Paxkal Indo: 'Orain hogei urte baino euskaldunagoak dira egun Iparraldeko gazteak'

Koldo Isusi Zuazo 2011-09-12 11:48   Barriketan
Seaskako lehendakaria

Seaskak 2011-2012 ikasturteari igaz baino 152 ikasle gehiagogaz ekin deutso eta ikasturtearen amaierarako 3.000 ikasle inguru izango dira. Datu positiboa da hori baina aurrekontuetan eta Frantziako Hezkuntza Ministerioagaz dituen tirabirak eta, oro har, Iparraldek bizi dauen egoeraz Paxkal Indo Seaskako buruak ondokoak kontau deuskuz.


1.- Hasibarri dan ikasturtean zeintzuk dira Seaskaren lehentasunak?

Azken laupabost urtetan hainbat ama ikastola zabaldu doguz, ikastola txikiak dira, 20 bat ume izaten dira. Horreek sendotzea eta indartzea da orain asmoa. Edozelan be, gure politikeari jarraituz, 11-12 urtera arteko ikastolak be abiarazoten doguz eta aurten 2.856 ikaslek abiatu dabe ikasturtea 29 ikastolatan. Ikasle kopuruak gora egin dau herri gehienetan eta azpimarratzekoa da Zuberoako Sohutako datua, izan be, lehenengo aldiz ehundik gora ikasle izango dira (105) eta bagila baino lehen beste sei ikasle sartuko dira.

Kontuak kontu, aurtengo lehentasuna lehen mailako ikastolak indartzea da.


2.- Aspaldiko partez urte bakarrean ikastola bi zabaldu zenduezan igaz, Itsasun eta Lekornen, hain zuzen be...

Bai. Azken 30 bat urteotan ez dogu izan ikasturte berean ikastola bi zabaltzeko aukerarik eta oso pozik gagoz. Lekorne, Hazparne ondoan dago eta bete-beteta euki dogu 180 bat ikaslegaz, plaza edo leku barik gengozan eta lekornen zabaltzea sano positiboa izan da.

Bestetik, Kanbokoa be 'ganezka' geunkanez, Kanbo ondoan, Itsasun zabaldu genduan bigarrena. Leku faltan gagozanean, inguruko herrietan begiratzen dogu beste ikastola bat zabaltzeko lekurik dagoan, beti be ama ikastolakaz abiatuz.


3.- Urtetik urtera ikasle gehiago eukitea azken urteotako jokerea da, ezta?

Bai. Igaz baino 152 ikasle gehiago ditu aurten Seaskak. Aurten lortu dogu 11 urte baino gazteagokoen lehenengo mailan 2.856 ikasle izatea; 2003-2004 ikasturtean marka hori lortu genduan 18 urtera arteko ikasleen artean. Beraz, 3.000 milako markara heltzea da orain erronka. Edozelan be, 152 ume gehiago izatea ez dago demografiagaz lotuta, Iparralden, aurten 100 ikasle galdu dira, Seaska eta ganerako eskola guztietan. Beraz, demografia negatiboa izan arren, Seaskaren euskerazko ereduak motibazino berezia eragiten dau gurasoen artean eta datua hortxe dago.


4.- Ikasle horreek guztiak 29 ikastolatan banatuta...

Bai. Edozelan be, lehen be esan deutsut zeozer, izan be, hogeita bederatzi ikastola horren artean badagoz aldeak; badagoz sei bat ikastola, Baigorri, Bidarte edo Aloze lako ikastolak, 19-22 ume ingurugaz etabadira beste batzuk, Hendaiakoa, berbarako, ia 250 umegaz. Era berean, kolegio eta lizeoetan be 200etik gora daukaguz. Hegoaldeko ikastolakaz alderatuta, datu txikiak dira, izan be, hegoaldeko ikastola bakarrean ia-ia Seaskako guztiak sartu daitekez (Barreka).

Egun 29 ikastola doguz Iparralden eta gauzak ondo, datorren urtean beste bat zabaltzea da asmoa; oraindino ez dago zehaztuta non, ze oraintxe gabiz lekuak begiratu eta aukerak aztertzen. Negoziazino horreek Herri Urrats egunerako, maiatzaren bigarren domekarako edo amaituta eukitea espero dogu.


5.- Zertan da Frantziako Hezkuntza Ministerioagaz izandako tirabirak, irakazleena uzia, aurrekontua...?

Egunotan gara batzartzeko Hezkuntza Ministerioko agintariakaz eta hurrengo hiru urtetarako hitzarmena sinatuko dogulakoan gagoz. Jakin behar da aurtengoa, 2011-2012 ikasturtea dala gure lehenengo hitzarmenaren hirugarren urtea eta, beraz, konbenio hori barritzea ez eze, ahal dala, moldatu eta hobetzea, horixe da helburua. Iparralden D ereduan aritzen diran bakarrak Seaskako ikastolak dira. Eskola publiko eta kristinauek eskaintzen dabe B eredu elebiduna. Edozelan be azken eredu horrek ez dau euskerearen biziraupena bermatuko, Baionako karriketetan euskerea dagoeneko galdu dala gauza argia da. Zorionez, orain urte batzuk Euskerearen Erakunde Publikoa sortu zan, euskerearen aldeko politika publikoa egiteko asmoz, euskal hiztun osoak lortzeko helburu zehatzagaz eta zeregin horretan geu gara, Seaska gara euskal hiztun osoak sortzen beharrean gabilzanak.

Joandako udabarrian egindako manifestazinoaren ondoren, Frantziako Hezkuntza Ministerioak 1,25 irakasle postu gehiago emon deutso Seaskari baina, halan da be, 18 irakasle gelditu dira Seaskaren gan. Danetara, 128 irakasle ditu seaskak lehenengo mailan, baina 110 baino ez ditu ordaintzen Frantziako Ministerioak. Falta diran lanpostu horreek Seaskak ordainduko ditu.

Aurrekontuen harian, igaz eta aurten be bai galerak izan ditu Seaskak. Gure aurrekontua 2,2 miloe eurokoa da eta aurrikusitako galeria 52.000 eurokoa. Dakizunez, Iparralden ikastolak gurasook pagetan doguz, urteroko kotizazinoakaz, taloak, kamisetak eta bestelakoak saltzen, kontzertuak antolatzen eta holan eta modu horretan aitatu deutsudan zuloa estaltzea ez da bape erraza.


6.- Baionako kaleetan, euskereak bizi dauen egoerea aitatu dozu lehen labur baino ez bada be. Euskerearen erabilereari jagokonez, ze sentsazino daukazue?

Sentsazino bitxia. Pausuak emon eta aurrerabideak igarri arren, maila sozialean gitxienekotan gabilz baina gazteen artean behintzat euskerearen galera zeozelan eten dogula pentsetan dot. Dana dala, badakigu euskal hiztunak galdu egingo doguzala oraindino, izan be, egungo euskaldunak zaharrak dira, 40-50 urtetik gorakoak dira danak. Errealidade hori ukatzerik ez dago. Baina azpimarratu nahi neuke Seaskako gurasoen lanari esker, orain 20 urte baino euskaldunagoak dirala gazteak.


7.- Hitzordu garrantzitsua izango da datorren domekan, 18an, Angelun, Glisseguna, hain zuzen be. Zer da hori?

Surfa eta ganerako lerra kirolak, skate eta holakoak tarteko dirala euskerea sozializetako asmoz antolatutako eguna. Surf eta ganerako lerra kirolen lehiaketa eta erakustaldiez gan, jantza zein musika ekitaldiak, lerra kiroletako bigarren eskuko materialaren azokea eta bestelakok izango dira.


8.- Datorren urtean, 2012ko martiaren 31ko Deiadar be ezin ahaztu...

Ez. Euskerearen ofizialtasuna aldarrikatzeko manifestazinoa izango da hori. Hitzordua Baionan izango dogu. Hitzordu garrantzitsua izango da ze datorren urtean udabarri giro horretan, Frantziako hauteskunde presidentzialak izango dira eta aukera ezin hobea izango da hautagaiei euskereagazko jarrera eskatzeko. Deiadar antolatu dogu Baionan baina egun gorretan edo hor bueltan Frantzian zehar makinatxu bat manifestazino egingo dira hizkuntza gitxituen indarra erakusteko eta, beraz, hitzordu garrantzitsuak izango dira agintariei esateko badirala herrialdean hizkuntza batzuk babestu eta sustatu beharrekoak eta, bidebatez, eskatzeko euskereraen ofizialtasunaren harian, lege egitasmoaren eskaerea beren programetan sartu deien.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu