Urriko lehenengo astean amaituko da Bizkaiko Txakolinaren mahats-batzea
2011-09-30 16:39 Jan edanakLeitekeana da 2009. urteko 1.240.000 litroko produkzinoa (Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailea 1994an sortu zanetik izan dan produkzino handiena) gaindituta geratzea aurtengo uzteagaz.
Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak adierazo dau mahats-batze goiztiar eta oparo bat hastera doala, izan be, itxura guztien arabera, urriko lehenengo astean amaituko dan kanpainan sekula baino mahats gehiago batuko da, erakundeko arduradunek jakinarazo dabenez.
Azken urteotan Bizkaiko mahats-batze lanak Pilar egunaren inguruan egin izan dira. Aurten, ostera, udabarria ederra izan da eta eta Bizkaiko Txakolina egiteko erabiliko dan mahatsa beste urte batzuetan baino hamar egun lehenago sartuko da upeltegietan. Esangura horretan, kanpoko mahats moten batzeagaz hasi dan kanpainea urriko lehenengo astean egingo da, hondarrabi zuria eta hondarrabi zuri zerratia bariedadeko mahastiak batzen diranean.
Aurreko urteetan ez bezela, 2011ko udabarria sikua eta eguzkitsua izan da, eta horrek azkartu egin dau landareen zikloa eta mahastiak goizago loratu dira. Aleak bikain hazi dirala eta mahats-mordo bete eta trinkoak osotu dirala nabarmendu dabe. Prozesu osoa, bestalde, aurreko urteetan baino 15 egun lehenago egin da.
Udea, barriz, oso irregularra izan da, euri zaparrada handiakaz garaagrrilean eta itzelezko bero handiakaz bagilaren eta abuztuko bigarren hamabostaldietan. Iraileko lehen hamabostaldia, ostera, bikaina izan da. Lehen egunak euripean joan dira baina sasoi horretan Bizkaiko bazterrak epeltzen dituan hego-haizeak beragaz ekarri ditu eguzkia eta beroa, ezinbestekoak mahastietako umotze prozesua ondo egiteko.
Horren guztiaren ondorioz, udabarriko kanpaineagaz pasau zan lez, udagoienekoa be aurreratu egin da eta mahats-batze lanak igaz baino hamar bat egun lehenago hasi dira. Mahastizain asko hasita dagoz batzen mahats bariedade goiztiarrenak (riesling, sauvignon blanc eta mune mahatsa). Hondarrabi zuria eta hondarrabi zuri zerratia motako mahatsa -Bizkaiko mahastien % 80- irailaren azkenetan eta urriko lehenengo egunetan batuko da.
Aurtengo mahats-batzea, goiztiarra ez eze ugaria be izango da, batetik, mahatsa ondo loratu eta mordo lodiak emon ditualako, eta, bestetik, azken urteotan landatutako mahasti sailak hasi diralako frutua emoten, azaldu dabe Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailetik.
Kontuak kontu, leitekeana da 2009. urteko 1.240.000 litroko produkzinoa (Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailea 1994an sortu zanetik izan dan produkzino handiena) gaindituta geratzea aurtengo uzteagaz. Kalidadeari jagokonez, aurten be Bizkaiko txakolin zoragarria dator. Sektorea gero eta profesionalago egiten jakin daben mahastizain eta upeltegi-jaubeen lan onari zor jako Bizkaiko Txakolinaren batez besteko kalidadearen maila handia, nabarmendu dabe. Beste faktore bat da Kontseilu Arautzailearen kontrol-lan zorrotza, eta horri esker neurtuko dira aurten 55 hektarea mahasti, 13 upeltegi hornidu eta 54 mahastizain biziarazoten dituenak. Azalera hori, inskribidutako azalera guztiaren % 15 da, eta azalera produktiboaren % 20 (azalera produktiboak esan nahi dau 2009a baino lehen landatutako arloa, mahastiak ez dauelako mahatsik emoten hirugarren urtera arte).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!