ETAkideen amesetan arakatu dau Markos Zapiainek

Dabi Piedra Robledo 2011-09-26 15:54   Kulturea

Euskerazko eleberrietan, behin baino gehiagotan, ETAko kideak izaten dira protagonista eta hari horretatik tiraka, Etakideen ametsak izenburuko saiakera-liburua atara dau Markos Zapiain idazle, filosofo eta kritikariak.

Euskerazko eleberrietan, behin baino gehiagotan, ETAko kideak izaten dira protagonista eta hari horretatik tiraka, Etakideen ametsak izenburuko saiakera-liburua atara dau Markos Zapiain idazle, filosofo eta kritikariak. Batzuek uste dabe ETAren amesak, gogo eta helburuak batu nahi izan dodazala, baina ez, izenburua literala da, lo dagozala egindako amesak aztertu dodaz, azaldu dau Zapiainek. Bederatzi eleberritako personaietan oinarritu da horretarako.

UEUrako berbaldi baten dauka abiapuntua azterlanak. 2005ean, ETAkideei euskal literaturan ipini deutsiezan irudipenak azaltzeko eskatu eusten, baina luzeegia zan eta azkenean amesakaz geratu nintzan, esan dau Zapiainek. Berbaldi haretan abiapuntua jarri eta orain, liburua be atara dau. Euskal literaturea goitik behera arakatu, ETAkideak agiri diran nobelak hautatu eta personaia horreek egiten dituen amesak sailkatu eta ikertu ditu idazleak: Sekulako lana izan da, ia zoratuta amaitu neban, adierazo dau Zapiainek, baina gai interesgarria dala deritxo, amesa ipuin perfektua da, asko esaten dau norberari buruz. Dana dala, gehiegizko ondoriorik ez dau atara izan gura, interpretazinorako uzkur ibili naz.

Euskal literaturan ETAkide diran personaien amesei begiratuta, ondorio garbia atara dau Markos Zapianek: Amesak beti dagoz heriotzeagaz eta jausteagaz lotuta, personaien amaierea irudikatzen dabe. Gehienak amesgaiztoak izaten dira eta ia guztiek heriotzea izaten dabe ardatz. Gizarte utopikorik edo Euskal Herri libre eta idealik ez dakarre amesek personaientzat, ganeratu dau Zapianek. Interpretazinoan laguntzeko, psikoanalisiari buruz be asko irakurri dau eta azaldu dauenez, Freuden teoriek ez dabe balio kasu honetan, gure literaturako ETAkideen amesak lotuago dagoz erorketeagaz, infernuagaz eta hilteagaz, desioagaz baino eta horregaitik, Hillman eta Bachelarden teoriak erabilgarriagoak subertau jataz.

Amesen ganean, baina, Markos Zapianek berak be badaukaz teoriak: Amesa espirituaren korotza da, kaosa da, egunean zehar bizitakoa gabaz boteten dogu. Horregaitik, amesek ez daukiela aparteko zentzunik uste dau, baina kasu honetan, fikzinozko pertsonaiak dira eta beraz, idazleek emon gura izan deutsen esangurea arakatu leiteke; eleberrietan, amesak giltza dira sarri. Personaia ezagutzeko bidea dira eta, urrunago joanda, baita autorea ezagutzeko be: Autore bakotxak bere ikutua dauka, batzuk oso metaforikoak dira, interpretau beharreko sinbolo asko sartzen ditue, esaterako Harkaitz Canok.

Markos Zapiainek liburu honeek aztertu ditu: Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean, Zeru horiek eta Soinujolearen semea, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria, Koldo Izagirreren Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Harkaitz Canoren Pasaia blues, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua eta Txillardegiren Labartzari agur. Bertako ETAkideek amesetan egitea izan da zerrendan sartzeko baldintza bakarra, baina maila handiko idazleak eta nobelak dira danak, Markos Zapiainek ikusi dauenez. Ez dau autoreakaz berba egin ETAkideen ametsak lanaren ganean, ez dakit ze eretxi daukien, ezta amesak eregiteko zer egin daben be, irudimena erabili ala euren esperientzatik abiatu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu