e-Mintza aurkeztu dabe, komunikazinoa errazteko dobako aplikazinoa
2011-09-28 11:35e-Mintza mintzamen elektronikoa da euskeraz. Programa hau doban hartzen da Internetetik, eta merkatuko ohiko edozein tabletatarako dago diseinauta. Gainera, erraz-erraz personalizau daiteke: hizkuntzea, ezaugarriak, testuak, irudiak, bideoak edo soinuak, erabiltzailearen preminen edo interesen arabera.
Donostian aurkeztu dabe e-Mintza aplikazinoa, komunikazino-sistema dinamikoa, personalizau egin daiteke eta ahozko edo idatzizko komunikazino-oztopo larriak edo autismoa dituenentzat dago diseinauta.
Aplikazinoa Orange Fundazinoaren eta Policlínica Gipuzkoako Dr. Carlos Elosegui Fundazinoaren arteko lankidetzearen ondorioz sortu da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Avanza2 Planaren babesa jaso dau. Tresna barri honi esker, erabiltzailea beste persona batzuekaz komunikau daiteke ukimen-teknologiaren zein multimediaren bidez. Era berean, bere autonomia sustatzen dau agenda personalizatuaren bitartez.
e-Mintza mintzamen elektronikoa da euskeraz. Programa hau doban hartzen da Internetetik, eta merkatuko ohiko edozein tabletatarako dago diseinauta. Gainera, erraz-erraz personalizau daiteke: hizkuntzea, ezaugarriak, testuak, irudiak, bideoak edo soinuak, erabiltzailearen preminen edo interesen arabera. Izan be, ukimen-pantailearen bidez jarri ahal izango da alkarreraginean, tabletaren bidez edo saguaren bidez, ordenagailuko pantaila ukimenezkoa ez danean.
Hasiera batean, bere helburua autisten komunikazinoa erraztea bada be, beste persona askok be erabili leikie, personalizetako aukerak dagoz-eta. Esangura horretan, honako honeentzako izan daiteke erabilgarria: oraindino hizkuntza ikasi ez daben ume gorrak, garun-paralitikoak, adimen urriko larriak, traumatismoen edo istripuen ondorioz hartutako kalte zerebrala daben gaixoak, neuroendekapenezko gaixotasunak dituen adinekoak, ospitalean dagozanean tutuak edo aireztapen lagundua jarrita dituelako ezelan be adierazterik ez daben gaixoak...
e-Mintza proiektua 2009an hasi zan, eta azken erabiltzaileak hasierako faseetatik dagoz inplikauta, euren preminei benetan erantzun ahal izateko.
Ebaluazinoa benetako erabiltzaileakaz egin da bederatzi hilebetez, eta, horretarako, honako parametro honeek hartu dira kontuan: piktogramen egokitzapena, argazkien neurria, erabiltzailearen gaitasun motorra, tresnearen benetako komunikazino-erabilgarritasuna eta ez hainbeste ludikoa, erabilerraztasuna eta funtzionaltasun hezigarria, besteak beste.
Erabiltzaileakaz ebaluau ondoren ezarritako barritasunen artean, agendea nabarmentzen da. Bertan, erabiltzaileak sei jardueraren denporazko plan sekuentziatua lekuratu leike eguneko edo espazio tenporaleko. Oso garrantzitsua zan agendea sartzea, autistei edo adimen urrikoei laguntzeko orduan aurrea hartzea eta plangintza egitea funtsezkoa dala kontuan hartuta.
e-Mintza softwarearen ezaugarrien arabera, piktogramen edo letren bidez egin beharrean badago norberaren argazkien bitartez personalizetako modua be. Horrezaz gan, bideoak be erantsi daitekez.
Bi aplikazino
Programeak aplikazino bi ditu: batetik, oinarrizko zenbait kategoria dituan komunikazino-taula sortzen dauenez, kategoria bakotxean sakatzean pantaila barria edegiko da. Bertan, hain zuzen be, soinu lotuak dituen zenbait piktograma agertuko dira, eta, piktograma bakotxean sakatzean, ahotsak mezu zuzena bialduko dau arbelera, eta esaldia eratuko da. Esate baterako, janarien kategorian, platerak zein elikagaiak eskainiko dira, eta erabiltzaileak euren guztien artean aukeratu ahal izango du (argazkien edo piktogramen bidez egongo dira irudikatuta). Programeak zenbait adinetako laguntzaileek dohaintzan emondako benetako ahotsez berba egingo dau euskeraz edo gaztelaniaz.
Bestetik, programeak egile-tresnea be eskainiko dau, eta, horren bidez, tutoreak (senideak, terapeutak edo antzekoak) edo erabiltzaileak e-Mintza personalizau ahal izango dau, bakotxaren premina berezietara egokitzeko. Izan be, kategoria bakotxean, piktograma, argazki edo soinu barriak erantsi edo editau ahal izango dira erraz-erraz, eta gustuen arabera aldatu ahal izango da ikusizko itxurea.
Plataforma anitzekoa
e-Mintza ukimen-gailuetan eta ukimenezkoak ez diran gailuetan erabili daiteke (tabletak, ordenagailu eroangarriak, mahai gaineko ordenagailuak...). Era berean, plataforma anitzekoa be bada, Windowserako, MacOSerako eta Linuxerako dagoelako preparauta (Windows eta Android erabilten dituen PC tabletetan, 2.2. bersinotik edo ostekoetatik aurrera) eta Adobe Air plataforman babesten dalako (instalazinorako fitxategian dago sartuta).
Donostiako Parke Teknologikoan dagoan Nesplora enpreseak e-Mintza tresnaren garapen teknikoa egin dau, eta GAUTENA Autismo Alkarteko kideen eta senideen funtsezko partaidetzea izan dau proiektuko zenbait fasetan.
Horrezaz gan, bertan erabilitako piktograma gehienak ARASAAC Aragoiko piktogramen eta baliabide grafikoen ataritik hartutakoak dira.
Aplikazinoa ondoko loturan deskargau daiteke:
http://fundacionorange.es/emintza.html
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!