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioagaz sinatutako hitzarmenari esker, erakunde horretako txistu ikaslerik onenek gure txistulariakaz batera joteko aukerea izango dabe zezeilaren 15ean.
Aurten be, denporaldiak Leioa Kantika Koraleko neska-mutilen partaidetzea izango dau. 10 eta 17 urte tarteko gazte honeek ospe handia lortu dabe hamar urte eskasetan, Basilio Astulezen zuzendaritzapean, genero koralaren barritzailetzat, bai errepertorioagaitik, bai eskaintzen dituen emonaldiakandik be. Aurten, Bandeak 600 jesarleku dituan A1 Aretoa erabiliko dau A3 Areto txikiagoaren ordez, eta aurreko urteetan lez aforoa betetea espero dabe.
Udal Bandeak aerrikuntzaren aldeko apustua berretsi dau
Musika Bandeak bost kontzertu eskainiko ditu domekatako hitzorduaren barruan, orain arte horren arrakasta handia ekarri deutson barrikuntza-ildoari jarraituz. Euskalduna Jauregiko Auditorioan, 12:00etatik aurrera, taldeko musikariek, Rafael Sanz-Espert zuzendari titularra eta Iñaki Urkizu zuzendariordeagaz batera, musikagile klasiko eta garaikideen doinuak interpretauko ditue. Kontzertuotarako sarrerak 2 euroan egongo dira salgai.
Musikarien kalidadeaz gan, talde bilbotarrak era askotako genero eta estiloak batzen dituan programazino ausart eta barritzailea eskaintzen dau aspaldi eta aurten, orain arteko bideari jarraitzea erabagi dau errepertorioen aukeraketa bikainean nahiz garrantzi handiko artista konbidatuen partaidetzan. Honi esker, publikoak lau bakarlari konbidatu (tuba, bonbardinoa, biolontxeloa eta errekintoa) eta nazinoarteko bi zuzendari ospetsuren jardunaz gozetako aukerea izango dau.
Denporaldia datorren domekan hasiko da, urriaren 9an, gaur egungo batutarik ospetsuenetako bat protagonistatzat hartuta: Felix Hauswirth suitzarra. Maisu hau World Association for Symphonic Bands and Ensembleseko (WASBE) presidente-ohia da, musika-bandak zuzentzeari buruzko hainbat libururen egilea, irakasle ospetsua eta mundu osoko taldeen zuzendari konbidatua.
Hurrengo emonaldian, urriak 23, Bandako bi kidek bakarlari lez jardun eta nork bere talentua erakusteko aukerea izango dabe. Rafael Sanz-Espert zuzendari titularraren batutapean antolatutako lehenengo kontzertu honetan, Juanjo Munera bonbardino-jotzailea eta Jose Miguel Rochina tuba-jotzailea izango dira protagonista nagusiak. Emonaldi honetan, Eduardo Nogueroles-ek 2010ean konposatutako The World of Dreams lana estreinauko da.
Zemendiaren 6an, barriro be Rafael Sanz-Esperten batutapean, beste bi bakarlari taularatuko dira: Javier Font, Bandako errekintoa, eta Iagoba Fanlo, Madrilgo Erret-Kontserbatorio Nagusiko biolontxelo katedraduna eta nazinoarteko biolontxeko bakarlari ospetsua. Lehenengoak, Manuel Lillo madrildar konposatzailearen Obviam ire siglo Errekintorako eta Bandarako Kontzertua estreinauko dau. Kontzertu hau Yamahak babesten dau.
Denporaldiko azken konbidatua Dario Sotelo zuzendari brasildarra izango da, haize-orkestren eta banden zuzendaritzan espezializautakoa. Bere ibilbide profesionalean, berealdiko ahalegina egin dau gaur egungo musikari eta moldatzaileen lana ezaguarazoteko. Zabalkunde-lan horretan jardun dau Sao Pauloko Orquestra Sinfónica Paulista eta Sopros orkestren barruan, talde horreekaz grabau dituan zortzi CDak tarteko dirala. Bilbotarrek zemendiaren 20an entzun ahal izango dabe.
Rafael Sanz-Espert Bandako Zuzendari Titularrak Zuzenduko dauen Denporaldiko azken kontzertuaren ondoren (abenduak 4), taldeak Gabonetako bi kontzertu eskainiko ditu urtea amaitzeko: lehenengoa, Koral Alkarteagaz, abenduaren 12an, Guggenheim Museoan; eta bigarrena, Euskeria abesbatzagaz eta Bilboko Koral Alkarteko Kontserbatorioko koruagaz, hilaren 19an, Campos Eliseos antzokian. Batean zein bestean, Iñaki Urkizu zuzendariordea arduratuko da Bandea gidatzeaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!