Gorka Intxaurbe: 'Bertso-saioak puntuetako, urruntasun pitin bat behar da'
2011-09-26 11:28 BarriketanBadakit aurreko artikuluan sorpresa bat eukiko zenduela agindu neutsuela; badakit ez dodala persona ezagunegia alkarrizketatuko; badakit titularra be ez dala onena eta bada KITT izeneko kotxe baltz bat oraindino be zapatu-domeketan telebisinoan agertzen dana. Berba-joko diferente horren ostean, gure gaurko protagonistea presentauko deutsuet:
Gorka Intxaurbe Etxebarriak (Zeanuri, 1983) Euskal Filologia ikasi eban. Labayru Ikastegian ibilia da ikasle eta irakasle moduan eta, gaur egun, Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoan dabil beharrean. Bizkaie!-n aspaldi hasi zan Bertsotan atalean kolaboretan eta bertso-txapelketa eta sariketetan be ibilia da bertsolari eta epaile moduan. Datorren hilean 5 urte beteko ditu Bizkaie!-n eta horixe da bera hemen eukitearen arrazoia. Bere ibilaldia hobeto ezagutu daigun, orduan.
1.- Zeanuriztarra zarala dinozu. Ez dakit ba bilbotarra ez ete zaran…
Bai, betiko kontua da hori. Ni izatez Zeanuriko Uribe auzokoa naz: Goikoetxe baserrikoa. Nongoa nazen esan behar izan ezkero, Uribekoa nazala esango dot. Gure ama umea eukiten bertatik joan zan ospitalera eta, ni jaio ostean, Uribera bueltan, atzera be.
Aste barruan Bilbon egin dogu bizimodua, eta barikutik domekara eta uda osoa, Uriben; bertan geunkan osabea be. Bilbotarrek zeanuriztarra nazala esaten eben eta zeaniztar batzuek, barriz, bilbotarra. Burukomin handirik ez deust emon horrek. Halan da be, akorduan daukat Zeanuriko kafranga batek zera esan eustala gazteagoa nintzala: Kanpotik etorrita… Holangoek, bai, ernegutxoa emoten dabe. Baina Zeanuri herri ona da ez baleuko kantarrana.
2.- Honezkero, bost urte daroazuz Bizkaie!-n. Labur bada be, ze aldaketa euki dozuz urte horreetan?
Bizkaie!-n hasi nintzanean, Euskal Filologia ikasten nengoan. Ordutik hona, ikasketak akabau eta euskera arloan ibili naz beharrean: Labayru Ikastegian eta Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa proiektuan. Adolfo Arejitak emon deustaz oportunidade horreek eta beti eskertuko deutsat: beragaz, Gotzon Aurrekoetxeagaz, Xarles Videgainegaz, Aitor Iglesiasegaz, Amaia Jauregizarregaz, Aritz Abaroagaz… behar egin ahal izateagaitik. Horregaitik eta Labayru edo Euskaltzaindiaren egitasmoan egoteak dakarrenagaitik: bizkaierea eta beste euskalkiak sakonago lantzea, jentea ezagutzea, euskeraz bizitea…
Bertsoari jagokonez, epaile-beharrak egin dodaz birritan Bizkaiko Txapelketan; Bizkaiko eta Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketetan ibili naz eta BBK Sariketetan be puntuau dot. Sano gustura, ganera! Kasu horreetan, Iñaki Aurrekoetxea eta Juanjo Respaldizarentzako doaz nire eskerrak…
3.- Baina zure bertsolari-curriculuma ez da sano zabala...
Horretan arrazoia daukazu. Lehenengo bertsoa bota baino lehenago -19 urtegaz kantau neban BBK Sariketan-, grabetan eta lortzen nituan zintak ikusi eta entzun baino ez nituan egiten -orain bertsoa.com-eko bideoakaz elegante gabilz-. Txapelketetako bideoak, liburuak, nire grabazinoak... ETBn be eskatuta daukat antxinako bideoren bat… Hori eta lagun artean bertsoak botatea ziran nire afizinoak. Esklusiba moduan esango deutsut 98ko Arrriagako finalean lagun bigaz publiko artean agertzen nazala ume arpegiagaz…
BBK Sariketan hasi nintzanean, txarto pasau arren, nire zortziko txikiagaz gustura kantetan neban Arratiako taldeagaz. Txapelketa Nagusia, barriz, beste gauza bat da. Behar osoagoa da, bertso-eskolan eta etxean landu behar dana, eta plazagizona edo plazandera izan behar da. Lehenengo txapelketara kalentura handiagaz joan nintzan -ez da atxakia- eta bigarrenean eskas kantau neban -atxakia ona da-.
Curriculum estua eta laburra, bai. Halan da be, bertsoak entzun edo leiduaz eta euskereagaz daukadan hartu-emona bertsoetan apliketan ahalegintzen naz, eta, egia esan behar badeutsut, ondo puntuetan dodala pentsetan dot; ostean, ez neuke egingo ez eta… ezergaitino be.
4.- Pulpitutik elegante ikusten dira saioak, ezta?
Bai. Nik beti esango dot epaile-beharrak egiten doguzanok pribilegiatu hutsak garala. Dan-dana prest-prest izaten dogu saio guztietan: zeozer behar izan ezkero, beti egoten da Bertsozale Elkarteko baton bat laguntzeko. Ganera, artistei puntuetan zabilz. Izan be, bertso-saioak ederrak edo ez hain ederrak izaten dira, baina ia beti entzun leiteke espero ez dozun zeozer.
Hata guzti be, zu, badauka bere alde iluna be: ardura handia daukazu esku artean eta beti ez da fazila izaten. Txapelketeak pisu handia dauka bertsolariakan: egin dituan entrenamentuak, txapelketako presinoa, bere eta bere ingurukoen ilusinoa… Kejarik egon ez da be, gogorra izaten da. Kontu egizu, baton bat konforme egon ezik, hori zer izan leiteken. Nire eretxian, inportanteena publikoa da, bertsolariakaz batera. Gero datoz saioetako beharginak eta antolatzaileak, gai-jartzaileak eta epaileak, azkenengo, danok beharrezkoak bagara be.
5.- Epaileak badauka lagunik Txapelketan?
Jente sano majoa eta patxadazkoa dago bertsoaren inguruan: bai bertsolariak, bai bertsozaleak, bai Bertsozale Elkarteko jentea. Baina bertso-saioak puntuau ezkero, urruntasun pitin bat be behar izaten da eta laguna berbea gauza handia da. Lagunak beste leku batzuetan daukadaz: tilt koadrilan -etxeko legez hartzen gaituena-, Don Angeloko taldean, Zeanurin be bai…
6.- Bizkaie!-n argitaratutako Ahoa josita artikuluaren iruzkinetan ez zenduan, bada, lagun askorik euki…
Bazter guztietan ezin dira euki. Ni neu be erantzunak sinistu ezinda parau nintzan. Lehenengo beharra, iruzkin batzuk haizeak hartzen agindu nituan, baina bakotxak bere eretxia dauka eta, errespetuagaz bada, ia edozein gauza esan lei. Halan da be, ahal dala, hori ez egizu ipini titularrean.
7.- Ze hartu-emon euki dozu bertso-eskolakaz?
Arratiakoan hasi nintzan Juanjo Respaldizagaz; Gernikan be kantetan genduan Jon Lopategigaz eta Santutxuko Bertso-Eskolan Arkaitz Estiballesegaz. Azkenengo horretan Gipuzkoako jente ugari ezagutu neban: esate baterako, pasau dan zapatuan Eibarren kantau eban jentea. Suberte onena opa deutsiet Txapelketan.
8.- Irakasleak be badabilz bertsolaritza-eskolak emoten…
Bai, eta poztasun txikerra ez deust emoten horrexek! Bizkaie!-ko artikulu baten komentau genduan Unai Ormaetxea eta Etxahun Lekuegaz. Ikastetxe baten be egon nintzan bertsolaritza-eskolan: ikaragarrizko beharra egiten dabe Bertsozale Elkartetik eta irakasleak be artistak dira.
Gazteentzako sano irakasgai aberasgarria da: bertsotan egin, ia konturatu barik euskerea landu, bestearen lekuan paretan ikasi, musikea eta kulturea bizi, bizkortasuna hartu… Edo ikusi ahal dozu momorrotuta dagoan bertsolaririk? Gero, ebatziko dabe bertsotan segidu ala ez, baina ikasitako guztia hor geratzen da.
9.- Bizkaiko Txapelketetatik gogoratzen dozuzan bertso bi?
Azkenengo finaletik, puntuak eta aparaju alboratuta, buruan bueltaka Beñat Ugartetxearen lau bertso-lerrogaz urten neban:
Basamortuan jaioak sarri
itsasoan galdu dira,
baina ume hau iritsiko da
itsasotik ilargira.
Aurreko txapelketetatik, 2002ko finalean Beñat Gaztelurrutiak azkenengo agurrean bere amari bota eutsan bertsoa.
Galdera laburrak:
- Idazle bat: Truman Capote.
- Musikari bat/talde bat: Anari, Txuma Murugarren eta Kerobia.
- Kanta bat: Alkarrizketa honetarako ondo jatortana, Ismael Serranoren Canción de amor propio.
- Alpinista bat: Ueli Steck, Erhard Loretan eta Walter Bonatti.
- Kirol bat: Zesta-puntea eta uger egitea.
- Kirolari bat: Magic Johnson.
- Jateko bat: Amak ipinten dauena.
- Pelikula bat: Txikerretan, Willow eta El Mago de Oz. Nagusitxoagotan, Fargo.
- Aktore bat: Humphrey Bogart eta Katharine Hepburn La reina de African.
- Kotxe bat: Mercedes SLSa niretzat eta laster urtengo dauen Porsche 911 Turboa anaiarentzat. Hori danori, euromilioia tokau ezkero.
Jainkoak gura badau, bost urte barru alkarrizketatuko gara barriro.
Hurrengora arte,
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!