Mantxi eta Xamoa Gpuntua txapelketako final-laurenetan dira astegoieneko saioak irabazita

Bizkaie! 2011-09-19 15:17   Bertsolaritzea
Datorren astegoienean, Eibarren (hilak 24) eta Lazkaon (Hilak 25) jokatuko dira final-zortzirenetako hurrengo saioak.

Udako atsedenaldiaren ostean, barriro martxan da Gpuntua. Final zortzirenetako lehenengo saioa Andoainen jokatu da. 250 lagun inguru batu dira saio honetara, Eurra moxolas atsuak nagusi pankarteak atontzen ebalarik Basteroko paretetako bat. Sei bertsolariak Manu Goiogana irundarra, Ane Labaka lasartearra, Amaia Agirre villabonatarra, Ander Lizarralde oiartzuarra, Iñigo Mantzizisdor Mantxi zarauztarra eta Iñigo Izagirre itziartarra izan dira. Iker Iriarte alegiarrak jardun dau gai-jartzaile lanetan.

Lehen agurretik sendo hasi dira seiak eta Mantxik doinu barri bat estreinau dau. Lehen agurrak bota ostean, fase honetako barrikuntzetako bat heldu da, Iparragirregaz hasi baititue bertsolariek lan puntuagarriak. Mantxik eta Iñigo Izagirrek egindako lana nabarmentzeko modukoa izan da, baita Ane Labakak eskainitako saioa.

8ko txikiari ekin deutsie jarraian eta bertsolari gehienak ondo eta bizi ibili dira ariketa honetan.

Puntu erantzunetan Ander Lizarraldek bere maisutasuna erakutsi dau, eta oina emonda, barriz, Mantxik bizi dogun egoera politikoari kantautako bertsoa azpimarratzeko modukoa izan da.

Jarraian, zortziko handian Mantxiren ekarpenak izan dira distiratsuenak.

Kartzelako saioan, azkenik, hiruna bertso kantau behar izan ditue bertsolariek: Azkenean jarri egin dozu iragarkia egunkarian zeure telefono eta guzti. Oraintxe hasi da telefonoa joka gaiaren bueltan. Ale ederrak entzun dira baina Ane Labakak jaso dau txalo gehien. Anek bere hiru seme-alabak bakarrik hezi behar dituan prostitutearen rola hartu dau.

Azkenean, Mantxik lortu ditu puntu gehien eta berarentzat izan da final-laurenetako lehen txartela.

Final-zortzirenetako bigarren saioa Azkoitian jokatu da Baztartxo antzokian. Eguraldi txarrari aurre eginaz, 450 lagun inguru hurreratu dira ondoko sei bertsolarien lana ikustera: Asier Azpiroz, Ibai Esoain, Gorka Maiz, Gorka Azkarate, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa. Mikel Aiertzak jardun dau gai-jartzaile lanetan.

Saioa, oro har, ez da distiratsua izan, baina bertso ale onak entzun dira, baita poto batzuk be.

Lehen agurrak bota ostean, Iparragirre doinuan aritu dira. Ibai Esoain eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa nabarmendu dira, eta bertso onak entzuteko aukerea izan da.

Zortziko txikiari ekin deutsie jarraian eta hemen be ale onak joan dira; Gorka Maiz eta Xabier Sukia izan dira onenak. Umore ukituakaz bizi-bizi ibili dira bertsolariak.

Ondoren bakarka jardun dabe. Lehen puntua emonda, zortziko txikian bina bertso eta gero oina emonda gehienez 5 puntuko bertsoa osotuz, Gorka Maiz eta Gorka Azkarate izan dira onenak.

Zortziko handian, barriz, Xabier Sukia eta Arkaitz Oiartzabal izan dira onenak.

Kartzelako saioan, azkenik, gaia emonda kantau dabe. Gaia: Beste behin, argia piztuta egin dozu lo. Hemen be, Ibai Esoain eta Arkaitz Oiartzabal izan dira puntu gehien lortu dituenak. Ale onak entzuteko aukerea izan da.

Amaieran, Arkaitz Oiartzabal Xamoa izan da puntu gehien batu dauena. Erregulartasunak lehen postua emon deutso Xamoari. Azken agurreko bertsoan kantau dauenez, bere amonaren hiletea izan zan joan zan astelehenean.

Kontuak kontu, datorren astegoienean, Eibarren (hilak 24) eta Lazkaon (Hilak 25) jokatuko dira final-zortzirenetako hurrengo saioak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu