Aitor Ortiz, 4. 'Laborategiak: Bilduma Iraunkorrari begira' erakusketa didaktikoaren protagonista Guggenheim Bilbao Museoan
2011-09-12 15:41 KultureaErakusketea 2011ko irailaren 13tik zemendiaren 13ra arte egongo da zabalik eta hor Museoak Argi hormak 011 lana aurkeztuko dau eskuratu zanetik lehen aldiz.
Erakusketeak artista bilbotarraren sortze-prozesua ikusgai jarriko dau 2008. urtetik Guggenheim Bilbao Bildumearen barruan egon dan Argi hormak 011 (2005) lanaren bidez. Guggenheim Bilbao Museoak Laborategiak: Bilduma Iraunkorrari begira ekimenaren barruan aurkezten dauen laugarren erakusketea Aitor Ortizi (Bilbo, 1971) eskainita dago. Artistea argazkigintza arkitektura eta espazioa aztertzeko baliabide moduan erabilteagaitik nabarmentzen da. Erakusketea 2011ko irailaren 13tik zemendiaren 13ra arte egongo da zabalik eta hor Museoak Argi hormak 011 lana aurkeztuko dau eskuratu zanetik lehen aldiz.
Museoak Laborategiak ekimena 2007an inaugurau eban Jesus Mari Lazkanori (Bergara, 1960) eta Koldobika Jauregiri (Alkiza, 1959) eskainitako bi erakusketaren bidez. 2008an, ekimenari jarraipena emon eutson Miquel Navarro (Mislata, 1945) artista valentziarraren Zure mundua, zure hiria, 2003 lan didaktikoaren aurkezpenak. Aurkezpen horreen diseinuan eta produkzinoan lankidetza aktiboa dabe artistek; helburua arte modernoaren eta garaikidearen zabalkundea eta ezaguera sustatzea da, eta jenteari Guggenheim Bilbao Bildumea osotzen daben lanen sortze-prozesua aurkeztea.
Aitor Ortiz Euskal Herriko argazkilaririk ospetsuenetarikoa da eta etorkizun handikoa nazinoartean. Haren lana arkitektureari eta espazioaren azterketaeri estu lotuta egon da eta, beraz, argazkigintzearen, arkitekturearen, eskulturearen eta argiaren elementuak buztartzen ditu. Haren lanek existiduten ez dan denporarik bako paisajea islatzen dabe.
Argazkigintzea eta espazioa
Guggenheim Bilbao Museoak 2008an eskuratu eban Argi hormak 011 (2005) lana artisteak 2004 eta 2006 artean garatu eban izen bereko sailaren barruan dago. Markinako marmol baltzezko harrobi batean ataratako argazkietan oinarritzen da Ortizen lan hori; landubako leku bat islatzen dau eta argi zuri gardenezko lau angeluko espazioak txertatzen ditu bertan. Artistearentzat, harriaren bolumenaren eta eregiten dauen gunearen arteko kontrasteak adimenarentzat babesleku bat, existiduten ez dan leku bat islatzen dau.
Argi-hormak 011 laugarren aurkezpen didaktiko hau Aitor Ortizen ibilbide artistikoaren zenbait etapatan egindako hiru lanakaz batera aurkezten da. Lan horreek beren-beregi erakusketarako itxi jakoz Guggenheim Bilbao Museoari. Desegiturak 049 (Destructuras 049 , 1995) lanean, artisteak eraikin huts batean egin eban lan, arkitekturearen fenomenoari adierazpenaren ikuspegitik heltzeko asmoz. Modular Mod 015-016 (2002) lanean, egitura kulunkari baten gainean jarritako irudi batean batzen dira benetako eta fikzinozko perspektibak, eta horrek ikuslea argazki-irudia zalantzan jartera eroaten dau. Azkenik, Amorfosia 001 (2009) lanean artisteak argazkigintzearen, espazioaren eta pertzepzinoaren arteko loturan sakontzen dau.
Lanok bestelako materialez lagundu dira erakusketan, besteak beste, liburuak, ikusizko instalazino bat eta artistearen sormen-prozesuaren inguruko dokumental bat. Elementu osogarri horreen bidez argazkigintzearen, eskulturearen eta arkitekturearen arteko interferentzia-gurutzatze bat eskaintzen deutso erakusketeak ikusleari eta izate zatiezin moduan agertzen da.
Haren lan-ibilbidean zehar, sari ugari jaso dau Aitor Ortizek: nabarmentzekoak dira Ciudad de Palma Arte Plastikoen Saria (2006); Argazkigintzako ABC Saria (2002) eta Alexandriako Arte Bienaleko Ohorezko Sari Handia (2001). Gainera, bakarkako erakusketak egin ditu museo eta arte zentroetan, besteak beste, Bilboko Rekalde Aretoan, Gasteizko Artium Museoan edo Donostiako Koldo Mitxelena Aretoan. Haren lana mundu osoko museo, arte-galeria eta arte-ferietan erakusgai jarri da. 2011ko udagoienean, artisteari buruzko monografia barri eta osoa aurkeztuko dau Hatje Cantz argitaletxe alemanak.
Aitor Ortizen eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko hartu-emonak 1995ean hasi ziran, izan be, urte horretan Frank Gehryren eraikina zelan eregiten eben argazki bidez dokumentetako enkargua egin eutsien artisteari. Museoaren espazioakazko hartu-emon berezi horreek 2007an gorpuztu ziran barriro, orain arteko asmo handieneko lana egin ebanean; hori 304 aretorako berariaz egin eban, Museoak Hamargarren Urteurrena ospatzeko antolatutako Chacun à son goût erakusketa kolektiboaren barruan.
Jarduera paraleloak
Laborategiak osotzen dituen erakusketak ikuspegi didaktiko argiaz diseinauta dagoz eta zenbait ekimen batzen dituan hezkuntza-egitarau baten bidez osotzen dira. Esangura horretan, zemendiaren 8an, Zero Espazioa aretoan, Aitor Ortizek berbaldi bat emongo dau eta horretan erakusketeari eta haren sortze-prozesuari buruzko gogoetea egingo dau. Era berean, urriaren 1ean, Museoaren Lagunek artistearen ikasgela ikusi ahal izango dabe, haren kezka artistikoen barri zehatz-mehatz jakiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!