Iker Maguregi: 'Autoaren erabilera zentzunezkoaren alde egiten dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2011-09-19 12:23   Barriketan
Ibilkari-ko arduraduna

Orain urtebete pasatxo jaio zan Ibilkari, Euskadiko lehenengo Car Sharing esperientzia eta ordutik gero eta indar gehiago hartzen dago kotxea erosi barik kotxea erabili ahal izateko era berezi hau. Munduan aspaldi ezarritako sistema honek beste pausu bat emongo dau Bizkaian, Uribe Kostan, izan be, irailaren 19an inaugurauko da ibilgailuak alokatzeko Estaduko lehenengo zerbitzu publikoa: ukanauto. Zerbitzu honi buruz eta egunotan ospatzen gagozan Europar Mobikortasun Iraunkorraren Aldeko Asteari zein irailaren 22ko Autorik Bako Egunari buruzko kontuak eskatu deutsaguz Iker Maguregiri.


1.- Car sharing-a edo ibilgailu kolektiboa konpartidutea, jaube izan barik, behar danean kotxea izateko aukerea eskaintzen dauen sistemea da. Oso oker ez bagagoz lehenengo pausuak Eusko Car Sharing alkarteak eta Ibilkari zerbitzuak emon zituen orain urtebete pasatxo. Balantzea zelakoa da?

Ona. Geldiro-geldiro martxan doan proiektua da, jenteari interesa biztu jako eta nik esango neuke eskaintza egiten dan neurrian erantzuten dabela erabiltzaileek be. Esandako moduan, apurka-apurka hasi ginan Ibilkarigaz eta orain Uribe Kostan be bost udalerritan zabalduko dogu zerbitzua. Laster, ganera, Gasteizen be abiarazoko dogu beste proiektu bat eta, beraz, nahiko pozik gagoz. Egoera ekonomikoak eta konsumoaren beherakadeak larregi laguntzen ez daben arren, oro har, jenteak ondo hartzen ditu Car Sharing proiektuak, normalean etxe bakotxean kotxe bat baino gehiago izaten dalako jaubetzan eta kotxea konpartidukeran gastuak murriztu daitekezala ikusten dabelako.


2.- Europan aspaldi martxan dagoan sistemea da...

Bai. Europan 20 urte dira sistema hau abiarazo ebenetik. Suitzan, Alemanian, Frantzian eta Europa erdialdean sakon sustraitutako zerbitzua da. Car Sharing sistemako kotxeak hartzeko puntuak piloa dira eta zerbitzua publikoa ez eze, pribatua be bada kasu askotan. Suitzan, berbarako, 1.200 puntutik gora dagoz kotxeak hartzeko eta garraio publikoagaz koordinauta dago zerbitzua. Alemanian, 200 Car Sharing ekimen dagoz eta horreeetatik 5-6 izan daitekez ekimen pribatuak.


3.- Azaldu eiguzuz ibilgailu kolektiboa konpartidutea proponiduten dauen zerbitzuaren ezaugarriak.

Autoa izatea jaube izan barik, horixe da ezaugarri nagusienetakoa. Kotxea jaubetzan daukagunean, sarritan pentsau barik erabilten dogu eta beharrizan lar barik. Sistema honegaz, barriz, kotxearen erabilerea beti da arrazionalagoa edo kontzienteagoa, benetan beharrizana daukazunean erabiliko dozulako. Ibilgailua 20-30 lagunen artean konpartidu egiten da eta erabilerea oso erraza da. Alokairu normal baten etxurea dauka baina berezitasun batzuekaz, besteak beste, norbera bizi edo mobiduten dan inguruan dagoz kotxeak eskuragarri eta orduka eta kilometroka ordaintzen da.

Kotxe bakotxak ordenagailua dauka mobimentu guztiak monotorizetako eta txartel baten bitartez, bizikletakaz egiten dan moduan, kotxearen erabilerea erabat autonomoa da.


4.- Interesauta dagoan batek zer egin beharko leuke?

Nahitaezko baldintzak dira 24 urtetik gorakoa izatea eta gidatzeko baimena eukitea, gitxienez bi urteko antxinakotasunagaz. Baldintza horreek bete ezkero, erabiltzaile zerrendan sartzeko alta hartu behar da. Urtean 30 euro kobretan doguz. Ordainketea egin, kontratua bete eta gidatzeko karneta daukazula egiaztatu ondoren, txartel bat jasoten dozu erreserbak, 24 ordutan, Internet bidez egin ahal izateko. Telefonoz be egin daitekez erreserbak. Erreserbak egiten diran momentuan zehaztu behar dau erabiltzaileak kotxea non hartuko dauen, zenbat denporarako behar dauen eta ze kotxe behar dauen.

Urteko 30 euroko kuota horretan sartzen dira aseguru, mantenimendu zein erregai gastuak. Erabiltzaileak txartel bat dauka, depositua bete beharrik izan ezkero, gasolinea hartu eta pagetako. Erabiltzailearen betebehar bakarra, depositua laurenetik behera dagoanean, betetea izango da. Hortik aurrera, kotxe hibridoa nahi izan ezkero, ordu bakotxeko 3 euro pagau beharko da eta 0,22 euro kilometro bakotxeko; gasolinazko ibilgailuen kasuan, ordu bakotxeko 4 euro eta kilometroko 0,24 euro pagau behar dira. Aitagarria, goizaldeko orduetan, gaueko 23:00etatik 07:00ra ez dala ordukako kuotarik kobrauko. Gastuak, barriz, hilero fakturauko dira


5.- Ba al dago desbardintasunik ibilgailu bat alokatzearen eta ibilgailu bat konpartidutearen artean?

Erabiltzaileak zerbitzua eskaintzen deutsonagaz daukan lotura edo hartu-emonetan dago desbardintasun handiena. Car Sharing sisteman erabiltzaile egin ostean, kotxeetan dagoan ordenagailuan bideratzen dira tramite guztiak eta hortik aurrera, norbera erabat autonomoa da. Gero, jakina, alokairu sisteman, normalean kotxea egun baterako edo egun batzuetarako hartzen dozu eta gurean orduka hartzen da. Gure zerbitzuak egunean 24 ordutan funtzionetan dau, bai erreserbea egiteko, bai ibilgailua hartu eta ixteko be. Horrezaz gan, gure sisteman kotxeak sakabanatuta dagoz, jenteak ahalik eta hurren, eskura izan daizan.


6.- Ingurumenerako onuraz gan, ibilgailuaren jaube izatea baino merkeagoa da sistema barria. Bestelako abantailarik azpimarratuko zeunke?

Abantailak bi mailatan azpimarratuko neukez. Batetik, maila personalean, sistema erosoa da, asegurua, mantenimendua eta erregaia be dana dago prezioaren barruan. Askotan ibilgailua jaubetzan izatea enbarazua izaten da, gastuak baino ez ditualako eragiten eta non itxi, non gorde eta bestelako burukomin batzuk eragiten ditualako.

Alde ekonomikoari erreparauta, urtean 15.000 kilometro baino gitxiago egin ezkero, Car Sharing sistemeagaz 2.500 euro inguru aurreztu daitekez. Zergak, aseguruak, amortizazinoa, konponketak, mantenimendua... Horreek danak ahaztu egiten dozuz autoa konpartiduteko sistemeagaz. Urtean 15.000 kilometro baino gehiago egin ezkero, alde ekonomikoari begiratuta, kotxea jaubetzan izatea da onena.

Maila sozialean, bakotxak kotxe bat izan beharrean, 20-30 lagunek kotxe bat erabilten dabe eta horregaz lortzen da gitxiagogaz gehiago egitea. Ganera, kotxearen aukerea emoten dogun neurrian, kotxe barriaren do zaharraren salmentea be burura etorten jaku eta, esangura horretan, Car Sharing sistemako kotxe batek 5-8 kotxe inguru kentzen ditu kaminoetatik; horrek, duda barik, ingurumenari mesede egiten deutso.

Beste gauza bat be azpimarratu gura neuke, izan be, gure sistemeak kontzienteago egiten gaitu kotxearen erabileraz, hau da, jenteak ondo pentsetan dau kotxea benetan behar dauen ala ez, izan be, erreserbea egiterakoan berehala jaubetzen gara, berbarako, astegoienerako preparautako bidaiak ze gastu eragiten dauen. Ondorioz, jentea urtean 7.000-8.000 kilometro gitxiago egitera ohituten da garraio publikoaren, bizikletearen, oinez ibiltearen edo autoa konpartiduteko sistemearen mesedetan. Horregaitik, Car Sharing sistemea garraio publikoaren osogarri dala esaten dogu.


7.- Irailaren 19an, barriz, Uribe Kostako Mankomunidadeak ukanauto zerbitzua abiarazoko dau, era horretako Estaduko lehenengo zerbitzua. Zertan da berezia Uribe Kostako hau?

Estaduko beste leku batzuetan ez bezela, Mankomunidade batek beregan hartutako proiektua da. Bizimeta, bizikleta zerbitzu publikoa lez, orain kotxeakaz abiarazo dabe. Estaduan ekimen pribatuak badiran arren, hasieran erakunde publikoek bultzatutako zerbitzuak izan ziran, berbarako, Bartzelonan bost urte daroez eta tartean dira Generalitat eta Udala bera.

Uribe Kostako Mankomunidadea zazpi udalerrik osotzen dabe baina bost udalerritan dagoz kotxeak eskuragarri; kotxeak hartzeko puntuak, barriz, zazpi dira, Gorlizen, Berangon, Lemoizen eta Plentzian bana eta Sopelanan, barriz, hiru puntu.


8.- BFAko Ingurumen Sailaren babes eta diru-laguntzinoari esker zazpi ibilgailu, horreetako bi hibridoak, egongo dira eskuragarri Uribe Kostako zazpi tokitan. Interesauta dagoan batek zer egin beharko leuke?

Ukanauto.com webgunean zein telefonoz (946 123 959) alta egin behar da; datu batzuk emon, kontratua sinatu eta erabiltzaile bakotxari jagokon txartelagaz kotxea errserbetako ez geunke besterik behar, lehen esandako baldintzak beteten badoguz behintzat, 24 urtetik gorakoa izatea eta gidatzeko karneta eukitea. Hemetik urtea amaitu bitartean 10 euroko kuotea eskatzen da baina urtarriletik aurrera, urteroko kuotea 30 eurokoa izango da. Hor barruan dago asegurua, mantenimendua, baita gasolinea be. Gero, lehen esan dogunez, erreserbea orduka egiten da eta egindako kilometroak pagetan dira.


9.- Europar Mobikortasun Iraunkorarren Asteagaz (Irailaren 16tik 22ra) eta Kotxerik Bako Egunagaz (Hilak 22) bat egiten dozue zuok be...

Bai. Urtero lez, Ibilkarik eta Eusko Car Sharing alkarteak bat egiten dogu aitatu ekimenakaz. Autoaren erabilera zentzunezkoaren alde egiten dogu. Aurten mobikortasun alternatiboaren alde egin dau Europar Asteak eta kasu honetan, autoa konpartiduteko sistemea nahitaez modu alternatibo horreen anai, lagun eta osogarri da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu