Euskal haur eta gazte literatureak emondakoa batu dabe liburu baten

Dabi Piedra Robledo 2011-09-19 15:45   Kulturea

Euskal Herriko Unibersidadearen ekimenez martxan jarritako Euskal Literaturaren Historia bildumako laugarren alea da, izatez, haur eta gazte literatureari eskeinitakoa. Aurretik, poesiari, nobeleari eta zinema eta eleberriaren arteko hartu-emonei buruzko lanak be atara ditu Jon Kortazarrek gidatutako lan taldeak.

Egungo euskal haur eta gazte literaturearen historia lanean, unibersidadeko aditu talde batek bat egin dau literaturearen alor horren bilakaerea aztertu, indarguneak eta ahuleziak azaleratu eta ume eta gazteentzako euskerazko obrarik aitagarrienen analisi zehatza egiteko. Gaur eguneko euskal literaturearen historia eta egoerea aztertzeko helburua daukan proiektu zabalago baten zati da gaur Bilbon aurkeztutako liburua.

Euskal Herriko Unibersidadearen ekimenez martxan jarritako Euskal Literaturaren Historia bildumako laugarren alea da, izatez, haur eta gazte literatureari eskeinitakoa. Aurretik, poesiari, nobeleari eta zinema eta eleberriaren arteko hartu-emonei buruzko lanak be atara ditu Jon Kortazarrek gidatutako lan taldeak. Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia lana da laugarrena, Kortazarregaz batera Xabier Etxaniz Erle eta Manu Lopez Gasenik zuzendutako ikerketea. Laster, ipuingintzearen ganeko obrea be atarako dabela aurreratu dabe.

Kontuak kontu, abendua baino lehenago argitaratuko da bosgarrena, Egungo Euskal Ipuingintzaren historia. Eta Egungo Euskal Antzertiaren Historia preparetan dabilen taldeak aurrera daroa lana, datorren urtean argitaratzeko asmoz, Kutxa Fundazinoaren laguntzinoagaz.

Gidor Bilbao EHUko euskera erretoreordeak azaldu dauenez, arnasa luzeko egitasmoa da hau, eta Jon Kortazar gidari bikaina da.

Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia lanean nabarmentzen danez, alor hori euskal literaturearen zutabeetako bat da, maila komertzialean pisurik handiena daukana, atara kontuak, 2000. urtetik hona hamar miloe ale inguru argitaratu dira ume eta gazteentzako euskerazko lan guztien edizino guztiak kontuan hartuz, esan dau Xabier Etxanizek. Argitaratu barri dan liburuan, haur eta gazte literatureak 80ko hamarkadatik emondakoaren azterketa zehatza topauko dogu eta, kantidadea ez eze, kalidadea be azpimarratzekoa dala ganeratu dau Xabier Etxenizek, hori be sakon aztertu dogu.

Haur eta gazte literaturearen bilakaerea eta historia batu, aztertu eta azaldu dabe, begirada kritikoa ahaztu barik. Irakurle barriak erakarteko beharra euskal literaturearen eremu guztietan dagoan erronkea da, plazer hutsez liburuak erosiko dituen irakurleak behar doguz, azaldu dau Xabier Etxanizek. Nagusitan plazerrez irakurteko bideak ez dira erakusten eskoletan eta horrek zalantzan ipinten dau euskal literaturearen beraren geroa, ohartarazo eta ganeratu dau, haur literaturea helduena baino sendoagoa dala alderdi batzuetan, baina ez danetan: Egia da atzerriko obrak euskerara itzultzeko aukera gehiago dagoala ume eta gazte literaturan eta produkzino handia dagoala, baina era berean, konturatu behar dogu salmenten ehuneko 90 eskoletan agindutakoa dala, bere kabuz euskerazko liburuak eskuartean hartzen dauen ume eta gazte gitxi dago.

Ikuspegi kritikoa, beraz, ez da falta analisian, umeen formakuntzan ezinbestekoak dira liburuak, ganeratu dau Xabier Etxanizek. Haur eta gazte literaturearen historiaren azterketa zehatzaz gan, 17 obraren analisia be badakar liburuak. 1980tik gaur egunera arte euskerazko idazleek idatzitako lanen artean adierazgarrienak aukeratzen ahalegindu dira analisi horretarako.

Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia liburua ikerkuntzan erreferentzia izateko jaio dala argitu dau Gidor Bilbao erretoreordeak baina irakurketa ez hain akademikoa egin gura dabenentzat be aproposa da, irakasle, guraso eta abarrentzat. Ganera, ikerketea eta liburua egin dauen lan taldea goi mailakoa dala nabarmendu dau Gidor Bilbaok: Esperientziadun gidarien alboan, etorkizun handiko ikerlari gazteak batu doguz. Jon Kortazarrek zuzentzen dau euskal literaturearen historiari buruzko bilduma osoa, Manu Lopez Gasenik eta Xabier Etxanizek ale hau eta lan taldean egon dira Miren Billelabeitia, Ibon Egaña, Miren Ibarluzea, Iratxe Martin, Alvaro Rabelli, Francisco Javier Rojo Cobos eta Amaia Serrano.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu